Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

Juan Ignacio Pérez Iglesiasek jaso du 2019ko Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Saria

 

  • Aizpea de Atxa artista nafar gazteaki, berriz, Gazte Saria eskuratu du «INpostuRA» proiektuagatik
  • Golardoaren 25. edizioa dela-eta, emateko ekitaldia Chillida Lekun izan da eta omenaldia egin zaie 1995ean sortutako sariketa ospetsu horretako saridunei

 

Hernanin, 2019ko uztailaren 9an. Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Saria eman diete Eusko Ikaskuntzako presidente Iñaki Dorronsorok eta LABORAL Kutxako Txomin Garcíak Juan Ignacio Pérez Iglesiasi, curriculumik onenarengatik, eta Aizpea de Atxari, Gazte Saria modalitatean, «INpostuRA» performance proiektuarengatik. Gaur izan da sari-banaketa, Chillida Lekun. Berezia izan da aurtengo sari bikoitza, 25 urte bete baitira sariketa sortu zela.

Arratsaldeko lehen orduan, bisitaldi gidatu pribatua egin da aurreko urteetan saridun izan direnekin, epaimahaiko kideekin eta hezkuntzaren alorreko eta erakundeetako ordezkariekin, orain arte saritutako guztien omenez. Leku berezi horretan, Eduardo Chillida artistaren zenbait lan dauden museoan, izan da ekitaldia, sariketaren hamargarren urtean (2004an) egin zen lekuan. Eduardo Chillidak ere jasoa du Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Saria, 1999an alegia.

Ondoren, ekitaldi akademikoa egin da, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu buru zela. Horiez gain, beste zenbait agintari ere etorri da sarituei ohore egitera: Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria, Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano eta Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkaria, Jesús Loza, besteak beste. EHUko ordezkari ugari ere izan da ekitaldian (errektore eta errektoreorde ohiak), eta bi saridunen lagunak ere bai.

Aizpea de Atxaren «INpostuRA» proiektuaren aurkezpenak eman dio hasiera ekitaldiari. Hona hemen zer adierazi duen Mondragon Unibertsitateko errektoreorde akademikoak, Jon Altunak, epaimahaiaren izenean: «Garaikidetasunetik abiatuta egin den proposamena da proiektua […]Gogoeta dinamikoa, interaktiboa eta berritzailea proposatzen digu betiereko galdera honetaz: Nor naiz ni?». Segidan, lehenbiziko Gazte Saria antolatu duten erakundeetako presidenteek —Eusko Ikaskuntzakoak eta LABORAL Kutxakoak, alegia— euskal kultura-harrobiaren potentziala azpimarratu dute.

Ondoren, Nafarroako Unibertsitateko Ikerketako errektoreorde Iciar Astiasaranek hartu du hitza, Eusko Ikaskuntza – Laboral Kutxa Sariaren epaimahaian curriculumik onena hautatzen jardun diren sei unibertsitateen izenean.

Eusko Ikaskuntzako presidente Iñaki Dorronsorok, berriz, Pérez Iglesiasen jarduna goretsi du, eta esan du euskarazko jarduera zientifikoaren bultzatzaile nagusietakoa dela. Azpimarratu du, halaber, pentsaera zientifikoaren dibulgaziori egin dion ekarpena: «jendeak zientziaz gehiago jakitea lortu du, eta gauzen benetakotasunaz gehiago arduratzea». Alderdi hori bera jorratu du LABORAL Kutxako presidente Txomin Garcíak ere: «Hesi eta aurreiritzi zaharrak desegiten lagundu du, beharbada hainbeste kalte egin digun letren eta zientzien arteko banaketa antzu horrek sortuak ziren hesiak eta aurreiritziak».

Biziki hunkiturik jaso du Juan Ignacio Pérez Iglesiasek saridun-diploma. Zientziaren eta demokraziaren alde mintzatu da sariagatik eskerrak ematean: «Kritikatzeko aukerarik ez badago, ez dago ez zientziarik, ez demokraziarik». Haren iritzian, aurrerapauso handiak eman dira bi alor horietan, baina «oraindik ere asko dago desberdintasunak aintzat hartzen dituen kosmopolitismo adeitsua garatzeko, demokrazia eta ongizatea munduko zoko guztietara hedatzen lagundu duena». Pérez Iglesiasen ustetan, zientziak ez du mugarik eta, honenbestez, haren dibulgazioak ere ez luke mugarik izan behar.