Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

LABORALnext, ETE-EI EUROPAKO FUNTSEZ BALIATZEN LAGUNTZEKO TRESNA BERRIA

  • LABORAL Kutxak Bulego tekniko bat sortu du, Europako Next Generation EU funtsak nola eskuratu aholkatzeko ETE-ei

  • COVID-19aren kalte ekonomiko eta sozialei aurre egiteko aldi baterako berreskuratze-tresna bat da Next Generation EU, 750.000 milioi euroz hornitua

  • Zenbait kalkuluren arabera, Espainiako Estatuan 140.000 milioi eurokoa izango da inbertsioa, zueneko dirulaguntzak eta itzuli beharrekoak batuta

  • Online simulatzaile bat ere plazaratu du LABORAL Kutxak, autonomo eta enpresentzako zuzeneko laguntzak kalkulatzeko

2021eko ekainak 21.– Aholkularitza espezializatuko LABORALnext unitatea sortu du LABORAL Kutxak, enpresei Europako Next Generation EU funtsak (NGEU) eskuratzen laguntzeko. MONDRAGON kooperatiba-taldeko enpresentzako banka-zerbitzu berriak aholkuak emango dizkie ETE-ei, haien proiektuak berreskuratze-funtsen helburuekin bat datozen jakin dezaten, eta, hala badagokie, laguntza teknikoa emango die proiektuak prestatu eta aurkez ditzaten, aurreikusitako deialdien baldintzei jarraikiz.

Aldi baterako eta ohiz kanpoko suspertze-tresna bat onartu zuen Europako Kontseiluak: Next Generation EU. Erabaki horren bidez, baimena eman zitzaion Europako Batzordeari EBren izenean 750.000 milioi eurorainoko zorra jaulki zezan aurtengo lehen hiruhilekotik 2023ko amaierara arte (gutxienez). Ondoren, lehiaketa publikoen, dirulaguntzen eta laguntzen deialdiak argitaratuko dituzte administrazioek, lagungarri izan daitezen planaren helburuak lortzeko (trantsizio ekologikoa eta digitala, lurralde- eta gizarte-kohesioa, eta genero-berdintasuna).

Espainiako estatuan, Next Generation funtsek 70.000 milioi euroko zuzeneko inbertsioa ekarriko dute, dirulaguntzen bidez, eta 140.000 milioikoa, itzuli beharreko laguntzak ere eskuratzen badira. Lehiaketa-prozeduraren bidez esleituko dira laguntzak, eta aurreikusten da 250.000 eta 500.000 milioi euro bitarteko zenbatekoa mobilizatuko dituztela, inbertsio publikoa eta pribatua, baliabide propioak eta bankaren finantzaketa batuta.

Merkataritzako negozio-unitate hori martxan jartzeko, AFIren eta LKSren laguntza izango du LABORAL Kutxak. LABORALnexten bulego teknikoa antolatzen lagundu dute bi enpresa horiek, eta zerbitzua behar bezala emateko ere funtsezko euskarria izango dira.

Honenbestez, berretsi egiten du LABORAL Kutxak enpresa-alorreko bezeroekin lankidetza estuari eusteko asmoa, eta NGEUaren araberako inbertsioak kudeatzen laguntzeko eragile izatekoa.

LABORAL Kutxak enpresa-arlorako proiektu estrategiko maila eman dio LABORALnexti, Europako funtsak egokiro kudeatzeak izugarrizko garrantzia izango baitu euskal enpresen eta oro har ekonomiaren etorkizunean. Ikuspegi komertzialetik aztertuta, berriz, negozio-aukera esanguratsuak aurreikusten dira: epe luzeko finantzaketa, dirulaguntzak aurreratzea, organismo publikoetarako abalak…, baita etxebizitzen birgaitzea ere.

 

Hiru etapako ibilbidea

Elkarren segidako hiru fase hauetan emango die zerbitzua enpresei LABORALnextek:

  1. Plataforma digital adimenduna: laguntzei eta deialdiei buruzko informazio guztia jasotzen du. Plataforma digitalera harpidetzen diren enpresek aukera izango dute beren jarduerara ondoen egokitzen den inbertsio-lerroa hautatzeko. Gainera, funts, dirulaguntza eta lizitazioei buruz argitaratzen den informazio guztia jasoko dute, eguneratuta. Automatikoki iritsiko zaie informazio hori —alerta eta newsletter gisa— harpidetzen diren bezeroei. Bestalde, laburpen-fitxategi bat izango dute deialdi guztiek, eta analista baten iritzi kualifikatua, enpresei deialdira aurkeztu ala ez erabakitzen laguntzeko.

 

  1. Proiektua hautatzea: inbertsio-proiektu zehatzak aurkeztea erabakitzen duten enpresek LK Next bulego teknikoaren aholkularitza jaso dezakete, beren proiektuak hautagarriak diren ala ez jakiteko, NGEU funtsen helburu partikularrak aintzat hartuta. ETE-ek ere aholkularitza pertsonalizatua jasoko dute gai honetaz: aurkezten diren proiektuetatik, zein diren arrakasta izateko aukera handiena dutenak.

 

  1. Proiektuak aurkeztea: aurreko faseak gainditu eta esku artean inbertsio-proiektu egingarri bat duten enpresek LABORALnexten aholkularitza jasotzeko aukera dute, beren proiektuak dagokion administrazioan aurkezteko. Lehiaketa-prozeduraz banatuko dira laguntzak; hori dela eta, berebiziko garrantzia du proiektuaren dokumentazioa prestatzeko eta aurkezteko faseak, areagotu egin baititzake laguntzak jasotzeko aukerak.

 

COVID-19a dela eta jaso beharreko laguntzak kalkulatzeko simulatzaile berria

Horrez gain, online simulatzaile berri bat ere jarri du martxan LABORAL Kutxak, zenbateko zuzeneko laguntzak dagozkien kalkula dezaten enpresek eta autonomoek, koronabirusak eragindako galera ekonomikoak jasan dituztenek.

Gobernuak 7.000 milioi euroko zenbatekoa erabiliko du diru-sarreren jaitsiera % 30etik gorakoa izan duten autonomoei eta sozietateei  zuzeneko laguntzak emateko. Autonomo bakoitzari 4.000 euro emango zaizkio gehienez ere, eta sozietateei, berriz, 4.000 eta 20.000 euro bitarteko zenbatekoa.

Autonomia-erkidego bakoitzak laguntzak banatzeko deialdiak eta esleipenak egin bitartean, online simulatzaileak informazio oso baliagarria ematen die eskatzaileei, hautatuak izateko aukerez eta dagozkien gutxieneko zenbatekoez. Aski da, horretarako, datu xume batzuk sartzea webgune berrian.