Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak Sariak

LABORAL KUTXAREN GAZTENPRESA FUNDAZIOAK 146 ENPRESA ERATZEN LAGUNDU DU, 2014KO LEHEN LAU HILETAN

  • Eratutako enpresen kopurua % 147ko hazi da, 2013ko epealdia berarekin alderatuz gero
  • Enpleguari dagokionez, 263 lanpostu berri sortu dira
  • Gaztenpresak Europako aitorpena lortu du Giordano Dell’Amore Fundazioaren “Microfinance Good Practices Europe Award” sarietan

 

Laboral Kutxaren Gaztenpresa Fundazioak lehen lauhilekoaren balantzea egin du.

Urteko lehen lau hiletan, gazte-enplegua sortzen espezializaturiko Fundazioak 146 enpresa sortzen lagundu du, hau da, 2013ko epealdi berean baino 87 gehiago. Beraz, % 147 hazi da sortutako enpresen kopurua. Zuzeneko enpleguari dagokionez, Gaztenpresaren jarduerari esker, EAE eta Nafarroako lan-merkatuan 263 lagun gehiago ari dira lanean.

Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan langabezia-tasa % 15ekoa da, eta gazteen artean % 30ekoa. Hori horrela, ekintzailetzak eta Gaztenpresak egindako lanak berebiziko garrantzia dute. Urtarrilaren 1etik apirilaren 30era bitartean lortu diren zifrak 2013koak baino askoz hobeak dira. Adibidez, lehen 4 hiletan aurkeztu diren eskabideak 732 dira, iaz baino % 68 gehiago, izan ere 2013an 436 eskabide erregistratu ziren epealdi berean.

Fundazioak eskaintzen duen balio bereizgarrietako bat proiektuen gaineko aholkularitza da, Bultz-Lan Consulting-en bidez ematen dena. Azpimarratzekoa da, besteak beste, bideragarritasun-planak egiterakoan zorrotz jokatzen dela. Ondorioz, bost proposamenetik bat ez da gauzatzen, baina aitzitik sortzen diren enpresetan iraute-tasa % 80koa da bost urte igarotakoan.

Finantzaketa ere elementu garrantzitsu da enpresa sortzeko prozesuan. Inbertsioaren batez besteko zenbatekoa 52.000 eurokoa da. Horietatik 38.000 euro banku-maileguen bidez estaltzen dira, lauhilekoan negoziaturiko 3,3 milioi euroko guztizko bolumen agregatua lortu arte; 2013ko epealdi berean, berriz, 1,1 milioi mailegatu ziren.Atal horretan, azpimarratzekoa da Europako Finantza Fondoarekin sinaturiko hitzarmena. Horren “Progress Mikrofinantzaketako” programaren bitartez, datozen bi urteetan gazteen enplegua finantzatzeko 24 milioi euroko lerroa izango du eta.

Ekintzailetzako ziklo osoa

Gaztenpresaren proposamenak honako hauek ditu barne: aholkularitza, gaikuntza eta laguntza, bai enpresa abian jartzerakoan, bai enpresa sendotzeko epealdian. Horrela, Gaztenpresak ekintzailetzako ziklo osoa estaltzen du: ideia, bideragarritasun-plana, finantzaketa bilatzea, izapide administratiboak, abian jartzea eta proiektua sendotzea.

Gainera, Gaztenpresak ekintzaileen online sare batean parte hartzeko aukera ematen du, buruan proiektu bat dutenak eta dagoeneko ideia gauzatu dutenak harremanetan jartzeko. Esperientzia partekatzea eta informazio erabilgarria trukatzea da helburua.

Gaztenpresara jotzen duten ekintzaileen profila hau da: 38 urte inguruko gizonezko eta emakumezkoak, gehienak unibertsitate-ikasketarik gabekoak. Enpresa-jarduerari dagokionez, askotariko proposamenak daude: osasuna, turismoa, ostalaritza, diseinua, etab.

Europaren aitortza

Gaztenpresak lidergo-posizioa du ekintzailetzaren alorrean, eta bere jardueraren lurralde-eremutik kanpo ere eragina du. Joan zen martxoan, Giordano Dell’Amore Fundazio entzutetsuaren “Microfinance Good Practices Europe Award” sariko finalistak ezagutzera eman zituzten. Sarien Batzorde Zientifikoak Gaztenpresa saritu zuen “aipamen berezi” batekin, hainbat eragileren arteko aliantzaren bitartez negozio ekintzaileei laguntzeko erabilitako mekanismo berritzailea dela medio.

Gaztenpresari buruz

Gaztenpresa Laboral Kutxak gizarte-lanaren alorrean abian jarritako ekimena da, eta enplegua sustatzea eta ekintzaileei Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan enpresak sortzen laguntzea du helburu. 1994an sortu zenetik, 3.000 enpresa berri eta 6.000 lanpostu baino gehiago sortzen lagundu du.

Arrasaten, 2014ko maiatzaren 29an.