Prentsa oharrak
TXOMIN GARCÍA: «UNERIK TXARRENETAN GURE ONENA EMATEKO GAI GARA, GURE PRINTZIPIO ETA BALIOEI UKO EGIN GABE»
LABORAL Kutxaren Batzar Nagusia
Batzarrak onetsi egin ditu 2020ko kudeaketa eta urteko kontuak: 87,4 milioi euroko irabazia, % 21,20ko CET1 kaudimen-maila eta % 3,31ko berankortasun-tasa.
Xabier Egibar: «LABORAL Kutxak osotasunean garatu beharko du bere ibilbide-orria, eta bere prozesu eraldatzailean inbertitzen jarraitu beharko du, etorkizuneko lehiarako agertokia prestatzeko».
Jasangarritasunaren arloan, Gaztenpresa Fundazioaren bidez 256 mikroenpresa eta 500 lanpostu sortzea lortu du entitateak, bai eta CO2 isurtzeak % 83 txikitzea ere.
2021eko apirilaren 23a.‑LABORAL Kutxaren Ohiko Batzar Nagusiak onartu egin ditu 2020ko ekitaldiko kontuak eta proposatutako gai-zerrendako gainerako puntuak. Bilboko Euskalduna Jauregiko entzunareto nagusian elkartu diren bazkideek berretsi egin dute kooperatibako kudeaketa-organoek 2020ko ekitaldian gauzatutako gestioa. Ondoren, LABORAL Kutxaren datozen ekitaldietako jardueraren osagai nagusiak ezagutu ahal izan dituzte.
Bertaratu diren eta batzarra streaming bidez jarraitu duten bazkideei ongietorria eman eta protokoloak eskatzen dituen agurrak egin eta gero, Txomin García lehendakariak hartu du hitza. Entitateak etorkizun hurbilean aurrez aurre izango duen egoera ekonomiko korapilatsuaren zertzelada batzuk eman ditu bere mintzaldian. «Mugikortasunari jarritako mugek itzalaldia eragin zuten mundu osoko ekonomian, eta shock bikoitza sortu zen: eskaintzarena eta eskariarena. Hori erabakigarria izan da aurreko ekitaldiko ibilbide ekonomikoan, eta, gaur-gaurkoz, zalantzaz beteta jarraitzen dugu».
Esku-hartzean zehar, 2020ko Txostenaren epigrafe nagusiak errepasatu ditu LABORAL Kutxako lehendakariak, geldialdia eginez entitatearentzat garrantzirik handiena duten alderdietan. Txomin Garcíak azpimarratu egin nahi izan du entitateak pandemian enpresei eta familiei babes finantzarioa ematen egindako lana. Pozik adierazi du aurreko ekitaldiko jarduera ezin hobea izan dela, «arlo pertsonalean nahiz profesionalean hain latza den egoera honetan».
Berankortasunak gora egingo duela aurreikusten denez, nahiz eta hil hauetan eustea lortu genuen ezarri diren aldi baterako neurriak direla eta, kontrako egoerak iragatzeko modalizaziok-ariketa zuhurra egin du entitateak, eta, ohiko banku-negozioak lortutako emaitza onei esker, krisiari aurreikusten zaizkion ondorioak aurreratu ahal izan ditu eta 65,7 milioi euroko ezohiko hornidura egin. Horrela, bada, MONDRAGONeko kreditu-kooperatibak 87,4 milioi euroko zerga ondorengo irabazi bateratuarekin amaitu du 2020. urtea, orain gutxi prentsa-ohar batean jakinarazi genuenez.
CET1 (Common Equity Tier 1) kaudimen-mailak nabarmentzen du LABORAL Kutxa: abenduaren 31n, % 21,20an zegoen, eta, beraz, finantza-erakunderik kaudimentsuena izaten jarraitzen du erreferentziako merkatuan. Bestalde, likidezia-ratioa (loan to deposits delakoa) kopuru lasaietara iritsi da, % 64,36ra, eta berankortasun-indizea % 3,31ra. Esan beharra dago, datu bikaina dela hori, banku-sektore osoaren batez besteko berankortasun-indizearekin (% 4,44rekin) alderatzen badugu.
Errentagarritasunari begira, alegia banku-sektore osoak duen erronka handiari begira, LABORAL Kutxak % 4,83an itxi du urtea ROE kopurutan, eta, ondorioz, «gure kreditu-kooperatiba arlo horretako entitaterik onenen artean dago», azpimarratu du Txomin Garcíak.
