Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

LABORAL KUTXAK 154 MILIOI EURO IRABAZI DITU 2026KO LEHEN SEIHILEKOAN

 

  • LABORAL Kutxaren negozio-bolumena % 8,1 hazi da, 53.720 milioira arte; jarduera-eremu guztietan hazkunde sendoa izan duela berresten du horrek

  • Kaudimenaren alorrean, sektoreko aurreneko posizioetan jarraitzen du LABORAL Kutxak: % 24,58ko CET1 ratioa du

  • Inbertsio-funtsen ondareak 1.683 milioiko hazkundea izan du; beraz, urtetik urterako hazkundea % 23,45ekoa izan da

  • Enpresei bideratutako kreditu biziaren stocka % 7,1 handitu da, 3.568 milioi eurora arte

  • Hipoteka-formalizazioen bolumenak % 11,1 egin du gora, eta kontsumorako kredituenak % 10,4

  • LABORAL Kutxako plantillan 227 pertsona berri sartu dira 2025eko ekainetik

 

 

2026ko abuztuaren 3a.–Lehen seihileko honetako ekonomiaren bilakaerak hazkunde positiboa izan du LABORAL Kutxaren eremu geografiko nagusietako jardueretan. Halere, ingurunea azken urteetakoa baino nabarmen exijenteagoa da, eta hiru elementuk baldintzatu dute analisia. Lehenik, euroguneak trakzio mugatua erakusten jarraitzen du, bereziki Alemanian eta Frantzian. Bigarrenik, inflazioa gorantz berrikusi da, energiaren eraginagatik eta prezioen osagai batzuen jarraitutasunagatik. Eta, hirugarrenik, diru-politikak ez du jada orain hilabete batzuk espero zen arintze-efektu bera eskaintzen.

Europako Banku Zentralak joan den ekainean iragarritako aurreikuspenek berretsi egin dute irakurketa hori, zeinak ziurgabetasun-egoera bat iruzkintzen baitzuen, «inflazioak gora eta hazkunde ekonomikoak behera egiteko arriskuak» zirela medio. Ondorioz, epe ertainean inflazioa % 2an egonkortzeko helburua lortze aldera, hiru tasa ofizialak oinarrizko 25 puntu igotzea erabaki zuen erakunde europarraren Gobernu Kontseiluak. Gordailutze-erraztasunari, finantzaketa-eragiketa nagusiei eta kreditu-erraztasun marjinalari aplikatu beharreko interes-tasak handitu egin ziren, % 2,25era, % 2,40ra eta % 2,65era, hurrenez hurren, eta horrelaxe mantendu dira, uztailean egin berri den bileraren ondoren.

Testuinguru horretan, LABORAL Kutxaren irabazi garbia hazi egin da, eta 154,5 milioi eurora iritsi, 2026ko lehen seihilekoan; hau da, % 6,2ko hazkundea izan du aurreko urteko aldi berarekin alderatuta, eta % 12,55eko ROEa. Emaitza horiek lortzeko, LABORAL Kutxak irmoki bultzatu du bere bezeroekin, familiekin eta enpresekin duen negozioa, eta dibertsifikazio handiagoa lortu du, baita hazkunde orokor sendoa ere, arlo guztietan. Ondorioz, kreditu-kooperatibaren negozio-bolumen osoa (balantzeko pasiboa eta aktiboa, eta gainerako baliabide bitartekotuak biltzen dituena) % 8,1 hazi da, 53.720 milioi eurora arte.

Era berean, sendotasuna erakusten jarraitzen dute entitatearen balantzearen kalitatea zehazten duten finantza-adierazle nagusiek. LTD likideziak % 68,51ko ratioa du, berankortasun-tasa % 1,87ra jaitsi da, eta entitatearen kaudimena sektoreko aurreneko posizioen artean dago: lehen kategoriako kapitalaren CET1 ratioaren portzentajea % 24,58koa izan da.

 

Emaitza-kontua

Seihilekoko emaitzetan, eragin oso handia izaten jarraitzen du ohiko banku-negozioaren bilakaerak. Kreditu-zorrotik datozen diru-sarreren eta pasiboko kostuen arteko diferentzia da MONDRAGONeko kreditu-kooperatibaren diru-sarreren iturri nagusia.

