Prentsa oharrak
SEA-K ETA LABORAL KUTXAK HITZARMENA SINATU DUTE ARABAKO ENPRESAK BABESTEKO
LABORAL Kutxak finantzaketa-lerroak lehentasunezko baldintzetan eskainiko dizkie Arabako enpresei
SEAk azpimarratu du hitzarmen honek egun bizi dugun egoera ekonomiko zailari aurre egiten lagunduko diela Lurralde Historikoko enpresei
Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriak 13.–LABORAL Kutxak eta SEA Arabako Enpresak elkarteak lankidetza-hitzarmen esklusiboa sinatu dute Lurralde Historiko horretako enpresei finantzaketa-lerro bereziak eskaintzeko, lehentasunezko baldintzetan. Hala, sinatutako akordioak produktu eta zerbitzu zehatzak biltzen ditu, COVID-19ak Arabako hainbat enpresei eragindako zailtasunei aurre egiteko.
Akordioa sinatzeko protokolozko ekitaldia Arabako enpresa-erakundearen egoitzan egin da. SEA Arabako Enpresak elkarteko zuzendari Pascal Gomez pozik dago sinatutako akordioarekin, eta honako hau nabarmendu du: “egoera zail honetan, finantzaketa-lerroak eskaini behar zaizkie Arabako enpresei, datozen hilabeteetan egoerari aurre egin eta hurrengo ekitaldian jarduera berriz aktibatu ahal izateko”.
Bestalde, LABORAL Kutxako zuzendari komertzial Susana Andrések esan du euskal kreditu-kooperatibak konpromiso irmoa hartu duela Arabako produkzio-sarea suspertzen laguntzeko: “Arabako ETE-ek LABORAL Kutxaren laguntza izango dute behar dituzten finantzaketa-tresnak eskuratzeko. Ahaleginak batzeko unea da, irtenbide hobeak bilatzeko”.
COVID-19ak eragindako krisiak inpaktu handia izan du Arabako enpresetan, eta kolektiboa pandemiaren kolpeari aurre egiten saiatzen ari da. Ondorioz, lurralde horretako enpresen laurdenak plantilla txikitu beharko du; SEAren aurreikuspenen arabera, enpresen % 23k % 20tik gorako murrizketa egin beharko du.
Gainera, enpresen erdia baino gehiagok ABEEEra jo behar izan du COVID-19ak eragindako kalte ekonomikoari aurre egiteko. Horien artean, % 61ek nahitaez jo behar izan du ABEEEra, eta beste % 39k arrazoi produktibo eta ekonomikoengatik.
Halaber, Arabako enpresen egoera latza Industriaren Konfiantzari buruzko inkesten emaitzetan ere islatu da, LABORAL Kutxako Ikerketa Zerbitzuak hiru hiletik behin egiten dituen inkesten emaitzetan. Ondoz ondoko bigarren hiruhilekoz, konfiantzaren adierazlea minimo historikoan dago: 22,6 ekainean eta 30,8 irailean (50etik beherako balioek atzeraldia adierazten dute). Gainera, urte bukaerara begira, enpresen % 71k uste du egoerak okerrera egingo duela 2020ko azken hiruhilekoan, pandemiaren ondorioz.
Kreditu eta maileguen zifrei erreparatuta, erakundeak urteko bigarren hiruhilekotik aurrera erregistratutakoaren arabera, Arabako enpresen kreditu-eskaria nabarmen hazi da, batez ere COVID-19ak eragindako ondorio ekonomikoak arintzeko eskaini diren likidezia-lerro berrietan. Hala, LABORAL Kutxaren datuen arabera, abuztuaren amaierara arte % 240 hazi zen Arabako ETE-ek eskatutako kreditu inbertsioa, aurreko ekitaldiarekin alderatuta. Eta segmentu horretan, hain zuzen, nabarmentzen da LABORAL Kutxaren presentzia lurraldean, enpresen % 50 inguru baititu bezero.