Prentsa oharrak
EAEko familiek eszeptizismoa berretsi dute
EAEko familien konfiantza (-9) ia egonkor dago aurreko hiruhilekoekiko (-9 eta -8 urteko lehen eta bigarren hiruhilekoetan, hurrenez hurren), eta mesfidantza-egoera moderatua finkatu da. Emaitza hori familiaz kanpoko faktoreek baldintzatzen dute. Horien artean, besteak beste, nazioarteko ziurgabetasun politiko eta ekonomikoa nabarmentzen da, gerra-gatazken eta muga-zergen politiken ondorioz sortua. Izan ere, horiek guztiek eragin zuzena dute prezioen bilakaeran eta inflazioaren igurikimenetan.
Zein da beren inguruneari dagokionez EAEko familiek duten iritzia?
- Urteko hirugarren hiruhilekoan, EAEko familiek aurreko garaietan izandako mesfidantza-mailaren antzekoa dute. Hala ere, Europako (-15), Danimarkako (-10), Alemaniako (-13), Frantziako (-17) eta Herbehereetako (-16) familiek baino ezkortasun-maila txikiagoa (-9) izaten jarraitzen dute. Nazioarteko ziurgabetasun-testuinguru partekatuari gizarte bakoitzaren zailtasun eta egoera espezifikoak gehitzen zaizkio.
Nola eraiki daiteke EAEko familien konfiantza eta zein izan da haren bilakaera?
- EAEko familien konfiantza langabeziaren bilakaerari buruzko igurikimen positiboetan (+4) eta aurrezteko ahalmenaren balorazioan (+3) oinarritzen da. Hala ere, familiako ekonomiaren bilakaerarekin lotutako mesfidantza handitu egin da (-11) eta, bereziki, ekonomia orokorrarekikoa (-26); azken faktore horrek biltzen du eszeptizismo-maila handiena.
- EAEko familien konfiantza-adierazlea osatzen duten lau faktoreak aurreko hiruhilekoan erregistratutakoen oso antzeko mailatan daude. Egonkortasun horrek azaltzen du 2026ko hirugarren hiruhilekoan konfiantzak aldaketarik gabe jarraitzea, nahiz eta oraindik eszeptizismoak markatutako egoeran egon.
- Mesfidantza hori ez dator bat adierazle makroekonomikoen bilakaerarekin; izan ere, lehen seihilekoa EAEko ekonomiaren % 2ko hazkundearekin eta Gizarte Segurantzan milioi bat kotizatzaile baino gehiagorekin amaitu zen. Hala ere, ziurgabetasuneko elementuekin lotuta dago, besteak beste, prezioen bilakaerarekin eta inflazioaren kontrolarekin (abuztuko KPI orokorra: +% 4,5 EAEn).
Nola eragiten du konfiantzak familien gastuan eta inbertsioan?
- EAEko familiek hurrengo hamabi hilabeteotan prezioek berriro ere gora egingo dutela aurrez ikusten dute (-8). Hala ere, egungo unea erosketak egiteko egokiagoa dela uste dute (+5), eta erosketa handiak egiteko igurikimenak ere hobetu egin dira (+3). Horri guztiari esker, kontsumoarekin lotutako konfiantzaren bilakaera hobea izan da.
- Etxebizitza erosteko asmoa mugatua da, eta familien % 1,4k baino ez du aukera hori aipatzen. Egoera hori salerosketa-eragiketen beherakadan islatzen da (urte arteko -% 5,1eko tasa bigarren hiruhilekoan). Bestalde, ibilgailu bat erosteko asmoa egonkor mantendu da (familien % 5,4k aipatu du), eta, testuinguru horretan, ibilgailu berrien matrikulazioek % 2,0ko urte arteko hazkundea izan dute abuztura arte metatutako datuetan.
Laburbilduz, 2026ko lehen hiru hiruhilekoetan, familien konfiantzak eszeptizismo-egoeran jarraitzen du, nazioarteko ezegonkortasun geopolitikoak eta barneko ziurgabetasun ekonomiko eta sozialeko faktoreek baldintzatuta. Familiek konfiantza handiagoa izaten jarraitzen dute pertzepzio zuzenagoa duten esparruetan (enpleguaren bilakaera eta aurrezteko gaitasuna), eta, aldi berean, familiako egoera ekonomikoaren balorazio negatiboagoa mantentzen dute, prezioen bilakaerak oso baldintzatuta. Horrela, EAEko familiek eszeptizismoan murgilduta egingo diote aurre urtearen amaierari, ezkortasunaren mugatik gertu, eta inflazioaren moderazioaren eta egonkortasun ekonomiko eta politiko handiagoaren mende egongo da datozen hilabeteetako bilakaera.

