Prentsa oharrak
Kontsumorako maileguak Interneten: ibilgailua erosteari eta etxea zaharberritzeari buruzkoak dira elkarrizketen % 70 baino gehiago
- 2015eko lehen seihilekoan emandako mailegu pertsonalen helburu nagusia ere ibilgailuak eta etxea izan dira, LABORAL Kutxaren arabera.
- Azpimarratzekoa da erabiltzaileek produktu horiei buruz duten “ezagutza tekniko handia”.
- Familia-maileguek bultzada handia hartu dute: sareko elkarrizketen % 50 horiei buruzkoak dira.
2015eko azaroaren 10a. LABORAL Kutxak honako txosten hau egin du: “Kontsumorako maileguen erabiltzaileek adierazitakoaren entzute aktiboa”. Horretan, Interneteko foro ekonomiko nagusien erabiltzaileek kontsumorako maileguei buruz adierazitako iritzi eta kontsultak aztertu ditu. Kontsulta gehienek zerikusia dute ibilgailuak erostearekin eta etxeko zaharberritze-lanekin. Joera hori bat dator entitateak 2015eko urtarriletik ekainera emandako mailegu pertsonalen helburuarekin, mailegu horien % 60 bi kategoria horietan kokatzen baita.
Txostenaren ondorio nagusietako batek hauxe dio: horrelako produktuen erabiltzaileek “ezagutza tekniko handia” dute produktu horietaz; gainera, produktuen hedapen zabala egiten dute, kontsumorako mailegu nagusiekin osatutako konparazio-taulen bidez, entitateen eta ezaugarrien –interesak, amortizazioak edo komisioak– arabera sailkatuta.
Zentzu horretan, esperientzia pertsonalek funtsezko eginkizuna dute erabiltzaileen arteko elkarrizketetan. Interes-tasa handiak dira iruzkin gehienen gaia (% 22,9) eta finantza-erakundeekin kontsumorako maileguak kontratatzeko oztopo nagusia, LABORAL Kutxako Ikerketa Sailaren arabera.
Autoa, etxea eta ikasketak: finantzaketa bilatzearen eragileak
Foro espezializatuen erabiltzaileen artean, finantzaketa bilatzeko arrazoi nagusiak honako hauek dira: ibilgailu bat erostea (% 54,5), etxea zaharberritzea (% 18,2) eta ikasketetan inbertitzea (% 14,5).
Autoa erosteko baldintzarik onenak bilatu nahian, kontzesionarioen bidez finantzatzeko aukera etengabe aipatzen da elkarrizketetan. Hala, iritzien % 32,3k zuzeneko konparazioa egiten dute aukera horren eta kontsumorako maileguaren artean. Konparazio horretan, gehien aipatzen den abantaila hau da: kontzesionarioak ibilgailuaren oinarrizko prezioa beheratzen dizula.
Nabarmendu beharra dago, ikasketak (masterrak eta graduondoak, batez ere) finantzatzea helburu duten kontsultak eta bilaketak egiten direnean, oso ohikoak direla ikasleentzako berariazko mailegurik ez dagoela aipatzen duten iruzkinak.
LABORAL Kutxak duela urte batzuk antzeman zuen joera hori, eta, harrez gero, gazteen prestakuntza aktiboki bultzatzen du, laguntza eta hitzarmenen bidez. Hala, aurreko ikasturtean, entitateak milioi bat eta erdi euro baino gehiago eman zituen ikasketak finantzatzeko, LABORAL Kutxaren Gizarte Erantzukizun Korporatiboaren politikari eutsita; 2015/2016 ikasturterako, berriz, entitateak beste hitzarmen batzuk egin ditu Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako hainbat unibertsitaterekin.
LABORAL Kutxak urteko 1. seihilekoan formalizaturiko maileguei buruzko datuek berretsi egiten dituzte finantzaketa-bilaketen sustatzaileek aipaturikoak. Mailegu horietatik gehienak (% 35,59) autoak erosteko izan ziren; bigarren helburu nagusia (% 21,54) etxea zaharberritzea izan zen; eta hurrengo helburua (% 13,01) familia-gertaerak, hala nola ezkontzak, bataioak, jaunartzeak edo heriotzak.
Familia-maileguaren aukera, gero eta hobeto baloratua
Txostenak eskainitako berritasun nagusitako bat ordezko finantzaketa-aukerekiko interes gero eta handiagoa da. Erabiltzaile asko, interes egokiagoak dituzten maileguak aurkitu nahian, sistema paraleloak bilatzen hasi dira, hala nola familia-mailegua, “crowdfindinga” edo partikularren arteko maileguak.
Horrela, aztertutako iritzi guztien % 50 kontsumorako maileguen eta familia-maileguen arteko konparazioak dira. Ondoren, finantza-etxeen artean eta mailegu azkarren artean egindako konparazioak dira, % 31,3 eta % 18,8, hurrenez hurren.
Esan beharra dago bankura joatearen eta familia-mailegua eskatzearen artean egindako konparazio gehienek zalantza ugari eragin dituztela; hortaz, partikularren arteko kontratuei buruzko informazio-eskaerak nabarmen gehitu dira, horrelako hitzarmenak legez formalizatzeko helburuz.
Online kontratazioak eta telefono bidezkoak dute baloraziorik onena
Ikerlanak azpimarratu duenez, iritzirik onenak dituzten bideak Internet eta telefonoa dira kontsumorako maileguak kontratatzeko zerbitzuetan. Plataforma horrek eskainitako pribatutasuna, azkartasuna eta baldintza bereziak nabarmendu dituzte erabiltzaileek.
Ildo horretan, LABORAL Kutxak ahaleginak egin ditu bere bezeroei Online Banka Mugikor eraginkorra, funtzionala eta kalitatekoa eskaintzeko. Entitatean dauden aukera guztien artean, gailu mugikorraren bidez txartelaren kreditua handitzekoa eta Dispón maileguak (aurrez emandakoak) azpimarratu dituzte erabiltzaileek.
Izan ere, LABORAL Kutxak ematen dituen maileguen % 65 baino gehiago “Dispón maileguak” dira, eta, horietatik, % 72 Online Bankaren, telefono mugikorraren edo kutxazainen bidez ematen dira. Datuok agerian uzten dute plataforma horrek bezeroen artean lortu dituen arrakasta eta onarpena.
Infografia deskargatzeko, klikatu hemen.