Menu

Laboral  Kutxa  Prentsa  aretoa

Prentsa oharrak

EUROPAKO INBERTSIO FUNTSAK ETA LABORAL KUTXAK 24 MILIOI EURO BIDERATUKO DITUZTE ENPLEGUA SORTZERA

 La cooperativa de crédito LABORAL KUTXA y el FONDO EUROPEO DE INVERSIONES (FEI) han presentado hoy un acuerdo de colaboración

  • Diru kopuru horrek bi urtetan 1.600 mikroenpresa eta 2.700 lanpostu sortzen eta finkatzen laguntzeko balio izango du.
  • Europar Batasunak finantza-entitateen bidez bermeak eta finantzaketa emateko sortutako “Progress Mikrofinantzaketaren” esparruan kokatzen da hitzarmena.
  • Onuradunak 10 langile baino gutxiago eta 2 milioitik beherako fakturazioa duten profesional autonomoak eta enpresak dira

Bilbo, 2014ko martxoaren 26a.- LABORAL KUTXA kreditu-kooperatibak eta EUROPAKO INBERTSIO FUNTSAk (EIF) lankidetza-hitzarmen bat aurkeztu dute gaur. Hitzarmena Europako “Progress” Mikrofinantzaketa Programaren esparruan kokatzen da eta, horren bidez, 24 milioi erabiliko dira ekintzailetza sustatzeko. Dirutza horri esker, datozen bi urteetan 1.600 mikroenpresa inguru eta 2.700 bat lanpostu zuzen sortu eta finkatuko dira.

LABORAL Kutxak Bilbon duen egoitzan aurkeztu dute hitzarmena. Sinatzaileek azpimarratu dutenez, Europako “Progress” Programak “Estatuan emango duen finantzaketa-lerrorik handiena eta Europako bigarrena” izango da. Hitzarmena aurkezteko ekitaldian honako hauek izan dira: Xabier Egibar (Negozio Garapenaren Areako zuzendaria), finantza-entitatetik; Adolfo Alustiza (Lanbideko zuzendari nagusia), Eusko Jaurlaritzatik –erakunde hori ezinbesteko laguntzailea izan da hitzarmena gauzatzeko–; eta Cristina Dumitrescu (Investment Manager), Europako Inbertsio Funtsetik.

LABORAL Kutxa eta FEI. Hitzarmena

Cristina Dumitrescu (Investment Manager), Europako Inbertsio Funtsetik, Xabier Egibar (Negozio Garapenaren Areako zuzendaria), finantza-entitatetik eta Adolfo Alustiza (Lanbideko zuzendari nagusia), Eusko Jaurlaritzatik

LABORAL kutxa_F_eus

EIF ez da kreditu-entitate  bat; hortaz, enpresei ez die ematen ez mailegurik ez finantza-laguntzarik, eta ez du horietan zuzenean inbertitzen. Aitzitik,  finantza-bitartekarien bidez jarduten du. Haren jarduera-ildo nagusietako bat finantza-entitateei bermeak ematea da, horiek ETE eta autonomoei emandako maileguak estaltzeko. Eta horrelakoxea da LABORAL Kutxarekin lortutako akordioaren muina, hain zuzen. Zeregin horiek aurrera eramateko, fondo propioak edo Europako Inbertsio Bankutik (EIB) edo Europar Batasunetik (EB) datozenak erabiltzen ditu.

Hitzarmenaren arabera, euskal kreditu-entitateak 24 milioi euroren mikromaileguak emango ditu, gehienez 24 hilabeteko epean.  Xabier Egibarren hitzetan, “hitzarmenak berretsi egiten du LABORAL Kutxak enpleguarekin duen konpromisoa. Gaur egun, lan-merkatuak ez du aukera askorik eskaintzen. Horregatik, ekintzailetza oso bide egokia da laneratzeko, autogestioan oinarritutako irtenbidea eskaintzen baitu. Kooperatibetan, gure hautua beti izan da arazoei aurre egiteko geure irtenbide propioak garatzea”. Eta, honako hau erantsi du, “Europako Inbertsio Funtsarekin dugun lankidetzari esker, gure gizarteko ekintzaile askok beren proiektuak aurrera eramateko behar duten laguntza eman ahal izango dugu”.