Interesen marjina 285,9 milioi eurokoa izan da, 2025eko lehen seihilekoan lortutakoa baino % 3,2 txikiagoa, aktiboen interesek eta etekinek ekarpen txikiagoa egin dutelako; izan ere, horiek oraindik ez dute jaso joan den martxotik aurrera izandako tasen igoera.

Ordainbideekin lotutako diru-sarrerek urtetik urterako % 2ko hazkundea izan dute, eta inbertsio-zerbitzuen komisioen sarrerek urtetik urterako % 13ko aldakuntza. Horiei esker, komisioetatik salbuesteko programa globalaren eragina konpentsatzea lortu da; 2025eko bigarren seihilekotik aurrera aktibatu zen programa hori. Orotara, komisio garbiak 73 milioi eurokoak izan dira, % 4,8ko hazkundea izan ondoren.

Horrekin guztiarekin, entitatearen marjina gordina % 1 handitu da, 368,8 milioi eurora, aseguruen negozioak ekarpen handiagoa egin duelako eta finantza-eragiketen bilakaera konparazioz positiboa izan delako.

Administrazio-gastuak % 10 hazi dira urtetik urtera, 165 milioi eurora arte. Alde batetik, pertsonal-gastuek % 8,8ko hazkundea izan dute, LABORAL Kutxak enplegua sortzeko hartutako konpromisoaren ondorioz. Hain zuzen ere, azken 12 hilabeteetan 227 langile berri sartu dira guztira. Bestalde, entitatea Eraldatzeko Plan Estrategikora bideratutako baliabideak % 11,4 hazi dira, garatzen ari diren proiektuen garrantzi handiagatik.

Entitatearen kreditu-zorroaren kalitateak argi eta garbi erakusten du estaldura-behar txikiagoa duela; beraz, horniduretarako, saneamenduetarako eta bestelako narriaduretarako zuzkidurak 5,8 milioi eurokoak izan dira —29,8 milioi eurokoak izan ziren 2025eko lehen seihilekoan—.

Ondorioz, seihilekoko emaitza gordina 181,6 milioi eurokoa izan da, % 6,6 handiagoa. Eta, zerga-ekarpenari dagozkion 27,1 milioi euroak deskontatu ondoren, gizarte-ekintzako funtsetarako zuzkiduraren aurreko irabazi bateratua 154,5 milioi eurokoa izan da, 2025eko lehen seihilekoan erregistratutakoa baino % 6,2 handiagoa. Horrela, berretsi egin da interes-tasa aldakorreko ingurune honetan negozioak duen hazkunde-ibilbide sendoa.

 

Berankortasuna beherantz

LABORAL Kutxak lehenesten jarraitzen du epe luzerako negozioaren jasangarritasuna eta arriskuaren kudeaketari aplikatutako ingurunearen ezagutza egokia. Horrek berankortasun-tasaren jaitsiera organikoa ekarri du, zalantzazko zorroak saltzera jo beharrik gabe. Berankortasuna, urtetik urtera oinarrizko 45 puntu jaitsi ostean, % 1,87an kokatu da; estaldura-tasa, berriz, % 112,64an.

Kreditu berankorren proportzio txiki hori oso positiboa da Estatuko banku-sektoreko batez bestekoarekin alderatzen badugu: % 2,49koa da, maiatzaren amaieran argitaratutako azken datuaren arabera.

 

Kaudimen- eta likidezia-maila nabarmenak

Erakundearen kaudimen-mailak % 24,58ko CET1 kapital-ratioa du, baina oraindik ez du barne hartzen lehen seihileko honetan sortutako emaitza. Hori horrela, LABORAL Kutxa sektoreko aurreneko posizioetan kokatu da berriz ere.

Likidezia-metrikei dagokienez, gordailuen gaineko kredituen LTD (Loans to Deposits) proportzioa % 68,51koa da, eta oso egoera lasaian kokatzen du entitatea. Halaber, handitu egin da epe laburreko konpromisoei aurre egiteko likidezia, eta % 550,29ko LCR (Liquidity Coverage Ratio) ratio nabarmena lortu du, % 100eko arau-eskakizuna baino askoz handiagoa.

 

Aurrezkiaren bilakaera

Familien eta enpresen aldetik erakarritako aurrezkiak azken ekitaldietako goranzko joerari eutsi dio, eta 35.295 milioi euroko kopurua erdietsi du ekainaren amaieran. Beraz, 2025eko lehen seihilekoaren amaieran baino 2.492 milioi euro gehiago erakarri dira, % 7,6ko hazkundea izan ostean.

