Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

GAZTENPRESAK 402 ENPRESA BERRI SORTZEA SUSTATU DU 2015EAN

 

                  • Sortutako 402 enpresa horiek 731 lanpostu berri sortu dituzte

 

                  • 1994an abian jarri zenetik, Gaztenpresak 4.120 enpresa baino gehiago sortzen lagundu du eta 7.330 lanpostu baino gehiago sortu ditu

 

                  • 2015ean, Mentoring programa berritzaile bat jarri da martxan: 41 boluntario adituk kudeaketaren inguruko gomendioak ematen dizkiete pertsona ekintzaileei

 

Bilbo, 2016ko ekainaren 6a.- Enpresa-ideia bideragarri bakar bat ere ez dadila gauzatu gabe geratu aholkularitza- edo finantziazio-gabeziagatik. Horrela laburbiltzen du Gaztenpresak bere izateko arrazoia, eta urtero datuek hala dela frogatzen dute: joan den ekitaldian 402 enpresa berrik ikusi zuten argia, eta 731 pertsonak lanpostu bat aurkitu zuten Gaztenpresaren laguntzari esker.

Laboral Kutxaren enplegurako Fundazioak 2015eko bere Memoria aurkeztu du. Xabier Egibar Fundazioko lehendakariak eta Laboral Kutxaren Negozio Garapen Arloko zuzendariak, Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Inma Ramos Gaztenpresako zuzendariak Fundazioak joan den urtean zehar garatutako jardueraren alderdi nagusiak azaldu dituzte gaur goizean, Bilbon.

Bere txandan, Xabier Egibar oso pozik agertu da lortutako lorpenekin. Testuinguru ekonomiko eta sozial konplexu honetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko langabezia % 12,8koa eta Nafarroako langabezia % 14,25ekoa dela kontuan hartuta: “Ekintzailetzaren bidea autoenpleguaren aldeko apustua egiten duten pertsona askoren lan-horizontea argitzeko oso aukera balidagarria dela frogatu du berriz ere Gaztenpresak”. Era berean, Egibarrek Gaztenpresaren ibilbide txalogarria azpimarratu du: “4.120 enpresa baino gehiago eta 7.300 lanpostu inguru sortzen lagundu du lanean daramatzan hiru hamarkada hauetan zehar”.

Jarraian, administrazioa enplegua sortzeko eta hura bilatzen ari direnei laguntzeko ekimenekin bat datorrela azaldu du Ángel Toña sailburuak. “Ekitea ez da erraza. Horregatik, beharrezkotzat jotzen dugu ideia bideragarri bat dutenei enpresa berria sortzeko lehen urratsak erabakitasunez hartzen laguntzea. Izan ere, laguntza teknikoa, gizatiarra eta finantzarioa eskainiz proiektuaren bideragarritasuna frogatu daiteke”.

gazteis enpresa11

Ángel Toña, Xabier Egibar eta Inma Ramos baikor agertu dira komunikabideen aurrean (ezkerretik eskumara)

Parte hartzeko txanda amaitzeko, Inma Ramos Gaztenpresako gerenteak Fundazioak 2015ean lortu dituen datuen eta etorkizunean lortu nahi dituen erronken laburpena egin du.

Gaztenpresa Fundazioak lau ildo estrategiko hauetan garatzen du bere lana:

1.- Ardatz nagusia enpresen sorkuntzan laguntzea da. Pertsonari Gaztenpresarekin lehen aldiz harremanetan jartzen denetik laguntzen zaio, bere negozioa edo mikroenpresa abian jarri arte, honako alderdi hauetan:

  • Arreta eta laguntza pertsonalizatua enpresa-ideia garatzeko orduan, hura hobetuz eta zentzu ekonomikoa emanez.
  • Negozio-plan egituratua, bideragarritasuna bermatzeko.
  • Izapideak, laguntzen eskaerak eta diru-laguntzak.
  • Finantziazio egokitua.

