Menu

Laboral  Kutxa  Prentsa  aretoa

Prentsa oharrak

Euskadiko Kutxak eta Eusko Jaurlaritzak Hipoteka Bitartekaritzako Zerbitzua sinatu dute

 

  

Kooperatibak bitartekaritzako barne-protokoloa erabiltzen du duela zenbait urtez geroztik, etxe-utzarazpenik ez gertatzeko

Euskadiko Kutxak lehen etxebizitzen hipoteketan % 1,59ko berankortasun-indizea du, sektoreko batez bestekoa baino txikiagoa

 
Euskadiko Kutxak Hipoteka Bitartekaritzako Zerbitzua sinatu du Eusko Jaurlaritzarekin, horren edukia finantza-entitatearen ohiko jokabidearekin bat datorrelako uste osoarekin: bezeroen zorrak birfinantzatzea lehenestea, bestelako neurriak hartu aurretik. Kreditu-kooperatibak elkarlanean jardun du azken hilabeteotan Justizia eta Herri Administrazio Sailarekin zerbitzu hori antolatzeko, proiektua guztiz egokia delakoan.

Ildo horretan, Euskadiko Kutxak ez-ordaintzeak gertatzen direnerako barne-protokolo bat du abian duela zenbait urtez geroztik, eragindako pertsonekin akordio pertsonalak eta esklusiboak lortzeko helburuz. Horrela, har litezkeen irtenbide indibidualak bilatzen saiatzen da, ordenamendu juridikoak aurreikusitako bestelako neurriak hartu aurretik.

Izan ere, Euskadiko Kutxak bere esku dituen jarduketa guztiak erabiltzen eta bultzatzen ditu utzarazpenik ez gertatzeko eta, analisi zorrotzetan oinarriturik, bezeroek beren etxean jarraitu eta ordaintzeko konpromisoak betetzeko, hala nola ordaintzeko epeak luzatzea eta, diru-sarreren arabera, gabealdiak onartzea. Metodo hori erakundearen estamentu guztietan dago barneraturik eta entitatearen printzipioei eustea du helburu: bada beste modu bat jokatzeko eta bezeroekin inplikatzeko.

Zentzu horretan, Bitartekaritza Zerbitzuak honako neurri hau aurreikusten du: bezeroak Eusko Jaurlaritzaren arbitrajea eskatzen duenetik hilabeteko epean, inolako erreklamazio judizialik ez egitea. Neurri hori ontzat hartzen du entitateak, oso egoera larrietan irtenbide onuragarria bilatzeko beste aukera bat eskaintzen baitu.

Gogora ekarri beharra dago zerbitzu horren onuradunak ohiko etxebizitza bakarraren gaineko hipoteka-kreditua edo -mailegua duten partikularrak direla. Horrez gain, higiezinaren balioa ezin da 350.000 €-tik gorakoa izan eta entitate mailegu-emailearekin akordiorik lortu ez izana egiaztatu behar du erabiltzaileak. Hipoteka Bitartekaritzako Zerbitzua erabiltzeko, herritarrak agiri bat eraman behar du, berak eskatuta eta finantza-entitateak emanda. Agiri horretan, dituen zorrak kitatzeko egindako adiskidetasunezko gestioak amaitu egin direla adierazten du.

Euskadiko Kutxak hipoteka ordaintzerik ez duten bezeroekin akordioak lortzeko orain arte egindako gestioak arrakastatsuak izan dira. Izan ere, bolumena oso txikia da, lehen etxebizitzen hipoteketan berankortasun-indizea % 1,59 ingurukoa dela kontuan hartzen badugu, finantza-sektore osoko batez bestekoa baino askoz ere txikiagoa.