Prentsa oharrak
Euskadiko Kutxak egungo krisialdian ez du familia bat bera ere etxea uztera behartu
- Euskadiko Kutxak egungo krisialdian ez du familia bat bera ere etxea uztera behartu eta araudi berriak jokabide hori babestea eraakordioa lortzeko aukera handiagoak eskaintzea espero du.
- Iragan ekainean jakinarazi zuen bezala, entitateak bitartekaritzako barne-protokoloa erabili du azken urteotan, utzarazpenak eragozteko.
Euskadiko Kutxak aditzera eman duenez, ohiko etxebizitzaren gaineko hipoteka-zorrak ordaindu ezean, egoera horiek konpontzeko adostasunean oinarritutako prozesuak bideratzen ditu. Prozesu horietan adiskidetasunezko birnegoziazioa lehenesten du, epeak luzatuz, nobazioak proposatuz, eta, azkenik, hipoteka ordaintzeko aukera guztiak eskainiz. Aukera guztiak agortuz gero soilik erabakitzen da ordainean ematea.
Entitatearen jarduteko barne-protokoloaren helburu nagusia, beraz, eragindakoekin akordio pertsonalak eta esklusiboak lotzea da. Horrela, aukerako irtenbide indibidualak bilatzen saiatzen da, ordenamendu juridikoak aurreikusitako bestelako neurriak hartu aurretik. Hau da, hipotekaren exekuzioa saihesten ahalegintzen da, familiek etxea derrigorrez ez utzi behar izateko.
Euskadiko Kutxak ahal duen guztia egiten du, epeak luzatuz eta diru-sarreren araberako gabealdiak ezarriz, bezeroek etxean jarraitzeko eta ordaintzeko aukera izan dezaten. Jardunbide hori estamentu guztietan dago barneraturik, Entitatearen printzipioei eusten saiatzeko. Izan ere, badago jokatzeko beste modu bat, gizarte-ekonomiako finantza-entitate kooperatibo bati dagokiona, alegia.
Horren guztiaren ondorioz, Euskadiko kutxak eta Ipar Kutxak egungo krisialdian etxea utzarazteko prozesu traumatiko bat bera ere ez dutela abiarazi jakinarazten dute.
Azkenik, Entitateak hainbat erakundek sektoreari proposatutako hitzarmen guztiak sinatu ditu, hala nola, Estatuko Gobernuaren Jardunbide Egokien Kodea edo Eusko Jaurlaritzaren Bitartekaritza Zerbitzua, bere ohiko jardunbideekin bat datozelako.
Entitateak egungo politikari bere horretan eutsiko dio, eta gaiari buruzko araubide berriak egoera traumatikoei irtenbidea emateko balio izatea espero du.