Joan den urtean 1.930 proiektu artatu ziren, baina horietatik 402k bakarrik lortu zuten enpresa gisa eratzea. Prozesuaren lehen fase horretan, egokiak ez diren profilak hautematen dira. Fase hori kritikoa eta balio handikoa da, proiektu askok porrot ez egitea lortzen baita, eta horrenbestez, pertsona ekintzaileari eragindako arazoak saihesten dira, bestela jarraitutasunik gabeko ideietan inbertituko bailituzke beren bitarteko eskasak. Horren ondorioz, Gaztenpresaren bitartez sortzen diren enpresek biziraupen-tasa altua dute, % 71 ingurukoa, ireki eta 3 urtetara.

2.- Bigarren jarduketa-ildoaren xedea dagoeneko abian diren proiektuak sendotzea da, lehenengo urteetan zehar izaten diren zailtasunetan lagundu ahal izateko. 2015ean 150 lantegi egin dira, eta horietan 1.500 ekintzailek baino gehiagok parte hartu dute. Era berean, 500 kontsulta baino gehiago artatu dira gaitutako aholkularitza-ildo zehatzaren bitartez.

3.- Sortu berri den hirugarren eremua mentoring programa berritzaile batek osatzen du. Enpresa-esperientzia duten 41 profesional boluntarioz osaturiko direktorio bat sortu da. Horiek beren negozioaren kudeaketari buruzko gomendioak ematen dizkiete pertsona ekintzaileei, metodologia egituratu baten bitartez, horiek dituzten kudeaketa-gaitasunak sendotuz. Zerbitzu berri hori 2015. urtean ezarri da lehen aldiz, eta balantzea oso positiboa izan da, 29 harreman sinatu baitira.

4.- Azkenik, laugarren jarduketa-ardatza ekintzailetzaren sustapenean oinarritzen da. Bertan, Unibertsitate eta Lanbide Heziketako Ikastetxeen ekintzak multzokatzen dira, ikasleen artean izpiritu ekintzailea eta berritzailea sustatzeko helburuarekin. Esparru horretan, Nafarroako Unibertsitatearekin eta Mondragon Unibertsitatearekin lortutako hitzarmenak nabarmendu behar dira.

Gaztenpresako profil ekintzaileei dagokienez, honela laburbiltzen da 2015eko argazkia:

  • Batez besteko adina: 39 urte.
  • % 46 langabezian zeuden, eta gainerakoen artean, gehienak lanpostua galtzeko arriskuan zeuden.
  • % 46 emakumeak izan dira, eta % 54 gizonezkoak.
  • % 75ek unibertsitate-mailako ikasketak baino ikasketa baxuagoak zituzten.
  • 1,8 lanpostu negozio berri bakoitzeko. Enpresa sustatzen duenak lan-dedikazio nagusia negozioan bertan izatea eskatzen du programak.

2015ean, inbertsioen batez besteko zenbatekoa 56.425 eurokoa izan da proiektu bakoitzeko. Zifra hori % 11,3 igo da 2014an erregistratutako batez besteko 50.700 euroko inbertsioarekin alderatuta.

Sortutako enpresen % 27 merkataritza-sektoreari dagozkio, eta gainerakoak hurbileko zerbitzuak dira funtsean; horrenbestez, oso sustraituta daude tokiko gizartearen ehun ekonomikoan.

Gaztenpresak gauzatutako jardueraren funtsezko beste alderdi bat nazioarteko aliantzen garapena da. Urrian, Europan momentura arte emandako mikro-kredituen lerrorik handiena sinatu zen, EBko Inbertsio Funtsaren (EIF) EaSI mikro-kredituetarako bermeen programa. 75 milioi euro bideratu ziren pertsona ekintzaile eta autonomoen, start-up deiturikoen eta enpresa txikien etorkizuna sustatzera.

Etorkizunari dagokion atalean, Gaztenpresak gertuko horizonteari egingo dio aurre, eta digitalizazio-erronka berrietara eta kanal anitzeko estrategiara egokituko du bere jarduera. Ekintzaileekin mantentzen dugun harremanaren ikuspuntutik, aurrez aurreko kontaktu bidezko aholkularitzaren eta pertsona bakoitzak informazio-bilaketarako Interneteko kanala erabiltzearen arteko oreka lortu behar da. Horretarako, Gaztenpresak eskaintzen duen informazio, prestakuntza eta hezkuntzaren zatirik handiena modu ordenatuan eta irekian eskuratu ahal izateko inbertitu beharko da, baita sarean ere.

Esteka:

-GAZTENPRESAREN MEMORIA 2015