Menu

Laboral  Kutxa  Prentsa  aretoa

Prentsa oharrak

LABORAL Kutxak Twitter eta Facebook gehitu ditu bezeroaren arretarako kanaletara

Entitatearen sare sozialak bezeroekiko zuzeneko komunikabide izango dira, harreman hurbilagoa, zuzenagoa eta eraginkorragoa eskaintze aldera

  • Bezeroak zuzenean informazio gehien eta hoberena duten lankideekin harremanetan jartzea da zerbitzua zabaltzearen helburua.
  • Arretarako ordutegi berria: astelehenetik ostiralera 8:00etatik 22:00etara, eta larunbatetan 15:00ak arte.

2015eko ekainaren 22a. LABORAL Kutxak bat egin du komunikazio-estrategia berriekin eta Twitter eta Facebook gehitu ditu bezeroen arretarako kanaletara, internautek gero eta gehiago eskatzen duten zerbitzua baita. Entitateak egun dituen Twitter (@LABORALkutxa) eta Facebook kontuetatik erantzungo dizkie bezeroen zalantza, galdera eta iradokizun guztiei, telefonoz, posta elektronikoz edo sukurtsalean bertan egiten duen modu berean.

Bezeroaren Arretarako sistema berriaren helburua Entitateko profesionalekiko zuzeneko komunikazioa eskaintzea da, eta ildo horretan erabiltzaileen zalantzei berehala eta eraginkortasunez erantzutea, sukurtsalean daudenean gestore pertsonalarekin aritzen diren konfiantza berberarekin.

Bezero guztiengana iriste aldera, kreditu-kooperatibako taldeak honako ordutegi honetan jasotako kontsulta guztiei erantzungo die: astelehenetik ostiralera 8:00etatik 22:00etara eta larunbatetan 15:00ak arte. Ordutegi horretatik kanpo egindako kontsultei hurrengo lanaldian erantzungo zaie.

Sare sozialetan zerbitzua hobetzen

Sare sozialei buruzko azterketa garrantzitsuena den IABren arabera, internauten % 82 erabiltzaileak dira, eta badirudi 2016an ere sareon erabilerak gora egiten jarraituko duela. Horregatik, LABORAL Kutxak bere komunikazio-kanalak hobetzen dihardu, eta Twitter bidezko arreta hobetzeko modu berritzailea garatzen ari da, Tweet2Call txertatuta. Sistema horri esker, elkarrizketa telefono-dei bilaka daiteke automatikoki egoerak hala eskatzen badu eta bezeroak Online Bankan sartzeko gakoak baldin baditu. Konponbide gardena, inongo kosturik ez duena, itxaron beharrik gabe eta Telebankako erabiltzaileek egiten duten moduan.

Facebookeko profilak eta bloga ere bezeroaren arretara bideratuta egongo dira. Entitateak fitxa berezia jarriko du Facebookeko kanalean, bertan edozein kritika, iradokizun edo eskaera idazteko. Eta “Bada beste modu bat” blogaren kasuan, inprimaki berezia jarriko du, batetik edukiei buruzko mezu orokorrak eta bestetik edozein jarduera eremuri buruzko galderak bereiziko dituena.

LABORAL Kutxak kanal-aniztasunaren aldeko apustua egiten du

LABORAL Kutxak, bezeroekiko harreman zuzenagoa eta hurbilagoa lortzeko plataforma berriek eskaintzen dituzten aukerak hartu ditu kontuan, jendearen eskaerei erantzuteko lagungarri izango direlakoan.