Atalen arabera, familien eta enpresen balantze barruko baliabideak (hala nola, ageriko kontuak, aurrezki-kontuak eta eperako gordailuak) % 2,91 handitu dira urtetik urtera.

Balantzetik kanpo kudeatutako baliabideen barruan, LABORAL Kutxaren inbertsio-zerbitzuek sendo hazten jarraitzen dute, bezeroei inbertsio-irtenbiderik onenak eskaintzea lehenetsiz. Bilakaera positibo horrek agerian utzi du inbertsio-funtsen atalak izan duen hazkunde jarraitua; izan ere, gestiopeko ondarea 1.683 milioi euro hazi da —hau da, % 23,45, urtetik urtera—, eta ekarpen garbien merkatu-kuota % 4,54koa izan da 12 hilabetean. Nabarmentzekoa da, bereziki, urtearen lehen erdi honetako bultzada, seihilekoan % 7,27ko kuota erregistratu baita.

Era berean, inbertsio-produktuetan kudeatutako ondarearen zenbateko osoari erreparatuta —BGAEak, pentsio-planak eta bizi- eta aurrezki-aseguruak barne—, multzoak bultzada handia izan du, % 19,06 hazi baita azken 12 hilabeteetan. Hortaz, 11.335 milioi euroko ondarea lortu da atal honetan.

  

Familien eta enpresen kreditu-inbertsioa

Kreditu-inbertsio osoa 17.036 milioi eurokoa izan da; hau da, % 6,8ko hazkundea izan du 2025eko lehen seihilekoaren itxierakoarekin alderatuta. Igoera hori familien eta enpresen kreditu-eskari orekatuak bultzatu du, azken 12 hilabeteetan 1.079 milioiko hazkunde garbi metatua izan baitu.

Familiei zuzendutako finantzaketaren atalean, hipoteken saldo bizia % 5,4 handitu da urtetik urtera, eta formalizatutako bolumena, % 11,1. Kontsumorako kredituaren bilakaera, berriz, erritmo handian hazi da; saldo garbiak % 6,7 egin du gora, eta formalizatutako bolumenak, % 10,4.

Merkataritzaren arloan, 2026ko lehen seihilekoak oso datu positiboak utzi ditu, aurreko ekitaldiko aldi berarekin alderatuta. Autonomoei eta enpresei emandako egiturazko finantzaketa berriak % 9,3 egin du gora, eta enpresentzako kreditu-inbertsioaren guztizko saldoak, % 7,1; beraz, ekainaren 30ean, merkataritza-kredituaren stocka 3.568 milioi eurokoa izan da.

Enpresentzako produktu eta zerbitzu berrien atalean, LABORAL Kutxak pauso erabakigarriak ematen jarraitzen du bezeroen kudeaketa digitalizatzeko. Horrela, 2026ko lehen seihilekoan, zerbitzu aitzindari bat abiarazi du, enpresa bezeroei aukera emateko, txartel korporatiboen mugimenduak eta SAP Concur-eko gastu-datuak automatikoki bateratzeko. WebServices bidezko denbora errealeko konexio batean oinarritutako integrazio horrek funtzionaltasun hori eskaintzen duen Estatuko lehen banku-erakunde bihurtu du LABORAL Kutxa, zeinak estandar berri bat ezarri baitu finantza-prozesuen optimizazioan.

Era berean, azpimarragarria da ordainketak finantzatzeko LKASH zerbitzu berriaren bilakaera. Enpresen ohiko jarduerari lotutako ordainketak (fakturak, nominak, zergak eta abar) malgutasunez eta berehala finantzatzeko aukera ematen du horrek. Seihilekoko datuek erakusten dutenez, harrera ona izan du: 1.000 enpresa erabiltzaile inguru ditu eta 186 milioi euro finantzatu dira ekitaldiaren lehen erdi honetan.

Autonomoen eta negozio txikien segmentuan, berriz, azpimarratzekoa da LEGADO programak izan duen harrera ona; tokiko merkataritza eta negozioetako belaunaldi-txandaketa sustatzea du xede. Urtarriletik ekainera bitartean, 200 eskaera baino gehiago aztertu dira, eta martxan dauden 27 negozio eskualdatzea lortu da.

