Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

Joxe Azurmendi, Eusko Ikaskuntzaren eta Euskadiko Kutxaren 2012ko Humanitateen sariaren irabazlea.

Joxe Azurmendi Otaegui pentsalari eta idazle gipuzkoarrak, UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko katedradun emerituak, Eusko Ikaskuntzaren eta Euskadiko Kutxaren Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien 2012ko saria eskuratu du. Sariaren zenbatekoa 20.000 eurokoa da.

Joxe Azurmendi Zegaman jaio zen, 1941ko martxoaren 19an. Arantzazuko frantziskotarren ikastetxean ikasi ondoren, ordenan sartu zen. Prestakuntza osatzeko, filosofia ikasi zuen Alemanian eta teologia Erroman. Bere erlijio-kongregazioak Jakin aldizkariaren inguruan sortutako kultura-mugimenduaren sustatzaileetako bat izan zen.

80ko hamarkadaren hasieran, ordena utzi eta UPV-EHUn irakasle-lanetan hasi zen. 1984an, on Jose Maria Arizmendiarrieta apaizaren, Mondragon kooperatiba-mugimenduaren fundatzailearen, filosofiari buruzko doktorego-tesia aurkeztu zuen.

Joxe Azurmendiren entsegu-lanak bereziki ezagunak diren arren, lehen urratsak poesiaren arloan eman zituen, Hitz berdeak (EFA, 1971), Poemas al Che (1969) eta Manifestu atzeratua (Susa, 1990) argitaratuz.

Lehen entsegua, Kultura proletarioaz (1973), Jakin aldizkarian argitaratu zuen. Gero, Gizona abere hutsa da (EFA, 1975), mendebaldeko metafisikaren eta filosofia arrazionalistaren inguruko entsegu kritikoa, kaleratu zuen.
Hainbat liburu idatzi ditu, hala nola, Hizkuntza, etnia eta marxismoa (1971), Kultura proletarioaz (1973), Mirande eta kristautasuna (1978) eta Teknikaren meditazioa (1988).

Eusko Ikaskuntzako lehendakari José María Muñoaren hitzetan, “ez da batere erraza hitzaren intelektual sendo eta peto-peto honek bere bizitza luzean zehar egindako eta idatzitako guztia laburtzea. Izan ere, pertsona “burutsua eta konprometitua da funtsean, eta, askotan deserosoa izan arren, argi mintzatu da beti”.

Saridunak “jakin-min unibertsala eta sendo errotutako kultura-sustraiak uztartzen ditu”. Izaeraz “irekia eta liberala” da, eta berebiziko “grina pedagogiko” du.

“Azurmendi kristau humanista handiak maisutasunez aztertu du euskal kolektibismoaren gaia”.

Eusko Ikaskuntzaren eta Euskadiko Kutxaren saria 1995ean sortu zuten, Humanitateen, Kulturaren, Arteen eta Gizarte Zientzien arloetan, zentzurik zabalenean, aktiboan dauden Euskal Herriko pertsonalitaterik garrantzitsuenak eta curriculumik azpimarragarrienak nabarmentzeko asmoz.

Sarietako izangaiei dagokienez, Vasconiako kultura-garapenaren aldeko ikerkuntza-lana egiten duten ikertzaileak, zientzialariak eta kultura-arloko pertsonalitateak aurkezten dira.

Epai-mahaiko kideak Eusko Ikaskuntzaren jarduera-eremu geografikoko zazpi unibertsitateetako errektoreak, Eusko Ikaskuntzako lehendakaria eta Euskadiko Kutxako zuzendaria izaten dira.

Sarituak:
• 1995 : Julio Caro Baroja
• 1996 : Alvaro d’Ors Pérez Peix
• 1997 : Luis Villasante Kortabitarte
• 1998 : Jesus Altuna Etxabe, Juan Plazaola Artola
• 1999 : Eduardo Chillida Juantegui
• 2000 : Miguel Artola Gallego
• 2001 : Juan Garmendia Larrañaga
• 2002 : Bernardo Atxaga
• 2003 : Gurutz Jáuregui
• 2004 : Juan San Martín Ortiz de Zárate
• 2005 : Nestor Basterretxea
• 2006 : Maïté Lafourcade
• 2007 : Gregorio Monreal Zia
• 2008 : Daniel Innerarity Grau
• 2009 : Javier Elzo
• 2010 : Joxerramon Bengoetxea
• 2011 : Maria Bayo