Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

Euskadiko Kutxak Lagun Aro Aseguru-Etxearen %100 bereganatu du

Euskadiko Kutxak Lagun Aro BGAEren partaidetza guztiak erosi ditu, Seguros Lagun Aro SAn eta Seguros Lagun Aro Vida SAn. Bi sozietateek aseguru orokorren eta bizitza-aseguruen negozioa kudeatzen dute, hurrenez hurren. Euskadiko Kutxak, guztira, 65 milioi euro bideratu ditu eragiketara eta, horren ondorioz, sozietateen % 100en kontrola bereganatu du; beraz, Mondragon Korporazioaren Finantza Arloko barne-eragiketa izan da.

Seguros Lagunaro

Bi aseguru-etxe horiek erreferentziazkoak dira “Seguros Lagun Aro” euskal aseguru- esparruaren baitan. Aurten ibilgailuen matrikulazioak eta pisuen salmentak errotik murriztu diren arren, Seguros Lagun Aro konpainiak ekitaldiaren amaieran emaitza nabarmen handiagoak lortzea espero du, bere ezbehar-ratioen eta bezeroen leialtze-tasen hobekuntzari eta kudeaketa-gastuen beherakadari esker.

Hona hemen aipatutako informazioak  egiaztatzeko datu  batzuk:

  • Fakturazioa: Aurreikuspenen arabera, aurtengo ekitaldiaren amaieran 210 milioi eurokoa izango da, iazkoa baino %9,4 handiagoa.
  • Bezero kopurua: Bezero kopuruak %1,5 egin du gora eta, guztira, 376.000 bezero ditu konpainiak.
  • Emaitzak: Ekitaldiaren amaieran eta zergak ordaindu aurretik, gutxi gorabehera, 15 M€-koak  izango dira, hau da, 2010ekoak baino % 30 handiagoak.

Etorkizunerako estrategiari dagokionez, Euskadiko Kutxak zerbitzuaren kalitatean liderra izaten jarraitu nahi du. Era berean, aurrerapauso handiak eman nahi ditu bezeroei balio bakarreko proposamena egiteko bidean, finantza-beharren gogobetetasuna eta familia eta enpresen segurtasuna uztartuz. Gaur egun, dibisioko finantza- eta aseguru-negozioek marka- eta merkataritza-politika berberak dituzte, baina etorkizunean aseguru-eskaintza aholkularitza eta pertsonalizazioa indartzen saiatuko da, Euskadiko Kutxaren taldeko bezeroen profil eta beharren arabera.

Finantza-entitateak 1,2 milioi bezero ditu. Datu horrek aseguru-negozioari bultzada garrantzitsua emateko aukera eskaintzen du, nola bezeroen segmentuari hala autonomo eta ETE-enari dagokienez.

Hizpide izan dugun eragiketari esker, Euskadiko Kutxa Taldeak bere etorkizunerako estrategiaren oinarriak sendoago finkatu ditu. Izan ere, Bezeroarenganako Orientazioak espezializazio eta kanal-aniztasun handiagoak izango ditu oinarri, eta Mondragon Korporazioko finantza-entitateak hasieratik ezaugarri izan dituen balio kooperatiboei jarraituko zaie. Balio horietako batzuk entitateko kideen konpromisoa eta partaidetza dira. Kide horiek guztiek gizarte-ekonomiako entitatea osatzen dute, tokian tokiko gizartearen aberastasunaren aldeko ekarpenak egiteko nahiak eraginda.