Jardueraren datu nagusien artean, baliabide bitartekotuak % 10,8 hazi dira urtean, eta kreditu-inbertsioak inflexio-puntu bat bizi izan du, amortizazioen bolumena gainditzea lortu baitute bai partikularren eta bai enpresen formalizazio berriek. Orotara, kredituen saldo biziak % 4 egin du gora, batez ere merkataritzaren negozioan, formalizazioak % 80 hazi dira eta. Hori dela eta, enpresei guztira zuzendutako kredituen saldo bizia % 15 handitu da.
Batzarrean emandako mintzaldiko ondorioen artean, kooperatibako pertsonek egindako lan bikaina nabarmendu du LABORAL Kutxako gidari nagusiak. Halaxe erakusten du STIGA aholkularitza independenteak Estatu osoan egiten duen gogobetetasun-azterketak. Berorren arabera, LABORAL Kutxa sektoreko lehenengoen artean dago bezeroen gogobetetasun globalaren rankingean (ohiko entitateen artean), bai eta Top-3an gizartearekiko konpromisoa duten entitateen rankingean: «Gure entitateko pertsonak gai dira unerik txarrenetan onena ateratzeko, printzipioei eta balioei uko egin gabe, eta oso harro nago kide izateaz».
Informazio ez-finantzarioa eta dibertsitatea
Legezko eskakizunen gainetik, Txomin Garcíak bi berritasun nabarmendu ditu, jasangarritasunarekiko konpromisoei lotuta. Batetik, Banku-jarduera Arduratsuaren Printzipioen ezarpen-mailari buruzko txostena egin du entitateak; izan ere, Nazio Batuen printzipio horiek fundatu zituzten 130 finantza-erakundeetako bat da LABORAL Kutxa. Ekimenaren helburua da finantza-sistemak etorkizun jasangarriarekin dituen konpromisoa eta erantzukizunak zehaztea, Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJHekin) eta Klima Aldaketari buruzko Parisko Akordioarekin bat.
Bestetik, TCFD (Task Force On Climate-related Financial Diclosures) lantaldearen gomendioei jarraitzen dien txostena sartu da lehen aldiz Memorian; informazioa biltzeko txostena da, finantza-erakundeek klima-aldaketari dagokionez zer egiten duten ebaluatzekoa.
Jasangarritasunaren alorreko lorpenen artean, honako hauek aipatu ditu Txomin Garcíak: Gaztenpresak 2020an 256 mikroenpresa sortzen lagundu izana, hau da, 500 lanpostutik gora, eta CO2 isurtzeak (karbono-aztarna) % 83 txikitu izana, batez ere orain kontsumitzen dugun energia elektriko guztia iturri berriztagarrietatik datorrelako.
2021eko Gestio Plana eta bultzada eraldatzailea
Ondoren, Xabier Egibarrek hartu du hitza, LABORAL Kutxako zuzendari nagusiak. 2020-2022 Plan Estrategikoan ezarri ziren aldi bereko bi agendak gogorarazi ditu Egibarrek. Bi helburu dituztela esan du: core negozioa optimizatzea eta, bide batez, entitatea eraldatzea. Finantza-erakundeko lehen exekutiboak azaldu duenez, gaur egun bizi dugun egoera dela eta, helburuak eta lehentasunak zehatz-mehatz aztertu behar izan ditugu, pandemiaren eraginak gestio-parametro guztietan sartzeko. Halere, Xabier Egibarren hitzetan, analisiaren ondorio nagusien arabera, LABORAL Kutxak «osotasunean garatu beharko du bere ibilbide-orria, eta prozesu eraldatzailean inbertitzen jarraitu beharko du, etorkizuneko lehiarako agertokia prestatzeko».
Hartara, 2021eko ekitaldirako jarduketa-esparruan hiru ardatz handi uztartu beharko dira.
Bezeroarenganako eta merkaturako orientazioa, kalitateari eta zerbitzu multikanalari arreta berezia eskainiz. Atal honetan, aurreikuspen hauek egin dira: aseguruen negozioan haztea, inbertsioetako aholkularitza-dinamika sendotzea, enpresetako merkatu-kuotak handitzea eta, azkenik, produktu eta zerbitzu digitalak garatzen jarraitzea.
