Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

GAZTENPRESA FUNDAZIOAK 402 ENPRESA SORTZEN LAGUNDU DU 2017AN

  • Gaztenpresaren eskutik 2017an eratu diren 402 enpresek 703 lanpostu berri sortu dituzte
  • Gaztenpresak laguntza osoa eskaintzen du ekiteko ibilbidearen 5 etapetan: ideia aurkeztean, bideragarritasun-planean, finantzaketan, enpresa abian jartzean eta sendotzean
  • Gaztenpresaren laguntza izaten duen ekintzailearen profila hau da: 38 urteko gizona edo emakumea, goi-mailako ikasketarik ez duena, eta beharra duelako heltzen diona zerbitzuen sektorean enpresa sortzeko proiektuari
  • Artolazabal: “Aukera ugari izango ditugu aurrean, behar berriak merkataritzan eta industrian, eta gazte-ekintzailetzak esparru zabala du hor”

 

2018ko apirilaren 18a.– LABORAL Kutxaren autoenplegurako fundazioa da Gaztenpresa. Ekimenak laguntzea eta ekintzaileek enplegua sor dezaten sustatzeko ekintzak garatzea du misio. 2017an 402 enpresa eratu dira Gaztenpresaren bidez, eta horri esker 703 lanpostu berri sortu dira. 1994an ibilbideari ekin zionetik, Fundazioak 4.910 enpresa abian jartzen lagundu du, eta horietan 8.754 lanpostu sortu dira guztira.

2017ko Jardueren Memoria gaur aurkeztu dute, apirilaren 18an, asteazkenez, LABORAL Kutxaren Bilboko lurralde-egoitzan. Gaztenpresako lehendakari Xabier Egibar pozik azaldu da enpresen eta lanpostuen sorreran izan dituzten lorpenekin. Halaber, Gaztenpresaren bereizgarri diren alderdi kualitatibo batzuk aipatu ditu: “Ikasketa-maila apala duten pertsonei eskaintzen diegu arreta batez ere, haiek baitira enplegagarritasunean zailtasun handienak dituztenak. Horregatik eskaintzen dugu laguntza osoa, ez bakarrik enpresa abian jartzeko, baita gerora ere, etengabeko aholkularitzaren bidez, aldizkako tailerrak antolatuz eta neurrirako mentoring-programa eskuragarri jarriz”.

Jarraian, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietarako sailburu Beatriz Artolazabalek “Euskadin izango diren aukerak” nabarmendu ditu. “Enpresa-erakundeek asteon zehaztu dutenez, 100.000 lanpostu sor daitezke 2018/2020 aldian, horietatik 30.000 aurten. Eusko Jaurlaritzatik gazteen enpleguaren alde egiten dugu apustu bereziki, eta ildo horretan garatzen ari garen programen bidez 20.000 gaztek lanpostua eskura dezakete aldi horretan”, adierazi du.

Sailburuaren arabera, “joera ekonomiko positiboa aprobetxatu behar dugu, euskal gazteek proiektu berriei ekin diezaieten lortzeko aukera dugu aurrean, merkataritzako eta industriako merkatuen behar berriak zeintzuk diren jakinik. Horregatik garrantzitsua da Gaztenpresa eta antzeko laguntzak sortzea”.

Artolazabal sailburuak zenbait datu aipatu ditu: “16 eta 29 urte bitarteko Euskadiko gazteen artean langabezia-tasa % 15,1era jaitsi da 2017ko azken hiruhilekoan. 2014an gazteen langabezia % 29,5ekoa zen, 2015ean % 27,9koa, 2016an % 23,7koa, eta 2017. urtea, berriz, % 15,1eko tasarekin amaitu zen. Hau da, lau urtetan 14,4 puntu jaitsi da gazteen langabezia-tasa”.

Artolazabalek gaineratu duenez, “gure gaztedia prestatuta dago, ekimena du eta gizartearekin konprometituta dago. Horregatik, garatzeko bide bikaina dute ekintzailetza. Lanpostuak eta lan-beharrak aldatzen ari dira eta gazteak dira, hain zuzen, sortuko diren edo eurek diseinatuko dituzten esparru eta enplegu berriak beteko dituztenak”.

Bukatzeko, Inma Ramos Gaztenpresako zuzendariak 2017ko Memoriaren edukia aipatu du. Enpresa-proiektu batek osatu behar dituen etapak eta Fundazioak horietako bakoitzean eskaintzen duen laguntza berezia nabarmendu ditu. “Gure ereduak 360º-ko diagnostikoa eta ekintzailearentzako ibilbide-orri pertsonalizatua eskaintzen ditu. Hori dela-eta, proiektuen biziraupen-tasa oso handia da: lau enpresa berritik hiruk martxan jarraitzen dute hiru urte igaro ondoren”, azpimarratu du Fundazioko zuzendariak.