Ondoren, Alustiza jaunak zinez goraipatu du arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza, enplegua sortzen duten ekimenak aurrera eramateko. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren ustez, “oso onuragarria da ahaleginak norabide berean biltzea. Gizarte-eragile guztiek batera enplegua sortzeko irtenbideak bilatzen jardutea nahitaezkoa da, horrela emaitzak biderkatu egiten baitira. Horregatik, garrantzitsua da arlo pribatutik ekimenak sustatzea eta ekimen horiek aurrera eramateko Herri Administrazioaren laguntza izatea. Eusko Jaurlaritza oso aliatu eraginkorra izango da lanpostuak sortzea dakarten proiektu guztietan”.

Hitzaldien txanda ixteko, Cristina Dumitrescuk honako hau adierazi du:  “Poz-pozik gaude Laboral Kutxarekin Progress Mikrofinantzaketaren esparruan Espainian egindako berme-akordiorik handiena sinatu dugulako. Ziur nago Laboral Kutxak ekintzaileei eskainiko dien mikromaileguen bidez mikroenpresak eta, batez ere, ekintzaile gazteak sortzen lagunduko duela, eta horrela, Espainiako hazkunde ekonomikoa eta gizarteratzea bultzatuko dituela”.

Helburu sozialak dituen finantzaketa

Hitzarmenak gizarteratzea laguntzeko helburu argia du. Hala, horren maileguen onuradun nagusiak 36 urtetik beherako profesional autonomoak eta 10 lanpostu baino gutxiago eta 2.000.000 €-tik beherako urteko fakturazioa duten enpresa txikiak izango dira. Pertsona fisikoak edo juridikoak izan daitezke, ohiko banku-finantzaketara jotzeko zailtasunak dituztenak.

Maileguen ezaugarriei dagokienez, mikrofinantzaketaren ohiko estandarren ildoan, finkaturiko gehienezko zenbatekoa 25.000 eurokoa da eta itzultzeko epea 3 eta 60 hilabete bitartekoa. Maileguok bermatzeko ez da inondik ere hipoteka-bermerik eskatuko, eta aurreikusitako helburuen artean, espresuki baztertzen dira higiezinen salmenta eta birfinantzaketak.

Bi erakundeek inbertsio arduratsuko irizpideak onartu dituzte hitzarmenaren babespean finantzatuko diren negozioei dagokienez. Hala, gainditu ezinezko marra gorriak ezarri dituzte, adibidez mailegu-eskatzaileen jarduerak armagintzarekin, giza klonazioarekin, tabakoarekin eta ausazko jokoekin zerikusia ez izateko.

Prezioen baldintzak bereziki egokiak dira: maileguak % 5,95eko tasa finkoan eta “Gaztenpresa maileguak” ekintzaileentzat % 3tik aurrera, bietan % 1eko irekiera-komisioekin.

LABORAL Kutxak ibilbide luzea du ekintzailetza bultzatzen, Gaztenpresa Fundazioaren bidez. Duela gutxi ezagutarazitako 2013ko emaitzen arabera, urte horretan 458 lanpostu zuzen sortu ziren eratutako 265 mikroenpresetan, Fundazioaren laguntzari esker.

Europako Progress Mikrofinantzaketa Programa

Europako Progress Mikrofinantzaketa Programak (laburtuta, Progress Mikrofinantzaketa) bermeak eta finantzaketa bideratzen ditu, mikromaileguak ematen dituzten finantza-entitateen bidez. Europako Batzordeak eta Europako Inbertsio Bankuak jarritako 250 milioi eurorekin jaio zen ekimena.  Progress Mikrofinantzaketaren helburua da mikroekintzaileek, profesional autonomoak barne, finantzaketa eskuragarriago izatea. Onuradun nagusiak ohiko banku-finantzaketa eskuratzerik ez duten kolektiboak dira, baina ez da talde horietara mugatzen. Onuradunak izan daitezke emakume ekintzaileak, gazte ekintzaileak, talde minoritarioetako ekintzaileak, desgaitasunen bat duten ekintzaileak, merkatari txikiak eta beste batzuk. Programak 25.000 eurorainoko kredituak eskaintzen ditu, programan parte hartzen duten bitartekarien bidez. Progress Mikrofinantzaketak ez die finantzaketa zuzenik ematen mikroenpresa eta gizabanakoei.

