Prentsa oharrak
TXOMIN GARCÍA: «GURE PRINTZIPIO ETA BALIOETATIK ABIATUTA, ETA EREDU OMNIKANALAREN BIDEZ, GURE BEZEROENTZAKO BALIOA SORTUKO DUGU»
Batzarrak 2017ko gestioa eta urteko kontuak onetsi ditu: 121,4 milioi euroko irabazia, % 18,14ko CET1 kaudimen-maila eta % 5,09ko berankortasun-tasa
Merkataritza-negozioa, aseguruak merkaturatzea eta pasiboaren dibertsifikazioa izango ditu ardatz 2018ko jarduera komertzialak
2018ko apirilaren 21ean.– LABORAL Kutxak Ohiko Batzar Nagusia egin du gaur, larunbata. Arauz finkatutakoaren arabera, 2017ko ekitaldiko urteko kontuak eta gai-zerrendan proposatutako gainerako gai guztiak onetsi dituzte. Donostiako Kursaal Jauregiko entzunareto nagusian bildu diren euskal kreditu-kooperatibako bazkideek joan den urtean egindako gestioa berretsi dute aho batez. Jarraian, 2018 honetarako zehaztutako jardunbide nagusiak ezagutzeko aukera izan dute.
LABORAL Kutxako zuzendari nagusi Julio Gallastegik iaz lortutako emaitzen meritua nabarmendu du. Izan ere, interes-tasen egoeraren ondorioz ohiko banku-negozioa sortzea zaila izan arren, LABORAL Kutxak 121,4 milioi euroko zerga ondorengo irabazia lortu du; hau da, 2016an baino % 9,1 handiagoa.
Krisian galdutako errentagarritasun-kotak berreskuratzeko helburua nagusitzen den lehia-ingurunean, euskal kreditu-kooperatibak baliabide propioekiko errentagarritasuna (ROE) hobetu eta % 7,53an kokatu du. Gallasteguik entitatearen osasun-egoera ona erakusten duten beste elementu batzuk ere azaldu ditu, hala nola ekitaldiaren amaieran kooperatibak izan duen % 5,09ko berankortasun-tasa txikia, % 78,1eko LTD likidezia-maila handia, eta kaudimenean erakusten duen indar handia, % 18,14ko CET1 nabarmenarekin.
Jardueraren zenbatekoei dagokienez, LABORAL Kutxak ekitaldi ederra itxi du. Baliabide bitartekotuek % 5 egin dute gora, eta balantzetik kanpoko figurek % 10eko hazkundea izan dute. Kreditu-inbertsioari dagokionez, behin betiko joera-aldaketa ikusten da, kreditu-formalizazioetan izan diren hazkunde handiei erreparatuz gero: etxebizitza erosteko hipoteka-kredituek, adibidez, % 10,2 egin dute gora eta merkataritza-helburuetako formalizazioek, berriz, % 12,5.
Etorkizuneko estrategia
Ondoren, Txomin Garcíak, LABORAL Kutxako lehendakariak, hitz egin du. LABORAL Kutxak aurrean dituen erronka estrategiko nagusietako batzuk zerrendatu ditu mandatudun donostiarrak, eta berme osoz gainditzeko gakoak ere azaldu.
Hitzaldian, Garcíak kapital-eskakizunak garestitzen dituen arau-presioaren pean dagoen banku-ingurunea irudikatu du. Ildo beretik, etorkizun hurbilean eragin zuzena izango duten arau berriak ere aipatu ditu; adibidez, datuak babesteko legea, PSD2 zuzentaraua, higiezinetarako kreditu-kontratuak arautzeko lege berria, bai eta arriskuen kontrolerako informazioko txostenak, erakundeek organismo ikuskatzaileei helarazi beharrekoak, hala nola Kapitalaren eta likideziaren autoebaluzio-txostena (IACL) edota arriskurako grinari buruzkoa (RAF eta RAS). Eskakizun horiek guztiak betetzeko egokituko ditu LABORAL Kutxak bere egiturak eta prozesuak.
LABORAL Kutxako lehendakariak digitalizazioaren harira azaldu duenez, «ingurune lehiakorragoan eskari berriei erantzuna emateko goitik beherako eraldaketari heldu behar diogu; izan ere, egoera horretan, teknologiak bezeroarekiko harreman-eredua birdefinitzeaz gain, negozio-eredua bera ere eraldatzen du». Txomin Garcíaren hitzetan, LABORAL Kutxaren erantzuna «omnikanalitatea da; alegia, eredu hibridoaren bidez, bulego fisikoa eta pertsonen eginkizunak estrategia multikanalera egokitzea».
Hiru izango dira, LABORAL Kutxako lehendakariaren ustean, entitatearen datozen urteotako lehentasunak: gestio komertziala, eraldaketa digitala eta pertsonen gestioa. LABORAL Kutxak proiektu estrategiko eraldatzaileak ditu zehaztuta alor horietako bakoitzean. Hitzaldia amaitzeko, Txomin Garcíak etorkizunari begirako konfiantza adierazi du; izan ere, beraren esanetan «gure printzipio eta balio kooperatiboetatik abiatuta, eta eredu omnikanalaren bidez, bezeroentzako balioa sortuko dugu».
2018ko Gestio Plana
Ondoren, Julio Gallasteguik hartu du berriro hitza, 2018rako gestioaren norabidearen berri emateko. Berak adierazi duenez, hiru aldagai garrantzitsuk baldintzatuko dute negozio errepikariaren errentagarritasuna: kredituaren bilakaerak, interes-tasek eta berankortasunak.
Gallasteguik kreditu-inbertsioa pixkanaka hobetuko delako konfiantza adierazi du. Beraren esanetan, kurben atzean ezkutatzen diren interes-tasek 2018an eragin txikia izango duen igoera apala agertzen dute, eta etorkizuneko hazkunde moderatua iragarri. Halere, berankortasunaren alorrean portaera hobea izango delakoan dago.
Salmenta-sarearen jarduera komertzialari dagokionez, honako hauetara zuzendutako ikuspegia adierazten dute 2018ko gidalerroek: merkataritza-negoziora; aseguruen merkaturatzera; eta emaitza-kontua hobetzen eta pasiboa balantzetik kanpoko bitartekotza-figuretara dibertsifikatzen lagunduko duten bestelako zerbitzuetara. Entitateak hori guztia lortzeko aseguru- eta finantza-aditu talde handia duela adierazi du LABORAL Kutxako zuzendariak. Bezeroek ondo baloratzen dituzten profesionalak dira, aholkularitza-eginkizuna betetzeko kalifikazio egokia dutenak.
Digitalizazioaren arloa ere izan du aipagai Julio Gallasteguik. Beraren esanetan, LABORAL Kutxa banka digitalaren etorkizuneko erronkei erantzuteko posizionatzen ari da eta, ildo horretan, bezeroekin elkarrekintzan aritzeko aplikazioak, eragiketa-prozesuak eta business intelligence esaten zaion hori hobetuko ditu entitateak. Hitzaldia amaitzeko, zuzendari nagusiak lehendakariaren mezu positiboa berretsi du, «erakundeko pertsonei esker, eraldaketa digitaleko prozesu hori guztia arrakastaz lortuko» duten konfiantza adieraziz.