Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

LABORAL KUTXAK ETA ELKARGIK INDARTU EGIN DUTE ETE-EKIN DUTEN KONPROMISOA, HAIENTZAKO FINANTZA BALDINTZAK HOBETUZ

 

 

  • Bi erakundeek hitzartutako hitzarmenak finkaturikoaren arabera, Euriborra + % 1eko interes-tasa ezarriko zaie ELKARGIren abala duten eragiketei

 

  • Euskal kreditu-kooperatibak enpresen segmentuan duen kokapena hobetzeko helburu estrategikoaren barruan kokatzen da ekimena, eta horri ELKARGIk eskaintzen duen bermearen balioa gehitu behar zaio

 

 

Arrasate, 2016ko otsailaren 18a. LABORAL Kutxak eta ELKARGIk hobetu egin dute elkarren arteko aliantza. Bi erakundeek –biak ala biak liderrak dira Euskadin euren segmentuan, bata Estatuko lehen kreditu-kooperatiba da eta bestea elkarrekiko berme-elkarte nagusia– indartu egin dute euskal ETE-ekin duten konpromisoa, euren arteko finantza-hitzarmena berrituz.

Akordioa gaur, ostegunean, sinatu dute Josu Arraiza LABORAL Kutxaren Enpresen Areako zuzendariak eta Marco Pineda ELKARGIko zuzendari nagusiak. Horren arabera, Elkargiren bermea duten eragiketek honako finantza-baldintza hauek izango dituzte: 6 hilabeterako Euriborra gehi % 1eko interes-tasa eta edozein inbertsio mota izatea baldintza horien xede.

Josu Arraizaren hitzetan, “gaur sinatutako akordioaren bidez, LABORAL Kutxak berretsi egin du enpresen segmentuan sartzeko helburu estrategikoa, eta horren lekuko dira 2015eko ekitaldian segmentu horretan lortutako emaitzak”. Izan ere, finantza-kooperatibaren 2015eko balantzeak % 1eko hazkundea izan du inbertsiorako finantzaketaren saldo garbietan. Hazkunde hori ezohikoa da azken ekitaldietan, eta horretan zerikusia izan du mailegu eta leasing-eragiketen formalizazio berriek aurreko ekitaldiaren aldean izan duten % 31ko igoerak.

Marco Pinedak ELKARGIren ekarpena azpimarratu du; izan ere, horri esker, “enpresak merkatuko interes-tasarik lehiakorrenetan finantzatu ahal dira, eta, horrela, bete egin dugu enpresa ertain zein txikien eta autonomoen finantza-egitura eta -baldintzak etengabe hobetzeko helburua”. Hala, gaur egun, bi erakundeek ia 160 milioi euroko zenbateko formalizatuta dute indarrean euskal produkzio-sareko 650etik gora enpresarekin.

Bi erakundeak prest agertu dira aurrera begira elkarlanean jarraitzeko, merkatuaren eskakizunei erantzungo dieten finantza-aukera eta -irtenbide berrien bila.