Laboral Kutxarekin sinatutako hitzarmena 51.a da Progress Mikrofinantzaketa 2010ean sortu zenetik. Orain arte 130 milioi euro baino gehiago eman dira Europa osoan mikromaileguen bidez. Halako hitzarmenak egin dituzten herrialdeen artean honako hauek ditugu: Austria, Belgika, Bulgaria, Zipre, Danimarka, Eslovenia, Eslovakia, Espainia, Frantzia, Grezia, Holanda, Irlanda, Italia, Lituania, Polonia, Portugal, Erresuma Batua eta Errumania. Informazio gehiago hemen.

Europako Inbertsio Funtsa

Europako Inbertsio Funtsaren (EIF) eginkizun nagusia mikroenpresa eta ETE-ei laguntzea da, eta horretarako, finantzaketa eskuratzen laguntzen die.  EIFk arrisku-kapitala ematen du eta bermeak eta mikrofinantzaketa-tresnak bideratzen ditu, batez ere merkatuko segmentu horretara zuzenduak. Eginkizun horren bidez, Europar Batasunak berrikuntza, ikerkuntza, garapena, ekintzailetza, hazkundea eta enplegu-sorrera bultzatzeko dituen helburuak sustatzen ditu. 2013aren bukaeran, EIFk guztira 7,9 bilioi euro bideratuak zituen kapital pribatuko funtsetara. Inbertsioak ditu 435 fondotan baino gehiagotan. Horrenbestez, Europako liderra da bere inbertsioen tamaina eta irismenagatik, batez ere enpresa sortu berrietan eta teknologia-sektorean dihardutenetan. 2013ko abenduan, EIFren kreditu-bermeen zorroa 5,6 bilioi eurokoa zen, 300 eragiketaren baino gehiagoren bidez.Informazio gehiago hemen.

LABORAL Kutxa

Laboral Kutxa 50 urte baino gehiago dituen kreditu-kooperatiba da, Mondragon Korporazioan dagoena. Haren finantza-jarduera 1.200.000 familiari eta enpresari produktuak eta zerbitzuak ematea da. Partikular, autonomo eta mikroenpresentzako sukurtsal-sareak 370 salmenta-puntu baino gehiago ditu, Espainiako iparraldeko erdialdean kokatutako herri eta hiri nagusietan. Gainera, ETE-entzako 12 sukurtsal ditu. Horri esker, EAEko bi enpresatik bat LABORAL Kutxaren bezeroa da.

Entitatearen enpresa-ereduaren oinarriak soldata-elkartasuna eta langileek gestioan parte hartzea dira; izan ere, entitatearen jabeak langileak berak dira. Horri esker, bezeroekiko tratua hurbilagoa da, bezeroak bazkide jabe batekin jartzen direlako harremanetan, eta ez soldatapeko langile batekin. Bestalde, LABORAL Kutxak urteko irabazien % 25 gizartean inbertitzen du berriro, kreditu-kooperatibei legez eskatzen zaiena baino askoz kopuru handiagoa.

2013aren itxierako datuen arabera, entitateak balantze orekatua du: 17.159 milioi euro gestionatzen ditu eta 16.743 milioi inbertituta ditu kredituetan. Kaudimen – mailaren inguruan, % 12,17ko Core Capitalarekin (Tier1) eta 104 milioi euroko irabazi garbiak, zergak ordaindu ondoren. Horrenbestez, LABORAL Kutxak rating-egoera egokia du, eta bi finantza-entitate soilik daude horren aurretik Espainiako estatuan (FITCH, 2013ko urria).Informazio gehiago hemen.