Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Ekitaldi korporatiboak

“Etikari, Humanismoari eta Zientziari” buruzko elkarrizketen V. Edizioa

Apirilaren 12a, Etikari, Humanismoari eta Zientziari buruzko Elkarrizketak deritzon zikloaren V. edizioari ekingo zaio Donostian, Euskadiko Kutxaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostia Unibertsitate Ospitalearen ekimenez.

Elkarrizketak urteroko ekimen bilakatu dira hirian. Pentsamendu- eta eztabaida-plataforma dira, eta entzuleen eta hizlarien arteko baterako parte-hartzea dute xede, hainbat gairen inguruan aztertu, hausnartu eta hitz egiteko, baita gai konplexu eta zailei buruz ere. Azken finean, landutako gaiaren gainean iritzi osatuagoa eta alderatuagoa izatea ahalbideratu nahi zaie bertaratutakoei.

Aurtengo zikloa hasteko, “Krisiaren balioak, balioen krisia” izenburupean hitzaldia eskainiko dute Diego Gracia mediku eta Bioetikan adituak eta Jose Manuel Ladron de Guevara Donostia Unibertsitate Ospitaleko Zuzendari medikuak. Krisialdi ekonomikoan ez ezik orokorrago batean murgilduta dagoen gizartean balioak kudeatzearen garrantziaz egingo dute gogoeta.

Maiatzaren 8an, asteartez, bigarren Elkarrizketa-saioan, Elsa Punset idazle, filosofo eta adimen emozionalean aditua izango da hizlari, Donostia Unibertsitate Ospitaleko Erradiologia-zerbitzuko buru Angel Moralesekin batera. Topaketa horretan entzuleek emozioen mundu konplexu eta interesgarria aztertzeko aukera izango dute, eta horiek modu egokian kudeatzeko eta “buruko osasuna” hobetzeko gakoak ezagutuko dituzte.

Hitzaldien zikloa amaitzeko, maiatzaren 23an, asteazkenez, Albert Jovell medikua izango da hizlari. Kataluniako Nazioarteko Unibertsitateko Osasun Publikoko eta Osasun Politikako Institutu Globalaren zuzendari da, eta badira hamar urte baino gehiago minbizia duela. Ikuspegi bikoitz horretatik, medikuaren eta gaixoaren arteko harreman pertsonalari buruzko iritzia emango du, medikuntzak azken urteotan izan duen aldaketa aztertuz eta gaixoak hartu duen profil berriaz hausnartuz. Jovellekin batera ariko da Mercedes Zabarte, Donostia Unibertsitate Ospitaleko Medikuntza Intentsiboko Unitateko medikua.

Zikloko hiru Elkarrizketok Londres Hotelean egingo dira, 19:30ean hasita. Sarrera doakoa da eta ekitaldia guztiontzat dago zabalik, baina lekua mugatua denez ezinbestekoa da aurretik izena ematea http://www.ciclodialogos.net, dialogos@komunikazioa.org helbide elektronikoan edo 943 00 73 59 / 56 telefonoan 8:00etatik 14:00etara.