Prentsa oharrak
LABORAL KUTXAK 2029RA ARTE LUZATU DU EUSKADI FUNDAZIOAREKIN DUEN HITZARMENA
Emakumezkoen taldea lehenetsiz, 2024an World Team postu bat lortzeko helburua finkatu du
Emakumezkoen LABORAL Kutxa taldeak 1,8 milioi eurotik gorako aurrekontua aurreikusten du 2024tik aurrera
Aitor Galdós izango da emakumezkoen taldeko manager nagusia
2022ko uztailaren 18a.–LABORAL Kutxak eta Txirrindularitzako Euskadi Taldeak beste sei urterako luzatu dute lankidetza-hitzarmena. LABORAL Kutxa 2018an hasi zen Euskadiko txirrindularitza-proiektua babesten, Fundazioaren inguruko emakumezkoen zein gizonezkoen talde guztiak barne hartuta, harrobiko oinarrizko txirrindularitzaren esparruan.
Gazteei kirola ahalik eta duintasunik handienarekin egiten laguntzeko oinarrizko proiektuei eustea da LABORAL Kutxaren kirol-babesaren orientazioa, eta ikuspegi horretan funtsezkoak dira emakumeak zein gizonak aintzat hartzen dituzten balio inklusiboak. Horregatik, sinatutako hitzarmenak lehenetsi egingo du Euskadi Fundazioaren emakumezkoen egitura garatzea.
Ildo horretan, LABORAL Kutxaren helburua asmo handikoa da: emakumezkoen euskal txirrindularitzaren mundu-mailako ikurra izatea, eta, 2024tik aurrera, World Team postu bat eskuratzea. Horretarako, emakumezko euskal txirrindularirik onenak eta kanpoko beste ziklista gailen batzuk izango ditu taldean. Lehen mailako zenbait txirrindulari bereganatu ditu jada LABORAL Kutxa taldeak, hala nola Idoia Eraso eta Yurani Blanco, eta aurki berretsiko du ofizialki kalitateko eta nazioarteko proiekzioko beste batzuen partaidetza ere.
Ion Lazkanok jarraituko du LABORAL Kutxa taldeko txirrindularien zuzendaritzan, eta Aitor Galdósek hartuko du taldeko manager nagusiaren kargua. Bestalde, euskal kreditu-kooperatibarentzat jardueraren bidez ingurunea eraldatzeko bokazioa funtsezkoa denez, kooperatibismoaren balioetan oinarritutako eredu profesionalizatua bultzatu du. Eredu horrek, era berean, diru-sarrerak handitzea bilatzen du taldeko emakumezko txirrindulari guztientzat, gizonezkoen taldeko kideekin parekatuz joan daitezen. Horretarako, 1,8 milioi eurotik gorako aurrekontua bideratzea aurreikusten du 2024an emakumezkoen taldearentzat; 2023. urtea, berriz, taldea etengabe hazteko eta finkatzeko aurretiko etapatzat hartuko da.
Emakumezkoen taldearentzako lehentasunezko babesaz gain, 23 urtez azpiko gizonezkoen taldea sostengatzen jarraitzea aurreikusten du hitzarmenak, etorkizuneko euskal txirrindulari profesionalak beren garapenerako ingurune egoki batean trebatu daitezen.