Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

Abian da XX. Eusko Ikaskuntza – LABORAL Kutxa Humanitate Sariaren deialdi berria

  • Sariak Humanitateen, Kulturaren, Arteen eta Gizarte Zientzien alorretan curriculumik onenak dituzten jarduneko pertsona ospetsuak saritzen ditu.
  • Hautagaitzak aurkezteko epea 2014ko apirilaren 30ean amaituko da eta epaimahaiaren erabakia urte bereko udaberrian emango da ezagutzera.
  • Saria 20.000 eurokoa da eta 2014ko udazkenean emango da.

Bilbo, 2014ko martxoaren 10a.  Aurtengoan ere, LABORAL Kutxak eta Eusko Ikaskuntzak Humanitate Sarian parte hartzera deitu ditu ikerketan, zientzian eta kulturan lan egiten duten pertsona entzutetsu guztiak. Sariaren 20. aldia izango da aurtengoa. Hautagaitzak aurkezteko epea 2014ko apirilaren 30ean amaituko da eta epaimahaiaren erabakia urte bereko udaberrian emango da ezagutzera. Saria 20.000 eurokoa da (hutsik gera daiteke) eta 2014ko udazkenean emango da.

XX. Eusko Ikaskuntza – LABORAL Kutxa Humanitate Sariaren deialdi berriaLehen aldiz 1995ean banatu zen sariaren helburua da Humanitateen, Kulturaren, Arteen eta Gizarte Zientzien alorretan, zentzu zabalenean ulertuta, curriculumik onenak dituzten jarduneko pertsona ospetsuei eskerrona adieraztea euskal kulturaren garapenari egin dioten ekarpenagatik. Julio Caro Baroja (1995), Eduardo Chillida (1999), Bernardo Atxaga (2002) eta Javier Elzo (2009) dira aurreko aldietan saritutako batzuk. Horien lana ekarpen eraginkorra izan da Baskoniaren kultur garapenerako.

Iazkoan Mari Carmen Gallastegui eta Francisco Etxeberria izan ziren sarituak. Haien curriculum akademikoez gain, nabarmentzekoak dira egiten duten eguneroko lanaren alderdi humanoa eta soziala, lan horrekiko duten gogo bizia eta maitasuna, bai zabalkuntzan eta baita ikerkuntzan ere. Bigarren aldiz eman zaie saria bi laguni batera, izan ere, 1998an Jesus Altuna arkeologoa eta Juan Plazaola Arte katedraduna saritu baitzituzten.

Era berean, aparteko epaimahaiak  saria  berezia izatea eragiten du, Euskal Herriko zazpi unibertsitateek osatzen baitute (Euskal Herriko Unibertsitateak, Deustukoak, Nafarroakoak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Paue eta Aturrikoak, Mondragon Unibertsitateak eta UNEDek). Gainera, ebaluazioan espezialista diren itzal handiko bi laguntzaile izaten ditu epaimahaiak, LABORAL Kutxak eta Eusko Ikaskuntzak izendatutakoak.

Hautagaitzak aurkeztea

Hautagaitzak hautagai den pertsonak berak, unibertsitateko institutuek edo departamentuek eta zientzia- eta kultura-entitateek aurkez ditzakete. Aurkezpen-gutunarekin batera Curriculum Vitaea bidali behar da (nahitaezkoa da betetzea), eta horren inprimakia Eusko Ikaskuntzaren edozein lurralde-bulegotan eskura daiteke, baita web orrian ere. Halaber, LABORAL Kutxak eta Eusko Ikaskuntzak aurreko urteetan irabazle izan ez diren hautagaiak ere aurkez ditzakete, egoki baderitzote, eta horretarako, hasieran aurkeztutako curriculuma behar den moduan eguneratuko dute. Dokumentazioa, paperean eta euskarri informatikoan, Eusko Ikaskuntzaren Donostiako Miramar Jauregiko bulego nagusietara bidali behar da.

Saritutakoaren ekarpen interesgarrienetakoa artikulu bat idaztea izango da, izen handiko RIEV aldizkarian argitaratuko dena. RIEV Eusko Ikaskuntzaren Nazioarteko Aldizkaria da, hainbat diziplinatako ideiak, joerak eta teoria zientifikoak biltzeko eta eztabaidatzeko gunea.

Talentuaren aldeko apustua

Komunitate baten balioa kideetako askoren kualifikazio handian datza, neurri handi batean. Ildo horretan, kualifikazio handiagatik eta komunitatera bideratzen duten talentu-ekarpenagatik nabarmentzen diren kideak saritu nahi dituzte LABORAL Kutxak eta Eusko Ikaskuntzak.

Pertsona horiek ingurunean erreferentzia eredugarri bilakatzea du xede sariak urtero.