Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

LANKIDETZA HITZARMENA SINATU DUTE LABORAL KUTXAK ETA FIARE BANCA ETICAK

 

Esparru-akordio bat izenpetu dute bi erakundeek, partekatzen dituzten balioak oinarri hartuta lankidetzari ekiteko

 

Arrasate, 2017ko ekainaren 14a.–Esparru-hitzarmen bat izenpetu dute Fiare Banca Eticak (Espainiako Banca Eticaren bulegoak) eta LABORAL Kutxak, lankidetzari ekiteko partekatzen dituzten balioak oinarri hartuta, hau da, kooperatibismoa eta kreditua baliatzea herritarren zerbitzurako ekonomia erreala garatzeko tresna gisara. Bi erakundeon iritziz, bada “banka egiteko” beste modu bat: elkarlanean jardutea eta herritar kontzientziatuen sareak sortzea, ekonomia soziala garatzeko.

Bisitari izan da LABORAL Kutxaren egoitza nagusian, Arrasaten, BpEren ordezkaritza bat, Ugo Biggeri presidentea buru zuela, eta han sinatu dute hitzarmena, bi erakundeen arteko loturaren berresgarri. 2005ean hasi zen bien arteko harremana, Fiare proiektua sortu zenean, alegia. Banka etikoari buruz Fiarek duen ikuspegia eta LABORAL Kutxaren banka komertzial, kooperatibo eta arduratsuari buruzkoa aldarrikatu dituzte bi erakundeek, eta bat datozela azpimarratu.

 Ugo Biggeri eta Txomin García

Fiare Banca Eticaren eta LABORAL Kutxaren arteko hitzarmenak aurreikusten duenez, zabalik dago etorkizunean bi erakundeen arteko lankidetza operatiboko zenbait bide jorratzeko aukera. Gaur egun, merkeago atera dezakete eskudirua LABORAL Kutxako kutxazainetan Fiare Banca Eticako bezeroek, eta elkarlanean jarduteko beste produktu eta zerbitzu batzuk aztertzen ari dira bi erakundeak; besteak beste, ekintzailetza sustatzeko proiektuak bultzatzea, Gaztenpresaz eta antzeko egiturez baliatuta. Aztertzen ari dira, halaber, beste aukera hau: Fiare Banca Etica kooperatibako bazkideek LABORAL Kutxako bulegoak erabiltzea eragiketa gehiago egiteko.

Finantzaketari dagokionez, hitzarmenak dio baterako eragiketak egin ditzaketela bi erakundeek, betiere bien interesak bateragarriak diren proiektuetan. Ekintzailetza sustatzea izango dute berariazko helburu baterako finantzaketa horiek, barne direla Gaztenpresa Fundazioaren aholkularitza- eta laguntza-zerbitzuak.

Fiare Banca Etica

Banku etikoa eta kooperatiboa da Fiare Banca Etica (www.fiarebancaetica.coop), eta Espainian eta Italian jarduten du. Printzipio berak oinarri dituzten jende eta erakunde askoren konpromisoaren emaitza da erakunde hori: finantza etikoak, gardentasuna, partaidetza, neurritasuna, eraginkortasuna eta jarduera ekonomikoen ondorio ez-ekonomikoekiko ardura. Egun, 40.299 bazkide ditu, eta 1.010.436.698 euroko proiektuak finantzatu ditu Espainian eta Italian.