Prentsa oharrak
Beherakada txikia EAEko familien konfiantzan
EAEko familien konfiantza-indizea neutraltasunetik gertu mantendu da (-2, 2025eko lehenengo hiruhilekoan), baina beheranzko profil apala izan du azken hiruhilekoan (-2 puntu). Hala, familien konfiantza oso egonkor mantendu da 2024ko lehenengo hiruhilekotik, eta, balio neutrotik oso gertu egon bada ere, ez da horretara iritsi.
Zein da beren inguruneari dagokionez EAEko familiek duten iritzia?
- Kasu guztietan antzekoa izan da bilakaera, baina EAEko familien ezkortasun maila apur bat baxuagoa da ingurukoena baino. 2021az geroztik ikus dezakegu joera hori. Dena den, azken hiruhilekoan behera egin du apur bat, kasurik gehienetan. Testuinguru horretan, EAEko familiak daude neutraltasunetik gertuen (-4), eta posizio okerragoan daude Europako (-13), Danimarkako (-10), Alemaniako (-12), Frantziako (-13) eta Holandako (-16) familiak.
Nola eraiki daiteke EAEko familien konfiantza eta haren bilakaera?
- 2025eko lehenengo hiruhilekoan, langabeziaren bilakaeraren gaineko igurikimen onek (+5) eta aurrezteko ahalmenak (+1) markatu dute EAEko familien konfiantza. Aldiz, testuinguru horretan, mesfidantza nagusitzen da familiaren ekonomiaren gainean (-6) eta, bereziki, ekonomia orokorraren gainean (-19). Azken adierazle hori da azkenaldian eszeptizismo handiena sortu duena (2020az geroztiko urteko batezbestekoak: -33, -12, -23, -21 eta -15).
- Nolanahi ere, EAEko familien konfiantzaren lau osagaietatik hiru mantendu egin dira aurreko hiruhilekoko balioekin alderatuta. Hala, ekonomia orokorraren gaineko igurikimenak (-6) okertu izanak eragin du 2025eko lehenengo hiruhilekoan EAEko familien konfiantza jaistea.
- Konfiantzaren galera txiki hori ez dago lerrokatuta EAEko ekonomiaren hazkunde-aurreikuspenekin (2024an BPGaren +% 2,1) edo enpleguaren hazkunde-aurreikuspenekin (1 milioi kotizatzaile baino gehiago Gizarte Segurantzan). Hala ere, inflazioaren igoera txiki bat ikusten da (otsaileko KPI orokorra, +% 3,3 EAEn eta +% 3,0 Estatuan).
Nola eragiten du konfiantzak familiaren gastuan eta inbertsioan?
- Datozen hamabi hilabetetan prezioek berriz ere gora egingo dutela aurreikusten dute EAEko familiek (-15), eta horrek okertu egiten du erosteko unearen balorazioa (-16). Dena den, hobetu egin dira erosketa handiak egiteko igurikimenak (+4), eta horrek hobetu egin du EAEko familiek kontsumoaren gainean duten konfiantza.
- Etxebizitza erosteko asmoa mantendu egin da (familien % 0,8k adierazi dute asmo hori dutela), eta salerosketa-eragiketak ugaritu egin dira (urte arteko +% 13,8ko hazkundea 2024an). Era berean, mantendu egin da ibilgailua erosteko asmoa (familien % 4,9), eta ibilgailu berrien matrikulazioaren hazkundea lauagoa da (+% 0,9ko urte arteko tasa urtarrila-otsailean).
Laburbilduz: EAEko familien konfiantzak beherakada txiki batekin eta neutraltasunetik gertu hasi du 2025a. Enpleguaren egonkortasuna eta inflazioaren igoera dira giltzarriak, baita aurrezteko ahalmena ere, azken hori balio positiboetan mantendu baita 2024aren hasieratik.
Hala ere, familiaren ekonomiaren eta, batez ere, ekonomia orokorraren gaineko eszeptizismoa dute oraindik ere. Zentzu horretan, azken lau hiruhilekoetako konfiantza mailaren antzekoarekin hasi dute urtea EAEko familiek, eta azken lau urteetan baino baikorrago daude. Hala, hauek markatuko dute urtean zeharreko bilakaera: enpleguaren egonkortasuna, inflazioa % 2ko helburura jaistea eta ezegonkortasun geopolitikoa. Azken horrek EAEko eta inguruko ekonomiei eragiten die, eta arriskuan jartzen ditu eremu geografiko guztien hazkunde ekonomikoko helburuak.