Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

ARABAKO ENPRESEI LAGUNTZEKO LANKIDETZA-HITZARMENA BERRITU DUTE LABORAL KUTXAK ETA SEA-K

  • SEAko enpresa elkartekideek baldintza berezietan jasoko dituzte banku-produktuak eta -zerbitzuak

  • SEAk espero du akordio honi esker Arabako enpresek ahalik eta ondoen aurre egitea ziurgabetasunez betetako etorkizun ekonomikoari

  • Enpresek 8,2ko nota jarri diote LABORAL Kutxaren profesionaltasunari

  • LABORAL Next zerbitzu esklusiboak Europako Next Generation EU funtsak lortzen laguntzen du

 

Gasteiz, 2022ko urriaren 27a.– LABORAL Kutxak eta SEA Arabako Enpresak elkarteak lankidetza-hitzarmena berritu dute. Haren bidez, Arabako enpresa-elkarteari atxikitako enpresei hainbat zerbitzu ematen zaizkie, baldintza berezietan, baita finantzaketa-lerro bereziak ere.

Bi erakundeen arteko hitzarmena SEAren Gasteizko egoitzan sinatu da. Euskal finantza-erakundearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena garrantzi handikoa da Arabako enpresentzat, batez ere «enpresarik txikienentzat, horiek izaten baitituzte ezinbesteko duten finantzaketa lortzeko zailtasunik handienak», Pascal Gómez SEAko lehendakariak hitzarmena sinatzeko ekitaldian azaldu duenez.

Bestalde, LABORAL Kutxa kreditu-kooperatibaren ordezkariak, Susana Andrés zuzendari komertzialak, hitzarmenaren garrantzia azpimarratu du, eragileen borondateak bateratzeko beharraren erakusgarri: «Elkarrekin, Arabako lurraldeko ekonomia bultzatzeko ahalmen handiagoa izan dezakegu, batik bat ingurune globalean hainbat mehatxu daudela kontuan hartuta; besteak beste, Ukrainako gerra eta haren ondorioak hornidura-arazoak eta oso inflazio handia eragiten ari dira».

Halaber, entitateak enpresa bezeroei ematen dien zerbitzuaren kalitatea nabarmendu du Susana Andrések. Ikerfel kanpoko aholkularitza-enpresak orain gutxi egindako azterlan baten arabera, enpresek 8,2ko nota jarri diote LABORAL Kutxak enpresa-arloan duen profesionaltasunari.

Arabako enpresentzat une garrantzitsua delarik berritu da hitzarmena. Izan ere, urteko azken txanpan daude enpresak, eta, lehengaien eta energiaren prezio handien ondorioz, marjinak gero eta txikiagoak dira. Gauzak horrela, SEAko lehendakariak espero du LABORAL Kutxarekin sinatutako lankidetzak aukera emango duela ziurgabetasunez betetako egoerari ahalik eta ondoen aurre egiteko, aurreikuspen guztien arabera datorren ekitaldian ere bere horretan jarraituko baitu egoerak.

LABORAL Kutxak SEAko enpresa elkartekideei laguntzen jarraituko du, LABORAL Next doako aholkularitza-zerbitzuaren bidez. Zerbitzu horrek enpresen eskura jartzen du Europako Next Generation EU funtsek ematen dituzten aukerei buruzko informazio guztia.

Sinatutako akordioaren atal batean, prestakuntza-jarduerak eta ekintzailetzara bideratutako ekintza-lerro bat ere jaso dira. Gaztenpresa, LABORAL Kutxaren enplegurako fundazioa, arduratuko da horretaz. Ekimen ekintzaile berriei doako laguntza integrala emango die, ekintzailetza-prozesuaren fase guztietan.

 

SEA-LABORAL Kutxa 2022 hitzarmenaren produktuak eta zerbitzuak:

  • KOI lerroak
  • Energia-efizientziako proiektuetarako finantzaketa
  • Finantza-berregituraketa
  • Confirming lerroak
  • EIFren mikrokredituak
  • Next Generation EU funtsen dirulaguntzen aurrerakina eta inbertsioetarako finantzaketa