Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

EAEko familiek eszeptizismoa berretsi dute

 

2026ko bigarren hiruhilekoan, EAEko familien konfiantza-indizea (-9) aurreko bi hiruhilekoetan erregistratutakoaren antzekoa izan da (-9 eta -8, hurrenez hurren, 2025eko laugarren hiruhilekoan eta 2026ko lehenengoan). EAEko familien artean, eszeptizismoa baieztatu da, azken urteetako ziurgabetasunak baldintzatuta; horri, gainera, Iraneko gerrak sortutako ezegonkortasuna gehitu behar zaio (gatazka horren amaiera-datak jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren igurikimenak baldintzatuko ditu). Eszeptizismo horrek, gainera, eguneroko eta gizartean garrantzitsuak diren faktoreen (osasuna, etxebizitza) narriaduraren pertzepzioa islatzen du, baita gizarte-egituraren sinesgarritasunarena ere (barne-politika, prozesu judizialak).

 

 

Zein da beren inguruneari dagokionez EAEko familiek duten iritzia?

  • 2026ko lehen eta bigarren hiruhilekoen artean izandako bilakaerak erakusten du Estatuko familiak (-6) eta EAEkoak (-9) eszeptizismo-egoeran sartuta daudela; aldiz, Danimarkako (-14), EB-27ko (-19), Frantziako (-21), Alemaniako (-19) eta Herbehereetako (-23) familiak argi eta garbi ezkorrak dira, eta, gainera, 2020ko emaitzarik txarrenetara hurbiltzen ari dira. Europako familiak itota daude hobetu beharrean okerrera doan egoera baten aurrean, eta haien itxaropenak zeharo baldintzatuta daude, ongizate-estatua makalduko dela aurreikusten baitute.

Nola eraiki daiteke EAEko familien konfiantza eta haren bilakaera?

  • Familien konfiantza apalduta dago oraindik. Alde batetik, ekonomia orokorraren martxari buruzko aurreikuspen ezkorrak daude (-26); aurreikuspen horiek, egia esan, ez datoz bat ekonomia-hazkundearen eta enpleguaren norabidearekin, azken horiek nabarmen positiboak baitira. Bestetik, etxeko ekonomiaren bilakaerari buruzko aurreikuspenek ere eragiten dute (-11). Balantze negatibo horren aurrean, EAEko familiak ia baikorrak dira langabeziari dagokionez (-2) eta aurrezteko gaitasuna berretsi dute (+4); bi adierazle horiek dira konfiantza orekatu eta igo dutenak, nahiz eta balio positiboetara itzultzea lortu ez.
  • Igurikimen horiek lan-merkatu sendoaren testuinguruan eraiki dira: EAEko afiliazioa inoizko mailarik altuenean dago (1.042.680 afiliazio maiatzean, duela urtebete baino 13.531 gehiago), eta erregistratutako langabezia-tasak jaisten jarraitzen du (103.733 pertsona maiatzean; hau da, azken 17 urteetako daturik onena). Gainera, EAEko BPGa modu iraunkorrean hazi da % 2tik gora azken bost hiruhilekoetan. Hala ere, eszenatokiaren “itzala” inflazioa da (KPI orokorra +% 3,2 EAEn apirilean), eta oraindik ez du lortu % 2ko tasara itzultzea.

Nola eragiten du konfiantzak familiaren gastuan eta inbertsioan?

  • Erosketa-unearekin lotutako balorazioa (-21) oraindik ere negatiboa da. Aldiz, erosketak egitearekin lotutako igurikimen-indizea positiboa da (+1), eta etxebizitza eta ibilgailua erosteko asmoa antzeko mailatan mantendu da (familien % 1,4k eta % 5,6k aipatu dute erosteko asmoa). Igurikimenak bat datoz EAEko etxebizitzen salerosketan dinamismoarekin (6.748 eragiketa lehen hiruhilekoan; -% 0,2), eta ibilgailu berrien salmenta handitu izanarekin (+% 4,2; 9.252 ibilgailu, urtarrila-apirileko datu metatuan).
  • Azkenik, aipatu behar da EAEko familiak benetan ezkorrak (-28) direla prezioen bilakaerarekiko (faktore horren eragina handia izaten da familietan). Horrek agerian uzten du kostuen igoera kontsumitzaileari bizkor bideratzen zaion pertzepzioa (adibidez, petrolioaren prezioa) eta, batez ere, eguneroko produktuen prezioen etengabeko igoera gertatu izanaren iritzia (prezioek beherakada izate dutenean, ordea, ez da berdin hautematen).

Laburbilduz: 2026ko lehen seihilekoan, EAEko familien artean, eszeptizismoa baieztatu da, ziurgabetasun geopolitiko areagotuak baldintzatuta, eta horri barneko arazo sozialak gehitzen zaizkio. Hain zuzen ere, Europako familien kasuan ere faktore horiek berak azaltzen dira. Hala ere, konfiantzaren hondatze hori lan-merkatu eta testuinguru ekonomiko positibo eta erresilientearekin batera gertatu da, eta inflazioak izandako bilakaera gehien baldintzatu duen faktorea izan da. EAEko familiek eszeptizismoaren barruan egingo diote aurre udari, baina ezkortasunean sartzetik oso gertu daude. Hain zuzen ere, joera ziurgabetasuna eta inflazioa kontrolpean izatearen eta lasaitasun politikoaren mende egongo da.