Laguntza osoa 5 etapetan

Zikloa hasteko, ekintzaileak bere ideia aurkezten du. 2017an 2.181 eskaera jaso dira, 2016an baino % 23 gehiago. Ideiak enpresa bilakatzeko ratioa % 25 ingurukoa da, hau da, lau eskaeratik batek enpresa baten sorrera ekarri du.

Eskaera onartua izan ondoren diagnostiko-fasea hasten da. Teknikari adituek ordu asko ematen dituzte eskaera guztiak entzun eta kasuistika aztertzen. Aztertu eta gero bideraezintzat jo diren proiektuak baztertu egiten dituzte eta ideiaren sustatzaileari asmoa bertan behera uzteko aholkatzen diote. Askotariko arrazoiak izaten dira horretarako: negozio-eredua modu okerrean planteatu da, ekintzaileak ez du esperientziarik ez ezagutzarik jardueraren inguruan, finantza aldetik egoera ahulean dago negozioa abian jartzeko, etab.

Bideragarritzat jotzen diren proiektuak hirugarren etapara igaroko dira eta finantza-egitura egokia bilatuko zaie. Proiektuen finantzaketa funtsezko alderdia da. Sortu diren 402 enpresetatik % 77k kanpoko finantzaketa behar izan du, mota batekoa edo bestekoa. Proiektu bakoitzeko batez besteko inbertsioa 56.100 €-koa izan da. Zenbatekoaren erdia inguru mailegu-bidez finantzatu da; izan ere, premisatzat dugu ideia baliagarri bat bera ere ez dadila gauzatu gabe gelditu finantzaketarik ez duelako. Emandako finantzaketen zenbateko agregatua 8,4 milioi eurokoa izan da 2017an; atzera begiratuz gero, urte horretara arte formalizatu diren maileguen zenbateko agregatua 138 milioi eurokoa izan da.

Laugarren fasean enpresa ireki eta abian jartzeari ekiten zaio. Etapa horretan, beharrezko izapideak aurrera eramateko laguntza ere ematen du Gaztenpresak, hala nola lizentziak, errentamendu-kontratuak, hornitzaileen gestioa… gauzatzeko. Era berean, aholkularitza eskaintzen du diru-laguntzak eskuratzeko aukeren inguruan.

Enpresa abian denean, finkatze-fasearekin amaitzen da ekintzailetza-zikloa. Negozio batean lehenengo pausoak kontuz eman beharrekoak dira; proiektuak porrot egiteko arrisku handia egoten da lehen urteetan. Horregatik, Gaztenpresak lan-ildo berezi bat jorratzen du, enpresa berriek oinarri sendoa izan dezaten laguntzeko, haien iraunkortasuna bermatze aldera. Gaztenpresaren proiektuen biziraupen-tasa oso handia da ekintzailetzaren estandarrekin alderatuta; izan ere, lau enpresatik hiruk martxan jarraitzen du hiru urteren buruan.

Enpresa sendotzeko programaren barruan daude enpresa-gestioko tailerrak, kontsultetarako linea (Consulting Pro) eta pertsonalizatutako mentoring-programa, ekintzaileei urtebetez laguntza ematen diena. 1.000 lagunek baino gehiagok hartu dute parte 2017an egin diren enpresak finkatzeko ekintzetan.

Ekintzailetzaren profila Gaztenpresan

Sortzen diren enpresen % 73 zerbitzuen sektorekoa da eta batez beste 1,75 langile ditu. Ekintzailearen profila: 38 urteko gizona (% 54) edo emakumea (% 48). % 74k ez du unibertsitate-ikasketarik eta gehienak langabezian edo lanpostua galtzeko arriskuan daude. Enpresa berrien forma juridikoari erreparatuta, % 66 enpresaburu indibiduala da, % 20 sozietate mugatua, % 10 ondasun-erkidegoa eta % 4 sozietate kooperatiboa.

 

Gaztenpresak eskuratutako sariak

 

  • Fundación Corresponsables saria (2010).
  • “Berrikuntzako Jardunbide egokiak – Club 400” EUSKALIT saria (finalista 2010ean).
  • Giordano Dell’ Amore Microfinance Good Practices Europe Award saria (2014).
  • Emakume zuzendariaren AMPEA saria: Inma Ramos, Gaztenpresako zuzendaria (2015).
  • Mentoring-harremanik onenaren Youth Business Spain saria (2017).
  • EUSTART UP saria (2017).

Esteka:

2017ko MEMORIA