Kontrola da bigarren ardatza. Horretarako, gure indarretan oinarrituz, kaudimenean, likidezian eta inbertsioaren kalitatean oinarrituko gara. Kostuak zorrozki kontrolatzen jarraituko du entitateak, eta krisiak izan ditzakeen inpaktuak aintzat hartzen segitu beharko ditu, aurrea hartzeko hornidura-politika baten bidez. Egibarrek gogorarazi duenez, kontrola garrantzi handikoa izango da gaur egun bizi dugun egoeran. Beraz, entitateak ahalegin berezia egin beharko du funtsezko lau alderditan: errentagarritasuna kudeatzea, interes-tasak hain txikiak izanda eta negozio potentzialaren uzkurdura dela eta; kaudimenean lider izaten jarraitzea; efizientzia hobetzea, eta, bukatzeko, arrisku-politika egoera berrira egokitzea.
Bultzada eraldatzailearen alorreko guztia biltzen du hirugarren jarduketa-ardatzak, eta pertsonengan eta erakunde osoan jartzen du arreta. Zuzendari nagusiaren hitzetan, «ekitaldi honetako gestioa ez da mugatuko krisia jasatera»; asmoa da, indarrak aprobetxatuz, lehia-posizioa hobetzea lehentasunezkotzat jotzen diren negozio eta segmentuetan, eta, gainera, Egibarrek esan duenez, «beharrezko baliabideak eskaintzea, entitatea eraldatzeko eta gure etorkizuneko lehiakortasuna bermatzeko».
Eraldaketaren arlo horri eskaini dio Xabier Egibarrek bere hitzaldiaren zatirik handiena. Hiru programa helburu handi identifikatu ditu, LABORAL Kutxaren eraldaketa bultzatzeko ardatzaren barruan.
Entitatearen digitalizazioa da lehen programa; ikuspegi holistikoa du, hau da, osotasunean hartzen du erakundea. Besteak beste, erronka hau finkatu da: LABORAL Kutxari entitatetik onenen artean eustea, banka mugikorraren balioztapenari dagokionez. Horren ildotik, Egibarrek adierazi du LABORAL Kutxa emaitza onak ari dela lortzen, jada, STIGA aholkularitzak egin duen azken azterlanak erakusten duenez. Horren arabera, LABORAL Kutxa 4. dago banka mugikorreko bezeroaren gogobetetasunari buruzko Estatuko rankingean.
Berrikuntza eta open businessa hartzen ditu bigarren programak. Horren barruan, entitateak definituta ditu, dagoeneko, berritzeko egitura eta eredua, eta barne hartzen du hirugarrenekiko lankidetza-ekosistemaren diseinua ere.
Hirugarren programa handia jasangarritasunarena da, eta asmoa da, aurretik Txomin García presidenteak esandakoaren harira, LABORAL Kutxak gai horretan duen posizionamendua sendotzea. Klima-aldaketak aspalditxotik dituen eragin sozial eta ekonomikoak gogorarazi ditu Egibarrek. Beharrezkotzat jotzen du jasangarritasun-irizpideak ezartzea eta estrategia bat zehaztea, bermatuko dituena, batetik, gero eta zorrotzagoak diren arauak (ingurumenekoak, sozialak eta gobernantza on korporatiboari buruzkoak) betetzea eta, bestetik, gizarteari begirako posizionamendua sendotzea.
LABORAL Kutxarentzat, jasangarritasuna (zentzurik zabalenean hartua) «eredu kooperatiboari lotutako sortzetiko konpromisoa da, eta gizarte gero eta aberats eta berdinzaleagoa sortzea du xede». Gainera, entitatea beti izan da «aitzindaria, kulturari (bereziki, euskarari) laguntzen, berdintasuna sustatzen eta ekintzailetza bultzatzen (Gaztenpresa Fundazioaren bidez)».
Ondoren, etentxo bat egin du Egibarrek, entitateak bilatzen duen eraldaketarako behar diren gaitasunak azaltzeko; hots, garapen teknologikoa, datuak eta, horiekin batera, arreta berezia eskaini die talentuari eta barne-kulturaren bilakaerari.
Mintzaldia biribiltzeko, baikortasun- eta konfiantza-mezua zabaldu du LABORAL Kutxako zuzendari nagusiak: «Lanean jarraituko dugu, banka kooperatibo, sozial eta errotuaren esparru hain beharrezko hau handitzeko; izan ere, aukera ematen du askotariko ekosistema ekonomiko eta finantzarioak eta, azken finean, gizarte oparo, jasangarri eta orekatuagoak, sortzeko».