Prentsa oharrak
Online Bankuan segurtasunez jarduteko urrezko hamar arauak
LABORAL Kutxak segurtasun-neurriak ezarri ditu, banku-eragiketetan transakzio seguruak bermatzeko
2013ko urriaren 7a. RSA erakundeak berriki egindako ikerketa baten arabera, Espainia Internet bidezko iruzur gehien egiten den munduko hirugarren herrialdea da. Phishing erasoak edo hackinga ohikoak bilakatu dira sarean. Eraso horien %75 online bankuen erabiltzeen aurkakoak dira.
Finantza-erakundeek areagotu egin dituzte segurtasun-sistemak baina, aldi berean, zuhurtziaz jokatu beharra dagoela gogorarazten diete erabiltzaileei, batez ere, merkataritza elektronikoko zerbitzuetan, isilpekotasun handiagoa behar duten datuekin lan egiterakoan. LABORAL Kutxan, gure bezeroek egindako transakzio ekonomiko guztien jatorria egiaztatzen duen programa bat garatu dugu, haien benetakotasuna baieztatzeko helburuarekin.
LABORAL Kutxak delitu zibernetikoen aurka beharrezkoak diren ondorengo aholkuak eman eta mekanismoak martxan jarri ditu.
Ziur egoteko urrezko hamar arauak
- Bankuaren urrutiko orrialdeen helbideek atari seguruen “s” hizkia duten egiaztatzea. LABORAL Kutxaren orrialde guztiek SSL (Secure Sockets Layer) segurtasuneko protokolo bidez enkriptatuta daukate informazioa: https://www.laboralkutxa.com
- Transakzio ekonomikoetarako erakunde gehienek ezarrita dauzkaten segurtasun-sistemak erabiltzea, hala nola, ausazko gakoaren bidez sinatzeko txartelak. LABORAL Kutxaren sistema sinplea da; bezeroari ausaz eskatuko zaizkion hirurogei gako dauzka txartelak atzealdean, beraz, ez dira ezein agiritan idatzi behar. Txartela leku seguruan gorde behar da, izan ere, txartelik gabe ezin da eragiketarik egin. Gainera, eragiketak egiteko edo sinatzeko tekleatu beharreko gako guztiek hainbat kontrol gainditu beharra daukate; gehienezko hutsegite kopurua edo pantailetan gakoa ez jartzeko gehienezko aldi kopurua gaindituz gero, zerbitzua automatikoki blokeatzen da.
- Segurtasuna areagotzeko, sinatzeko gakoa telefono mugikorrean jasotzea eska dezakezu eta SMS bidez jasoko duzu gakoa. Mugikorreko Alerten Zerbitzua ere kontrata dezakezu; horren bidez, txartel horrekin eta Online Bankuaren bitartez eragiketa ekonomikoak egiten diren bakoitzean, abisuak jasoko dituzu. FMA edo atzerrirako transferentziak egiteko, mugikor zenbakia aldatzeko eta Hal Cash zerbitzua erabiltzeko, derrigorrezkoa da mugikorraren bidez sinatzea.
- Hedatu den beste neurri bat da transferentzietarako eguneko gehienezko zenbatekoa ezartzea bulegoan. LABORAL Kutxak zeroan jartzeko aukera ere ematen dizu, gainerako eragiketengan inolako eraginik izan gabe.
- Ez itzazu inoiz zure segurtasun-gakoak jakinarazi eta, aldian behin, alda itzazu. Ezein erakundek ez dizu gako bat baino gehiago eskatuko eragiketa bakoitzean, ezta posta elektroniko bidez zure datu pertsonalen berri emateko eskatuko ere. Era horretako mezuren bat jasotzen baduzu, jar zaitez berehala gurekin harremanetan, telefono bidez edo zure konfiantzako bulegora joanda.
- Ez zaitez fidatu zure kontuetan egoera irregularren bat dagoela ohartarazi eta, era berean, mezu elektronikoan bertan ematen dizuten lotura baten bidez Online Bankura sartuta informazioa egiaztatzen duten mezuez.
- Online bankuan jarduteko, beharrezkoa da ziurtagirien indarraldia eta titularitatea egiaztatzea, nabigatzailearen barran ikusten den giltzarrapoaren irudiaren gainean klik eginda, baita ordenagailuaren cache memoria ezabatzea ere, baldin eta beste pertsona batzuekin partekatzen badugu edo leku publiko batean baldin badago.
- Garrantzitsua da Online Bankuaren saioa amaitu dugula ziurtatzea; LABORAL Kutxan, goiko menuaren CLNETetik IRTEN aukeraren gainean sakatuta. Gainera, Online Bankuan, zerbitzura azkenekoz konektatu garen data eta ordua adierazten dira, behar izan daitezkeen egiaztatzeetarako.
- Ordenagailuan segurtasuna bermatzeko, beharrezkoa da birusen aurkako softwarea edukitzea eta etengabe aktibatuta eta eguneratuta izatea.
- Konexio ez seguruetatik eragiketak edo erosketak egitea saihestea. Geroago eta gehiago dira haien kontuetara taberna, hotel eta horrelako lekuetako sare irekien bidez konektatzen diren erabiltzaileak. Laboral Kutxaren eremu pribatura WIFI sare baten bidez sartzeak suposa dezakeen arriskuaz ohartarazten da. Horregatik da hain garrantzitsua mugikorra babestuta edukitzea, hackerren arriskua ekiditeko.
LABORAL Kutxan badakigu gure bezeroekiko informazio-jarioa bermatu beharra dagoela. Horregatik, segurtasun neurri gorenak dauzkagu, erakundearen eta bezeroen arteko komunikazio horien isilpekotasuna bermatzera bideratuta.
Hala ere, zure ingurunetik kanpo zabiltzanean eta iruzurren bat antzeman duzula uste duzunean, gogorarazten dizugu Poliziarekin harremanetan jar zaitezkeela; Poliziak phishingean espezializatutako Delitu Informatikoen talde bat dauka: phishing@internautas.org