Prentsa oharrak
LABORAL KUTXAK ETA ADEGIK ELKARREKIN JARDUNGO DUTE GIPUZKOAKO ENPRESA-SAREA ERRONKA BERRIETARA EGOKITZEKO
Akordioak finantza-erakundeak Industria Gunea eta New Culturers Gunea ekimenei ematen dien babes estrategikoa azpimarratzen du
.
Donostia, 2026ko martxoaren 23a.– LABORAL Kutxak eta Gipuzkoako Enpresen Elkarteak (ADEGI) enpresa-lankidetzako hitzarmen bat sinatu dute, enpresak sozietatearen eragile eraldatzaile gisa duen eginkizuna indartzeko. Akordio horrek lankidetza-esparru bat ezartzen du, lurraldeko erakundeei jasangarritasun ekonomikoan eta lehiakortasunean laguntzeko.
Aliantza honen bidez, LABORAL Kutxa Adegiko bazkide bilakatzen da, eta horrek aukera ematen dio elkarteak ordezkatzen dituen 3.000 enpresa baino gehiagorekin esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzeko. Gizarte-inpaktu handia duten bi erakundeek Gipuzkoako enpresa-ingurunearen lehiakortasuna eta garapena indartuko duten espazioak sortu nahi dituzte.
Akordioa sinatzeko ekitaldian, ADEGIko zuzendari nagusi Jose Miguel Ayerzak oso modu positiboan baloratu du LABORAL Kutxarekin lortutako akordioa, eta azpimarratu du mota honetako aliantzak “funtsezkoak direla Gipuzkoako enpresen lehiakortasuna indartzeko eraldaketa ekonomiko, teknologiko eta sozialeko testuinguru batean”.
Ildo horretan, adierazi du LABORAL Kutxaren inplikazioak enpresa, industria eta gazteak lotzen dituzten ekimenak indartzea ahalbidetuko duela, erakundeak etorkizunerako hobeto prestatzen lagunduz. Azkenik, Ayerzak azpimarratu du akordio honek enpresa-ekosistema sendoagoa, berritzaileagoa eta gero eta zorrotzagoa den ingurune globalean lehiatzeko prestatuagoa finkatzen laguntzen duela.
Bere aldetik, Susana Andrések, LABORAL Kutxako Enpresa zuzendariak, “Gipuzkoako industria-sarearen dinamismoa eta erresilientzia” nabarmendu ditu, eta Adegirekin eratutako aliantza estruktural honek “LABORAL Kutxak Gipuzkoaren eta bertako enpresen garapenarekin duen konpromisoa berresten duela” adierazi du.
LABORAL Kutxa enpresekin eta haien ingurunearekin konprometitutako erakundea da; 285 bulego baino gehiagoko sarea du (horietatik 62 Gipuzkoan), eta enpresetan adituak diren 100 kudeatzailez osatutako taldea. 2025eko itxierako datuek konpromiso hori berresten dute; merkataritza-eremurako mailegu eta kreditu berrien zenbatekoak aurreko ekitaldietako inertzia ona azkartu du, aurreko urtearekiko % 33ko hazkundearekin. MONDRAGON korporazioko finantza-erakundeak enpresei laguntzeko duen bokazioa bereziki nabarmena da Gipuzkoako lurralde historikoan, hamar enpresatik lau LABORAL Kutxako bezeroak baitira.
Hitzarmen honen oinarrizko zutabeetako bat enpresa-mundua eta talentu gaztea lotzeko bi ekimen garrantzitsuren babesa da:
- Industria Gunea: Industriaren errealitatea bigarren hezkuntzako ikasleei hurbiltzeko diseinatutako programa bat, Gipuzkoako motor ekonomiko gisa duen erakarpena eta garapen profesionalerako etorkizuneko aukera sendo gisa duen balioa azpimarratzeko.
- New Culturers: Elkargune bat da, non antolakuntza-kultura berri baten pean lan egiten duten enpresak Lanbide Heziketako eta Unibertsitateko ikasleekin harreman zuzenean jartzen diren, gazteek beren lan-itxaropenekin bat datozen erakundeak bertatik bertara ezagutu ditzaten.
Hitzarmen hau sinatuta, Laboral Kutxak eta Adegik eskualdeko industria- eta lanbide-sarearen aurrerabidea eta gizarte-onura ekarriko duten jardueren garapena sustatzera bideratutako harremana finkatu dute.

