Menu

Laboral  Kutxa  Prentsa  aretoa

Prentsa oharrak

LABORAL Kutxa Mundukideren “Ireki iturria” kanpainan laguntzen ari da, Mozambiken ureztatzeko motoponpak erosteko

  • Mundukide Mondragon Taldearekin lotutako GKE kooperatibistak funtsak bilduko ditu Mozambikeko nekazariei % 90ean itzultzen dituzten 100 euro inguruko maileguak emateko.
  • LABORAL Kutxak bat egin du Mozambike iparraldean azpiegiturak eraikitzearen eta familia-nekazaritzaren dinamizazioaren aldeko apustua egiten duen ekintza solidario honekin.

2014ko abenduaren 2a. “Ireki iturria” Mondragon Taldearekin lotuta dagoen eta izaera kooperatibista duen Mundukide Gobernuz Kanpoko Erakundearen mikro-kredituen kanpaina berriaren izena da, abenduaren lehen astean abiaraziko dena. Ekimen horren helburua funtsak bildu eta Marrupako (Mozambike) baserritarrentzat motoponpak erostea da. Izan ere, horiek zorra itzultzeko aukera izango dute uzta jaso ostean.

Ekimenak LABORAL Kutxaren laguntza izango du. Hala, ekarpenak egin nahi dituzten pertsona guztiei informazioa emateko diptiko argitzaileak banatuko ditu entitateak EAEko eta Nafarroako sukurtsal guztietan. Interesatuek 3035 0001 56 0010122192 kontu korrontearen bidez lagun dezakete, familia-ustiategiko nekazaritza- eta abeltzaintza-ekoizpena hobetzeko kredituak eman daitezela erraztuz.

Ureztatzeko motoponpak, LABORAL kutxa eta MundukideMundukidek ureztatzeko motoponpak erosteko erabiliko du “Ireki iturria” kanpainarekin lortutako dirua, nekazarien lana errazteko. Izan ere, horiek dirutan itzuliko dute zorra, beren uzta jaso ostean.

Mikro-kredituen sistema Mundukideren taldeak kudeatzen du zuzenean, Marrupan. Motoponpak azaroan eta abenduan helduko dira, nekazaritza-kanpaina hastearekin batera. Nekazariak maiatzean hasten dira zorra itzultzen, uzta jasotzen hasten direnean alegia, eta epea urrira arte luzatuko da gehienez ere.

Mundukide: kredituaren historia

Mundukide 2002. urtean hasi zen kredituekin lan egiten, hiru urtez jarraian izandako uzta txarrek eragindako gosetea zela eta. Egoeraren larritasunak eraginda, GKE kooperatibistak janaria lortzeko kreditu-sistema batean oinarritutako ekimena abiarazi zuen.

Lortutako emaitzak oso onak izan ziren, eta horrenbestez, kreditua distrituko familia-nekazaritza dinamizatzeko erreminta gisa erabiltzea planteatu zuen programak. Eta hori izan da, hain zuzen, 2003 eta 2009. urteen arteko mikro-kredituen eskemaren helburu nagusia.

Urte horietan zehar emandako kredituei esker, Marrupako familia-nekazaritza ogibide hutsa izatetik –jateko bakarrik ekoizten zen– jateko eta saltzeko ekoizten den eskema misto batera igaro da. Horrela, bertako nekazariek oinarrizko beste ondasun batzuk erosteko diru-sarrerak lor ditzakete, arropa, testuliburuak edo bizikleta bat, esaterako. Emaitza horiek lortu ostean, 2009. urtetik “kreditua gero eta gehiago erabiltzen da familien inbertsio txikiak sustatu eta errazteko, ureztatzeko mikro-sistemen gisako teknologiak bereganatzeko, makineria txikia eta ongarriak erabiltzeko eta abarretarako”, adierazi zuen Mundukideko lankide boluntarioak.

Gaur egun lau programa daude Mozambike iparraldeko korridoreko lau distritutan (Majune, Marrupa, Balama eta Mozambike). Gobernuz kanpoko erakundeak bederatzi nekazari-elkartetatik eratorritako 130 pertsona erakusle baino gehiago ditu lur ureztatuz osaturiko 600 hektareatan baino gehiagotan lan egiten duten 30.000 nekazariei laguntzeko.

Izaera solidarioa duen erakundea

LABORAL Kutxak nekazaritzarekin duen konpromisoa erakutsi du berriz ere. Eta kasu honetan ere bere jarduerarengandik gertuen duen erreminta erabili du horretarako: mikro-kredituak. Joan den urtean, kooperatibaren bezeroek ia 15.000 euro bideratu zituzten Mundukideren “Itxaropena ereiteko kredituak” ekimenera, Marrupako ekoizpena areagotu eta bertako nekazaritza-produktuen kudeaketa hobetzeko helburuarekin.

Nekazaritza-ustiategiak oso txikiak dira Marrupan. Munduko laugarren herrialderik pobreena da, 58.700 biztanle ditu eta bertako bizi-itxaropena 44 urtekoa da. Familia bakoitzeko diru-sarreren batez bestekoa 100 eurokoa da urte osoan.

Horregatik, erakundeak eta Mundukidek ekimen hau eta beste proiektu humanitario asko bidean gera ez daitezela eta Mozambike iparraldean nekazaritzaren hazkuntza eta azpiegituren eraikuntza sustatzen jarrai dadila lortzera animatzen ditu herritar guztiak.