Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

Caja Laboral empresas-en eta Mondragón Internacional-en arteko hitzarmena

Euskadiko Kutxaren bezeroek bidelagun berria  dute, internazionalizazio-prozesuetan aurrera egiteko
Caja Laboral Empresas-ek eta MONDRAGÓN Internacional-ek negozio-bide berria urratzen hastea erabaki dute. MONDRAGÓN Korporazioko Nazioarteko Ordezkaritzek esperientzia handia lortu dute, taldeko enpresek burututako internazionalizazio-prozesu zabalaren bidez, eta ikasitako guztia Euskadiko Kutxaren enpresa bezeroen esku jarriko dute.
Hitzarmenari esker, gure finantza-entitateak beste aurrerapauso bat emango du, beti enpresen ondoan egoteko apustuari dagokionez. Bezeroei eskainiko diegun zerbitzu berriak berebiziko balio erantsia du, finantza-konponbideak eskaintzera mugatu beharrean, askoz ere urrutiago heltzen baita. Gainera, korporazioak nazioarteko hedapen aitortuaren bidez metatutako esperientziaren bermea ziurtatzen du.

Gaur egun, euskal enpresa-taldeak sei ordezkaritza ditu munduko eremu guztietan: Brasilen, Txinan, Indian, Mexikon, Errusian eta AEBn. Ordezkaritza horietan 50 lagunek baino gehiagok egiten dute lan, eta honako eginkizun hauek gauzatzen dituzte funtsean: merkatu-ikerketak, prospektiba-azterketak, negozio-aukeren analisiak eta enpresak atzerrian finkatzeari buruzko azterketak.
Ildo horretan, aipatzekoa da MONDRAGÓN Asia Sourcing-ek eskaintzen duen erosketa-zerbitzua. Ordezkaritza iraunkorrak ditu Txinan eta Indian, eta 30 laguneko lantaldea. Bi herrialde horietan, industria-produktuen hornikuntza-iturririk onenekin zuzenean harremanetan jartzeko aukera eskaintzen dute. Erosketa-aholkularitza horri esker, enpresen produktuen kostuak erruz murrizten dira, eta ondorioz, lehiakortasuna areagotu egiten da.

Hemendik aurrera, Caja Laboral Empresas-en eta Mondragón Internacional-en arteko hitzarmenari esker, Euskadiko Kutxaren enpresa bezeroak korporazioaren ezagutzez baliatu ahal izango dira. Halaber, beste merkatuetako aukerei ahalik eta etekinik handiena ateratzen lagunduko die bidelagun berriak.