Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

Euskal Ekonomia: 2014ko txostena LABORAL Kutxa

2014ko TXOSTENA

2015eko uztailaren 16a

  • 2014an, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Barne Produktu Gordinak (BPG) % 1,2 egin zuen gora. Hazkunde-tasa hori pixka bat txikiagoa izan da Nafarroako Foru Erkidegokoa eta Estatukoa baino: horiek % 1,5 eta % 1,4 hazi ziren, hurrenez hurren.
  • Aurrekoaren ondorioz, lan-merkatuaren bilakaerak inflexio-puntu bat izan zuen iaz; izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoan enplegua % 1 galdu bazen ere, Nafarroan eta Estatuan % 1,7 eta % 1,2 handitu zen, hurrenez hurren.
  • Magnituderik eraginkorrena, langabezia-tasa, % 16,3koa izan zen EAEn, 2013an baino hiru hamarren txikiagoa. Foru Erkidegoan, berriz, langabezia % 15,7ra jaitsi zen, eta Espainian, % 24,4ra. Konklusioa honako hau da: langabezia-tasak murrizten hasi dira pixkanaka, krisialdi luzean zehar izandako igoeraren ondoren. Halere, urruti daude oraindik onartzeko moduko balioetatik.
  • Eskaintzaren ikuspegitik, azpimarratzekoa da eraikuntzaren ahulezia; izan ere, horren beherakada aurreko ekitaldi osoan zehar luzatu zen. Bestalde, industriak eta zerbitzuek emaitza positiboak lortu zituzten 2014an; horrela, aurreko bi urteetako joera negatiboari buelta eman zioten.

2015-2016RAKO AURREIKUSPENAK

2014an hasitako hazkundeak jarraipena izango du datozen hiruhilekoetan. Edonola ere, kontuan izan behar dugu oraindik jasaten ari garen krisi globala ez dela guztiz konpondu. Horregatik, kontu handiz ibili behar dugu oraindik. Egungo agertokiko ziurgabetasuna areagotzen dute honako gai hauek:

  • Gai politiko eta ekonomikoen inguruko tentsioak Europar Batasunean: Grezian, Erresuma Batuan eta alderdi euroeszeptikoen sorrera.
  • AEBk laster tasak igoko ditu, eta horrek bere mugetatik haratago izango du eragina.
  • Txinako ekonomiaren azken datuak eta horren dezelerazioaren inguruko zalantzak.
laboral kutxa informe 201401

Argazkian, Joseba Madariaga (Euskadiko Kutxako Ikerketa zuzendaria) eta Xabier Egibar (Negozio Garapenaren Areako zuzendaria)

Gainerakoan, gure alde ditugu lehengaien arrazoizko prezioak, batik bat petrolioarena, baita euroaren balio-galera ere, Europako Banku Zentralaren diru-politika lasaiaren ondorioz.

Gauzak horrela, aurrez deskribaturiko agertokia kontuan hartuta, gure ereduaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak % 2,6ko hazkunde-tasa izango du 2015ean, eta Nafarroako Foru Erkidegoak % 2,9koa. Aurretik aipatutako elementu zalantzagarriek agertoki estresagarririk ekartzen ez badute, datorren ekitaldian antzeko hazkunde-tasak izatea espero dugu.

Azken buruan, susperraldi ziklikoak luze joko du aurrera begira, baina garrantzitsuena epe ertainean hazteko gaitasuna da; eta biztanleria aktiboaren hazkundeak eta produktibitateak baldintzatuko dute gaitasun hori. Biztanleriari dagokionez, itxura guztien arabera gure gizartea zahartzen ari da aspalditxotik; hortaz, produktibitatea izango da herritarren ongizatea hobetzeko funtsezko elementua. Gure indarrak arlo horretara bideratu beharko genituzke; izan ere, ikerketen arabera, gure jarduera nabarmen okerragoa da gure inguruko herrialdeetakoa baino.

Txostena: