Uncategorized @eu
TXOMIN GARCIA: “GARAI DIGITALEKO KANAL BERRIETAN ERE JARRI BEHAR DITUGU GEURE BALIOAK ETA PROFESIONALTASUNA”
-
Batzarrak 2015. urteko gestioa eta kontuak onartu ditu: zerga ondorengo 110,3 milioi euroko mozkin bateratua, %15,12ko CET1 kaudimen-maila eta % 7,4ko berankortasun-tasa
-
LABORAL Kutxaren Plan Estrategikoak (2016-2019) hiru erronka nagusi ditu: efizientzia, espezializazioa eta omnikanalitatea
-
2016ko ekitaldiko ezaugarri nagusia marjina errepikariaren defentsa izango da, eta horrek prezioen eta hazkundearen gestio egokia eskatuko du
Arrasate, 2016ko apirilaren 23a.-LABORAL Kutxaren Ohiko Batzar Nagusiak 2015. urteko kontuak onartu ditu, baita proposatutako gai-zerrendako gainerako puntuak ere. Gaur goizean Bilboko Euskalduna Jauregiko entzunareto nagusian elkartutako bazkideek ontzat eman dute entitateak 2015eko ekitaldian egindako gestioa. Horrez gain, euskal kreditu-kooperatibaren estrategia berriaren eta dagokion 2016ko Gestio Planaren osagai nagusiak eta ezagutu ahal izan dituzte.
LABORAL Kutxako lehendakaria, Txomin Garcia, pozik azaldu da iazko emaitzekin. Duela gutxi prentsa-ohar bidez jakinarazi genuenez, LABORAL Kutxak zerga ondorengo 110,3 milioi euroko mozkin bateratua lortu zuen iaz.
Batzarraren aurrean egindako hitzaldian, 2015eko Memoriak jasotzen dituen epigrafe nagusien berri eman du LABORAL Kutxako lehendakariak. Hala, CET1 (Common Equity Tier 1) kaudimen-maila (phased-in bertsioan) % 15,12koa izan zen abenduaren 31n, likidezia-posizioa (loans to deposits) % 88,2ra heldu zen eta berankortasun-tasa % 7,4koa izan zen urtearen amaieran, sektoreko batez bestekoaren (% 10,2) oso azpitik.
Jardueraren datuei dagokienez, esan daiteke LABORAL Kutxak oso ekitaldi txukuna egin duela. Baliabide bitartekotuak % 3,9 handitu dira, eta kreditu-inbertsioa joeraz aldatzen hasi da, formalizazio kopuruaren igoerari esker. Hala, 2015ean zehar sinatutako hipoteka-maileguen kopurua % 36 hazi zen aurreko urtearekin alderatuta, eta kontsumorako maileguen formalizazioak ere % 26 gehitu ziren. Enpresen alorrean, merkataritza-formalizazio berriak % 31 gehiago izan ziren.
Etorkizunera begira, LABORAL Kutxak ziurgabetasunez betetako finantza-ingurune batean kokatu du bere Plan Estrategiko (2016-2019) berria. Erakundeek aurrean duten agertokian, bat egiten dute arau-eskakizun zorrotzek eta interes-tasa guztiz apalek. Gauzak horrela, oso zaila izango da emaitzak sortzea eta finantza-negozioaren errentagarritasuna lortzea.
Kreditu-kooperatibak datozen lau urteetarako zehazturiko ikuspegi estrategikoak hainbat jarduera-ardatz ditu, hiru erronka nagusi hauetan egituratuta: efizientzia, egiturak eta prozesuak hobetzeko, exijentzia handiko testuinguru batean; espezializazioa, bezero segmentu bakoitzaren gogobetetze maila eta balio erantsia areagotzeko; eta omnikanalitatea, teknologia bezeroen eskura jartzeko eta bezeroekiko erlazio azkarrago, hurbilago eta errazago baterako.
2016ko Gestio Plana
Ondoren, LABORAL Kutxako zuzendari nagusiak, Julio Gallastegik, hitza hartu du eta 2016ko ekitaldirako gestioaren inguruko gai nagusiak azaldu dizkie bazkideei.
Ikuspegi kualitatibotik, LABORAL Kutxaren 2016ko gestioak indarra egingo du marjina errepikariaren defentsan, eta horrek “prezioen eta hazkundearen arteko oreka egokia” eskatuko du, Gallastegiren hitzetan. Ikuspegiari dagokionez, LABORAL Kutxaren jarduera argi eta garbi zuzenduko da enpresen eta familien beharrak asetzera: aktiboko produktuetara merkataritzaren alorrean, eta hipoteka-maileguetara etxeen alorrean. Aseguru-eskaintza ere elementu garrantzitsua izango da finantza-erakundearen estrategia komertzialean; izan ere, entitateak banka-aseguruetako jarduera espezializatua du ezaugarri eta bereizgarri merkatuan.
Bestalde, LABORAL Kutxak aurrerapen nabariak aurreikusten ditu prozesuen digitalizazioan eta garapen berritzaileetan. Aurrerapen horiek kultura-aldaketa sakona eragingo dute, teknologiak bezeroekiko harremanetan txertatzeko.
OMNIKANALITATE estrategia
Batzarraren bukaeran, Txomin Garcíak hitza hartu du berriro, bazkideei etorkizuneko mezua adierazteko. Zentzu horretan, LABORAL Kutxak eraldaketa digitalaren ondorioz egin behar dituen aldaketak direla-eta, konfiantzaren eta exijentziaren arteko oreka proposatu du.
LABORAL Kutxako lehendakariak etorkizunarekiko konfiantza agertu du; halere, egoera berriak dakartzan arriskuez ere ohartarazi du; izan ere, “ezin dugu utzi olatu nagusiak eraman gaitzan, argi erakutsi behar dugu nor garen, zergatik egiten dugun egiten duguna eta, batez ere, zer eginkizun bete nahi eta ahal dugun agertoki berrian”.
Kreditu-kooperatibak garai digitalean zer bereizgarri izan behar dituen azaldu du Txomin Garcíak: “digitalizazioa aprobetxatu eta omnikanalitatea garatu behar dugu, zalantzarik gabe, baina gure bereizgarrietan oinarrituta. Zentzu horretan, baietsi du LABORAL Kutxak ez duela bulegoen bidez egiten duen banaketa-eredua aldatu nahi, “ekarpen handia egiten baitigu eta bereizi egiten baikaitu”. Hortaz, estrategia hauxe izango da: “gehitu kendu gabe, eta aldatu funtsa galdu gabe”. Txomin Garcíaren ustez, entitatearen lehiarako gakoak honako oinarri hau izan behar du: “gure balioak, gure profesionaltasuna eta gure espezializazioa online kanal berrietan ere jartzea”.