Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

CEBEK-EK ETA LABORAL KUTXAK ALIANTZA BAT EGIN DUTE BIZKAIKO ENPRESEN LEHIAKORTASUNA SUSTATZEKO

  • Finantzaketa-lerro berezia gaitu da lehentasunezko baldintzetan

  • ETE-ek Finantza Gestioko Programa bat izango dute eskura, balantzeak gestionatzeari, ordaingabeak berreskuratzeari eta aurrekontuak egiteari buruz, besteak beste

  • LABORAL Kutxak LABORAL Next aholkularitza-zerbitzua jarri du abian, Europako laguntzak eskatu eta tramitatzeko prozesuan laguntzeko ETE-ei

Bilbo, 2021eko azaroaren 12a.‑Bizkaiko ETE-ek ziurgabetasunez betetako ingurune batean egin behar diote aurre pandemiak eragindako krisiaren irteerari. Egoera hori zuzentzeko eta industria-ehunaren suspertze jasangarria lortzeko xedez, Bizkaiko Enpresarien Konfederazioak (CEBEKek) eta LABORAL Kutxak hitzarmen bat sinatu dute, CEBEKeko enpresa kideei merkataritza-arloko hainbat prestakuntza- eta sentsibilizazio-jarduera eskaintzeko eta, horrela, haien lehiakortasuna hobetzeko.

Helburu horrekin, Finantza Gestioko Programa bete-bete bat hedatzeko baterako plana sinatu dute Susana Andrések, LABORAL Kutxako zuzendari komertzialak, eta Francisco J. Azpiazuk, CEBEKeko idazkari nagusiak. Programa horrek jardunaldiak eta lantegiak hartzen ditu barne, eta euskal kreditu-kooperatibako teknikari adituek eta enpresa-gaietan espezializatutako kontsultoretza-enpresetako profesionalek emango dituzte. Era berean, hitzarmenaren arabera, finantzaketa-lerro berezia ireki da enpresentzat, lehentasunezko baldintzetan.

Honela mintzatu da Francisco Javier Azpiazu, hitzarmena sinatu eta gero: «Aliantza hau funtsezkoa da CEBEKentzat eta bere enpresentzat. Hitzarmenari esker, gure enpresak trebatu eta birziklatu egin ahal izango dira, merkataritzaren, kontabilitatearen eta finantzen alorretan. Gai horiek behar-beharrezkoak dira beti, baina batez ere orain, azken hilabeteotako egoera zailetik irten nahian gabiltzanean.

Susana Andrések, bere aldetik, positibotzat jo du CEBEKekin egindako aliantza, eta gogoeta egin du egungo egoeraz eta Bizkaiko ETE-en finantzen alorreko eskariaz: «Enpresek zirkulatzailea finantzatzeko premia handiagoa dute orain, batez ere industria-alorreko enpresek, jarduera handitu egin baita eta lehengaiak eskuratzea zaila baita, horien eskasia eta prezio-igoera direla eta. Hala ere, inbertsioek ohiko mailatik behera jarraitzen dute, ziurgabetasuna nagusi delako eta enpresa asko Europako funtsen zain daudelako».

Gauzak horrela, irtenbideak emateko konpromisoa hartu du LABORAL Kutxak, enpresek garapena sendotzeko eta merkatura bideratzeko erraztasunak izan ditzaten. Horretarako, funtsezkoa iruditzen zaio Europako Next Generation EU funtsak eskura izatea; izan ere, 140.000 milioi euro iritsiko dira Espainiara, produkzio-ehuna birsortuko duten erreformak eta inbertsioak egiteko eta, horrela, hazkunde ekonomikoa mugatzen duten arazoak arintzeko.

Helburu horrekin, aholkularitza espezializatuko unitatea sortu du LABORAL Kutxak —LABORAL Next—, laguntza-ildo nagusietara jotzeko erraztasunak emateko enpresei. Zerbitzu berri horrek ETEak aholkatzen ditu, haien proiektuak berreskuratze-funtsetarako ezarritako helburuetan nola txertatzen diren jakin dezaten, eta, dagokionean, laguntza teknikoa ematen die, aurreikusitako deialdietako eskakizunen arabera prestatu eta aurkez ditzaten proiektuak.

 

 

2021erako aurreikusitako ikastaro eta mintegien programa:

 

  • ONLINE IKASTAROA: CASH MANAGEMENTA, FINANTZA-BIDERAGARRITASUNA ETA KREDITU-ARRISKUAREN GESTIOA.
  • AZKEN ERREFORMAREN OSTEKO KONTABILITATE-ESPARRU BERRIA. KONTULARIEN FINANTZA-ROLA GAUR EGUN. AKTIBO EZ-KORRONTEA. DOTRINA EGUNERATZEA: ICAC 2020: KONTSULTA GARRANTZITSUAK.
  • IKASTAROA: FINANTZA-KONTABILITATEA 2021EKO KONTABILITATE-ESPARRU BERRIAREN ARABERA.
  • IKASTAROA: FINANTZA-KONTABILITATEA 2021EKO KONTABILITATE-ESPARRU BERRIAREN ARABERA.
  • WEB-MINTEGIA: NEGOZIOA KONTROLATZEKO GAKOAK ETA TRESNAK. KOSTUAK, ALTXORTEGIAREN TXOSTENAK ETA ADIERAZLEAK.
  • LANTEGIAK: EXCELEN HASTAPENA KONTABILITATE- ETA FINANTZA-INFORMAZIOAREN GESTOREENTZAT (6 ORDU).