Menu

Laboral  Kutxa  Prentsa  aretoa

Prentsa oharrak

Juan Ignacio Pérez Iglesias, Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Saria 2019

  • Sari ospetsuaren 25. edizioaren urteurrena dela eta, aurten bi golardo banatu dira: Humanitate, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien alorretan curriculum nabarmenari batetik, eta gazteek egindako proiektu onenari bestetik 
  • Aizpea de Atxaren “InpostuRA” performance proiektuak eskuratu du Eusko Ikaskuntza- LABORAL Kutxa Gazte Saria 

 

Donostia, 2019ko maiatzaren 9a.- Eusko Ikaskuntzak eta LABORAL Kutxak aditzera eman dute gaur Donostian Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxaren Humanitate, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Sariaren 2019ko epaia, ohiko modalitatean zein gazteei zuzendutako aparteko deialdian.

Sariaren 25. edizio honetan Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxaren Humanitate, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria Juan Ignacio Pérez Iglesiasek eskuratu du. Hala ebatzi du sariaren epaimahaia osatzen duten Eusko Ikaskuntzaren eremu geografikoko sei unibertsitateetako ordezkariek, eta Eusko Ikaskuntza eta LABORAL Kutxako ordezkariek. “Zorroztasun akademikotik eta zientzia arlo guztien ezagutza zabaletik abiatuta, euskal gizartean kultura zientifikoa sustatu du. Euskal unibertsitatea gizartera gerturatu du, ezagutza maila areagotuz eta begirada kritikoa garatuz”, azpimarratu du epaimahaiak.

Juan Ignacio Pérez-en ibilbide profesionala UPV/EHUri lotuta dago. 1985ean hasi zen ikertzaile eta irakasle fisiologiaren arloan, eta, 1999az geroztik, katedraduna da; halaber, 1998 eta 2009 bitartean hainbat kargu garrantzitsu izan ditu UPV/EHUn. 2004tik 2008ra, adibidez, errektorea izan zen.

Bere ekarpenetako bat izan da unibertsitatean euskararen erabilera sustatzea. Halaber, Jakiunde elkartearen Jakin-mina programaren koordinatzaile eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendaria izanik, ezagutzak ugaritzeko eta zabaltzeko bideratu zituen ekintzak. Berak egindako lanari esker, aipatutako katedrak Espainia mailan arlo horretan dagoen saririk garrantzitsuena eskuratu zuen 2014an, alegia, PRISMAS saria, dibulgazio zientifikoa aintzatesten duena.

Azkenik, komunikabideetan egindako lana aipatu behar da, hedapen zientifikoa sustatzeko espazioetan, bai eta baliabide digitaletan egindako ekarpena ere; izan ere, bere espezializazio-arloan sakondu du, eta ezagutzen dibulgazio sozial zientifikoa bultzatu.

Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxaren Humanitate, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria 1995ean Eusko Ikaskuntzak eta LABORAL Kutxak abian jarri zuten, alor horietan jardueran dauden pertsona ospetsuen bikaintasuna nabarmentzeko; bere obra osoaren bidez Euskal Herriko kultur garapenari modu eraginkorrean laguntzen dioten curriculum nabarmenenak saritzeko helburuz.

20.000 euroko ordainsariarekin lagunduta dago. Emate ekitaldia 2019ko udan izango da, oraindik zehaztu gabeko datan.

 

Eusko Ikaskuntza-LABORAL KUTXA Gazte saria

 

Aizpea de Atxa artista nafarraren “InpostuRA” performance lana gailendu da Eusko Ikaskuntza- LABORAL Kutxa Gazte Sariaren lehenengo edizioan. 35 urte baino gutxiagoko gazte banakoen edota taldeen jarduna bultzatzea xede duen sariak 6.000 eurotako ordainsaria banatzen dio proiektu irabazleari eta 2019-2020ko epealdian gauzatu beharra dago. “Publizitateak eta sare sozialek gidatzen duten gizartean sortzen digun irudia bihurtu da gure buruhausterik handiena. Honen inguruko hausnarketetan eta desegite-praktikan oinarritutako proiektua da InpostuRA”, azaltzen du De Atxak. Epaimahaiaren aburuz, proposamen irabazleak “geure buruari sarritan egiten diogun `Nor naiz?´ galderaren inguruko hausnarketa modu dinamiko, interaktibo eta berritzaile batean planteatzen du”.

 

Aizpea de Atxak 21 urte ditu eta Arte graduko 3. mailako ikaslea da. 2018an Nafarroako Arte Gazte Topaketetan 2. saria eskuratu zuen Gorputzak lanarekin, eta urtebete lehenago aukeratua izan zen horietan ere.

 

Epaimahaien osaketa

 

Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxaren Humanitate, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria:

Iñaki Dorronsoro, Eusko Ikaskuntzako Lehendakaria; Marije Etxaniz, LABORAL Kutxako Komunikazio Zuzendaria; Nekane Balluerka, Euskal Herriko Unibertsitateko Errektorea; José Antonio Rodríguez Ranz, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko eta Erakunde Harremanetako Errektoreordea, Errektorearen izenean; Iciar Astiasarán, Nafarroako Unibertsitateko Ikerketa Errektoreordea, Errektorearen izenean; Imanol Nuñez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakaskuntzako Errektoreordea eta Hizkuntza Plangintza arkolo Zuzendaria, Errektorearen izenean; Jon Altuna, Mondragon Unibertsitateko Errektoreorde Akademikoa, Errektorearen izenean; eta Iñaki Esparza Leibar, UNED Bergarako Zuzendaria, bertako Errektorearen izenean.

 

Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Gazte Saria:

Arantza Cuesta, Eusko Ikaskuntzako Zuzendaria; Marije Etxaniz, LABORAL Kutxako Komunikazio Zuzendaria; Jon Altuna, Mondragon Unibertsitateko Errektore Akademikoa; Txelo Ruiz, Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasleen eta Enplegugarritasunaren arloko errektoreordea; Nuria Cano, antropologian aditua; eta Maider Lopez eta Urkiri Salaberria, artean adituak.