Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

Nafarroako Ekonomia 2010eko txostena

2010eko Nafarroako Ekonomiaren Txostena aurkeztu du Euskadiko Kutxak. Hona hemen datu nagusiak:

2007an krisiak eztanda egin zuenetik, ez dugu atsedenik izan ekonomia-gaietan. Txostenaren arabera, Estatuen zorpetze handiak eta, ondorioz, zerga-gaietan egindako ahaleginak zor soberanoen krisia sortu dute Europako herrialde periferikoetan, eta horrela gogoratuko da historian.  Arazo berri horren eragina nabaria da jada, makro-magnitude nagusi hauetan:

  • 2010ean, Nafarroako Foru Komunitateko BPGa % 1,2 handitu zen. Estatuan, berriz, apur bat txikitu zen, hain zuzen %-0,1. Irakurketa positiboa eginez gero, ondoriozta daiteke atzeraldia iaz amaitu zela, BPGari dagokionez. Hala ere, aipatutako bi esparru geografikoetako tasak nabarmen txikiagoak izan ziren hazkunde-potentziala baino.
  • Gauzak horrela, lan-merkatuaren portaerari begiratuta, ez dugu baikorrak izateko arrazoirik. Izan ere, Nafarroako Foru Komunitatean eta Estatuan enplegua erori egin zen (% 1,5 eta % 2,3 hurrenez hurren).
  • Eragin handiena duen magnitudea, langabezia-tasa, Nafarroan % 11,8raino handitu zen, eta Espainian % 20,1eraino. Nafarroako tasa Europakoaren antzekoa izan zen arren, Espainiakoa ezin da higiezinen burbuilaren leherketagatik soilik izan.
  • Eskaintzaren ikuspegitik, nabarmendu behar da Nafarroako Foru Komunitatean eraikuntza-sektorea, oro har, ahula dela eta industria-sektorea, berriz, sendotzen ari dela. Estatuko gainerako erkidegoetan ere erregistroak positiboak dira, baina ez Nafarroan bezain deigarriak. Balantzaren beste aldean, zerbitzuen sektoreak nolabaiteko egonkortasuna erakutsi du portaeran, 2009. urtekoarekin alderatuta.
  • Krisiak eragina izan du enpresa-emaitzetan, baina, oraindik ere, errentagarritasun-maila positiboak lortzen dira batez beste. Horrela, Espainiako Bankuaren Balantze Zentraleko azken datuen arabera, erabilitako enpresa-laginetako aktiboen eta fondo propioen errendimendua % 4,8an eta % 5,8an kokatu zen 2010ean. Magnitude horiek krisiak inpaktu handia eragin duela erakusten dute, aurreko urtekoekin alderatzen baditugu.

Horrela bada, azaldu ditugun datuak kontuan hartzen baditugu, 2010. urtea urte gazi-geza izan da Nafarroako ekonomiarentzat eta, oro har, Espainiako ekonomiarentzat.  Ekonomia hazten hasi den arren, oso ahul jarraitzen du. Zalantzarik gabe, hori ez da nahikoa, krisialdiak utzi digun lan-merkatu narriatuaren erregistroak hobetzeko. Hori horrela, 2011n hazten jarraitzea espero dugu aztergai ditugun bi eremuetan:  % 0,9 Espainian eta % 1,6 Nafarroan.

Dena den, ehuneko horiek ez dira nahikoa izango langabezia-tasa txikitzeko, nahiz eta lana dutenen kopurua Nafarroan handitzea espero den. Oparoaldi luzearen ondorioak (sektore pribatua oso zorpetuta eta lan-merkatua hautsita) kontuan izanda, egoera larria da, eta % 4 eta % 5 arteko mundu-hazkundearen eraginez kanpoko sektorea suspertu izanak ez dio askorako balio izan.

Laburbilduz, krisialdiaren amaiera urruti dago oraindik, eta 2012ra arte itxoin beharko dugu hazteko, enplegua sortzeko eta langabezia-tasa txikitzeko. Dena den, inflazioa handitzearen eta, bereziki, herrialdeen zorpetzearen inguruko zalantzek tinko jarraitzen dute, eragozpen gisa.  Horregatik, ekonomiaren lehiakortasuna aldagai garrantzitsua da etorkizunari begira. Gainera, duen garrantzia kontuan hartuta, Europako ekonomia-politikaren azken ekimenetako batean, Euro Plus Itunean, esplizituki jasotzen da. Horren haritik, gogoratu behar dugu ekonomia lehiakorra izateko eragile garrantzitsua dela produktibitatea, eta giza kapitala, azpiegitura konplexuak eta erakundeak sortzen lagunduko duen egitura instituzional sendoa izatea.