Prentsa oharrak
Oinarrik eta Laboral Kutxak euskal ETE-en kanpo merkataritzako lerroak eta zirkulatzaile lerroak finantzatzeko hitzarmena sinatu dute
Laboral Kutxak hitzarmena izenpetu du Oinarri-rekin, elkarrekiko bermeko elkartearekin, euskal ETE-en kanpo merkataritzako lerroak eta zirkulatzaile lerroak finantzatzeko. Hitzarmen honen babespean formalizatzen diren kanpo-merkataritzako lerroetan eta zirkulatzaile-lerroetan emandako zenbateko osoaren % 50 abalatuko du EBBak.
Euskal ETE-en kanpo-merkataritzako eragiketak eta zirkulatzailea finantzatzeko hitzarmena sinatu dute Laboral Kutxak eta Oinarri SGRk. Hitzarmenari esker, enpresei likidezia emango zaie, nazioko nahiz, batez ere, nazioarteko salmenten kobrantza aurreratzeko moduan.
Akordioaren babespean, zirkulatzaile-lerro berriak eskaintzeaz gain, orain artekoak berritu ere egingo dira. Gehienez 1.200.000 euro onartuko dira bezero bakoitzeko eta urtebete eta hiru urte bitarteko epean.
Laguntza finantzarioko lerro berriak
Laboral Kutxak ETE-ei laguntzeko apustu estrategikoarekin bat, hitzarmen berri honekin aurtengo apirilean Eusko Jaurlaritzarekin zirkulatzailea finantzatzeko sinaturiko hitzarmena osatuko da. Horren harira, Laboral Kutxak Eusko Jaurlaritzarekin sinaturiko hitzarmenean duen eginkizun aktiboa azpimarratu behar da: orain arte 137 enpresari aitortu zaie finantzaketa-eskaria, eta guztira 19,5 milioi euro banatu dira eragiketa horien bidez.
Hitzarmen berri honen arabera, honako eragiketa hauek formalizatu ahal izango dira:
a) deskontu-polizak, errekurtsodun factoringa eta confirminga
b) inportazioak eta esportazioak eurotan nahiz dibisetan finantzatzeko aurrerakin-polizak eta dokumentu-kredituak
Oinarrizko baldintzak
Hitzarmenaren baldintzak eskuratu nahi dituzten enpresek egunean egon beharko dute gizarte-segurantzarekin eta zerga-betebeharrekin. Ildo beretik, ezin izango dira egon porrotean edota etengabe dirua galtzen.