Ikuspegi sozial eta kooperatibotik, iragan maiatzean iragarri zen Europako Inbertsio Funtsarekin (EIFekin) egindako akordioak berritu direla, 150 milioi euro mobilizatzeko xede honekin: ekintzaileei, mikroenpresei eta gizarte-ekonomiako erakundeei finantzaketa ematea, eta, horrela, tokiko jarduera ekonomikoa eta enpleguaren sorrera bultzatzea.

 

Bezeroentzako zerbitzu digitalak

LABORAL Kutxaren bezeroen % 72 digitalak dira. Onlineko kontratazioak kontratazio guztien % 32 dira jada, eta digitalizazio horrek hobetu egin ditu bezeroek bulegoko gestorearekin dituzten harreman pertsonalak ere. Azken urtean, % 20 hazi da Online Bankaren bidez elkarrizketa pertsonala egiteko tresna erabili duten pertsonen kopurua. Horrek berretsi egiten du eremu digitalean ere entitateak hurbiltasunaren eta tratu pertsonalaren alde egin duen apustua.

Berrikuntzen eta zerbitzu digital berrien atalean, nabarmentzekoa da LABORAL Kutxaren aplikazio berria ekainean plazaratu dela, arrakasta handiz. Bezero digitalen ia % 100ek erabiltzen du, jada, ingurune berri hori. Aplikazio berriak berritasun garrantzitsuak ditu segurtasunaren eta erabiltzaile-esperientziaren alorretan, eta nabarmentzekoa da konfiantzazko gailua erregistratzeko aukera. Horri esker, eragiketak seguruago eta SMS bidez gakorik bidali gabe egin daitezke —hori bereziki eskertzen dute atzerrira bidaiatu behar dutenek—.

Gainera, aplikazio berriak ingurune bakarrean integratzen ditu Bizumen eragiketak, eta zenbatekoak ezkutatzeko funtzionalitate berria eskaintzen du, konfidentzialtasun handiagoa izateko pribatutasun txikiagoko eremuetan sartzerakoan. Finantza pertsonalak kontrolatzearen esparruan, aplikazio berriak finantza pertsonalen atal berritzaile bat du, Analytics izenekoa: diru-sarrerei, gastuei, txartelei eta abarri buruzko informazioa eta aholkularitza ematen du, baita finantza-osasuna optimizatzeko gomendio pertsonalizatuak ere.

 

Aseguruen negozioa

2026ko lehen seihilekoan, 112,3 milioi euroko guztizko primak kontabilizatu dira; hau da, % 2,9 egin dute gora, iazko ekainekoekin alderatuta. Partikularren negozioaren adar nagusietan, hazkundea % 5ekoa izan da auto-aseguruetan, eta % 7,3koa etxe-aseguruetan.

 

Talentua erakarri eta garatzea

Talentua erakarri eta garatzeari dagokionez, LABORAL Kutxak oso balantze positiboarekin itxi du 2026ko lehen seihilekoa, eta belaunaldien arteko erreleboaren eta entitatearen eraldaketaren erronkei erantzun die, etorkizunerako funtsezkoak diren gaitasun berriak dituzten profil gazteak txertatuz.

Sei hilabeteko epe horretan, 131 langile berri sartu dira (227 kontratazio 2025eko ekainetik), neurri handian hezkuntza-ekosistemarekin, batez ere Mondragon Unibertsitatearekin, lankidetzan aritzeko estrategia sendoak bultzatuta. Horri esker, 179 ikaslek entitatean garatu ahal izan dituzte beren prestakuntza eta lehen esperientzia profesionala.

Lankidetza hori hainbat ekimenen bidez gauzatzen da; besteak beste, unibertsitate-praktiken, prestakuntza dualeko programen, unibertsitatearen eta enpresaren arteko ikerketa-gelen, gradu- eta master-amaierako lanen, doktorego-tesien eta finantza-eremura hurbiltzeko proiektuen —adibidez, Unibertsitatearen Inbertsio Kluba— bidez. Lankidetza integraleko eredu horrek mundu akademikoaren eta profesionalaren arteko lotura indartzen du, gazteen talentua goiz txertatzea ahalbidetzen du, eta LABORAL Kutxaren eta, oro har, gizartearen egungo eta etorkizuneko beharrekin bat datorren harrobia sortzen laguntzen du.

Gainera, entitateak areagotu egin du ZTIM (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikak) eremuko profilen sarrera, funtsezkoak baitira digitalizazioaren, berrikuntzaren eta datu-analitikaren eremuetan aurrera egiteko. Hain zuzen ere, Zerbitzu Zentraletako langile berrien % 62 profil horretakoak dira, eta, horri esker, indartu egin dira negozioa eraldatzeko erronkei aurre egiteko beharrezko gaitasunak.

Pertsonak kudeatzearen alorreko kanpo-berrespenari dagokionez, LABORAL Kutxa Estatuan ongizate korporatiboaren esparruan erreferentziazkoak diren 50 erakundeen artean aintzatetsi dute ondoz ondoko hirugarren urtez, eta pertsonengana bideratutako kultura sendotu du. Era berean, Emakume Zuzendarien Espainiako Federazioaren (FEDEPEren) aintzatespena ere jaso du, aukera-berdintasunarekin duen konpromisoagatik.

 

Jasangarritasunarekiko konpromisoa

2026ko lehen seihilekoan, LABORAL Kutxa Global Alliance for Banking on Values (GABV) aliantzako eskubide osoko kide bihurtu da —GABV erreferentziazkoa da, munduan, balioak dituen banka etikoaren esparruan—. Aliantza horretan onartu duten Estatuko erakunde bakarra da. Hortaz, LABORAL Kutxak nazioarteko aintzatespena lortu du, banka egiteko beste modu bat gauzatzeagatik; eta horrek, duen kaudimenari, errentagarritasunari eta hazkundeari gehituta, pertsonei eta gizarteari ekarpen positiboa egiten laguntzen du.

Bezeroei dagokienez, entitateak urratsak egiten jarraitzen du, finantza-esperientzia irisgarri, seguru eta jasangarriago bat eskaintzeko. Seihilekoan, txartelak berritu ditu, % 100 birziklatutako materiala erabiliz eta irisgarritasunean hobekuntzak ezarriz, hala nola braille sistema. Gainera, bulego-eredu berriak (BREEAM estandarrarekin ziurtatutakoak) gune efiziente, osasungarri eta erosoagoak bermatzen ditu, bai bezeroentzat eta bai profesionalentzat.

Trantsizio jasangarri eta inklusiboarekiko konpromiso horretan, nabarmentzekoa da, halaber, jabeen erkidegoak birgaitzera bideratutako finantzaketak izan duen hazkunde handia: horien formalizazioak % 166 hazi dira, 2025eko lehen seihilekoarekin alderatuta. Jarduera horrek energia-efizientzia hobetzen eta isurtzeak murrizten laguntzen du, baita pertsonen bizi-kalitatea hobetzen duten irisgarritasun-jarduerak bultzatzen ere.

Gizarteari egindako ekarpenaren adibide dira, besteak beste, lehen seihilekoan garatutako finantza-hezkuntzako programak. Horietan, 1.246 pertsonak hartu dute parte, entitateko profesional boluntarioek emandako 41 lantegietan.

 

 

EMAITZA-KONTU BATERATUA (mila €-tan)

 

2025eko 1. S.
2026ko 1. S.
Ald. (%)
INTERESEN MARJINA
295.420
285.859
–% 3,24
ZERBITZUEN ERRENDIMENDUA
69.604
72.969
% 4,83
OINARRIZKO MARJINA
365.024
358.828
–% 1,70
DIBIDENDUAK, FINANTZA-ERAGIKETEN EMAITZA ETA BESTELAKOAK
-61
9.936
MARJINA GORDINA
364.963
368.764
% 1,04
ADMINISTRAZIO-GASTUAK ETA AMORTIZAZIOAK
164.792
181.371
% 10,06
HORNIDURETARAKO, SANEAMENDUETARAKO ETA BESTE NARRIADURA BATZUETARAKO ZUZKIDURAK (+) / ASKAPENAK (–)
29.802
5.791
–% 80,57
ZERGA AURREKO EMAITZA
170.369
181.602
% 6,59
MOZKINEN GAINEKO ZERGAK
24.881
27.105
% 8,94
EKITALDIKO EMAITZA BATERATUA(*)
145.488
154.496
% 6,19

(*)Kooperatibaren gizarte-ekintzako funtsetarako zuzkiduraren aurretik.

 

 

BESTE MAGNITUDE BATZUK

 
CET 1 (COMMON EQUITY TIER 1) KAUDIMENA
% 24,58
LIKIDEZIA (Loans to Deposits)
% 68,51
BERANKORTASUNA
% 1,87