Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

Mikel Mancisidor, Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Saria

  • Bere curriculum bikainak eta Giza Eskubideen arloan duen proiekzio eta eragin global nabarmenak, zeinaren garapenean erreferente garbia baita, bermatzen dute sari hau ematea

  • Gazteei zuzendutako deialdian, Alexander Gurrutxaga eta Joana Otxoa de Alaizaren “Aberriaren poeta kantaria. Xabier Leteren obraren berrirakurketa bat” proiektuak eskuratu du Eusko Ikaskuntza- Laboral Kutxa Gazte Saria

 

2020ko maiatzak 8.-Eusko Ikaskuntzak eta LABORAL Kutxak aditzera eman dute gaur Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Sariaren eta Gazte Sariaren 2020ko epaia.

Sariak 25 urte betetzen dituen edizio berri honetan Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria Mikel Mancisidorrek eskuratu du. Hala ebatzi du sariaren epaimahaia osatzen duten Eusko Ikaskuntzaren eremu geografikoko sei unibertsitateetako ordezkariek, eta Eusko Ikaskuntza eta LABORAL Kutxako ordezkariek. Nazio Batuen Erakundean Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidearen garapenean eragile garrantzitsuenetako euskalduna da, René Cassinez geroztik. Epaimaiharen ustez, “bereziki aipagarria da Nazioarteko Zuzenbidean bi alorretan egindako ekarpena: gizakiak ura izateko duen eskubidean eta gizakiaren zientziarako eskubidean”. Gainera, epaian jaso den bezala “bere ekarpena Amerika, Europa eta Euskal Herriko unibertsitateetan izandako jarduerarekin bateratu du, gizarteratze eta dibulgazio lanekin, bai eta mundu guztian zehar egindako lankidetza, laguntza humanitario eta giza eskubideen defentsarekin ere”.

Lehenengoari dagokionez, UNESCO Etxeko zuzendari gisa aritu zenean, bere lana erabakigarria izan zen Nazio Batuen Batzar Orokorrak 2010ean Uraren Eskubidea bizitzaz gozatzeko ezinbesteko Giza Eskubide gisa aitortzeko.

Bestetik, NBEko Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideen Komiteko kide da 2010tik eta erakunde horrexek berak onartu zuen Zientzia eta Giza Eskubideei buruzko Iruzkin Orokorra, Mikel Mancisidor kontalari izan zuena. Horrela borobildu ditu Zientziaren Eskubidearen alorrean lanean aritutako bost urte, gaur egun, UNESCO bezalako nazioarteko erakundeek eta herrialde talde garrantzitsu batek (Europar Batasuneko zenbait eta Iberoamerikar Erakundearen parte diren hogei Estatu baino gehiago) onartuta duena. Lorpen honek balio berezia hartzen du klima aldaketa edo osasun publiko globalaren drama bezalako balore krisi bete-betean.

Bere zorroztasun intelektual, zintzotasun, berrikuntzarako gaitasun eta ardurari esker, Mikel Mancisidor mundu globalean Giza Eskubideen garapenerako erreferente nabarmena da.

Esfortzu hau guztia Amerika, Europa eta Euskal Herriko unibertsitateetan izandako jarduerarekin bateratu du, gizarteratze eta dibulgazio lanekin, bai eta mundu guztian zehar egindako lankidetza, laguntza humanitario eta giza eskubideen defentsarekin ere.

Azkenik, epaimahaiak azpimarratu nahi izan du sarituaren etorkizuneko proiekzioa, gaur egun inoiz baino garrantzitsuagoa den esparru horretan sakontzeko eta laguntzen jarraitzeko.

 

Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte saria

Alexander Gurrutxaga eta Joana Otxoa de Alaizak osatutako taldeak eskuratu du aurtengo Eusko Ikaskuntza- Laboral Kutxa Gazte Saria “Aberriaren poeta kantaria. Xabier Leteren obraren berrirakurketa bat” lanarekin. Hala erabaki du aho batez epaimahaiak.

Proiektuaren izenburuak berak dioen bezala, poeta eta kantariaren obraren berrirakurketa bat egin nahi da, publiko berrietara heltzeko xedez. Horretarako, artistaren obraren inguruko errezitaldi musikatu bat ondu eta disko-liburu formatuan argitaratuko dute 2020-2021 urteetako epealdian.

Alexander Gurrutxaga eta Joana Otxoa de Alaiza gipuzkoarrak dira eta 31 urte dituzte biek. Gurrutxaga euskal literaturan doktorea da eta, hain zuzen, Xabier Leteren poetikaren inguruan landu zuen doktore tesia. Otxoa de Alaiza Pianoan lizentziatuta dago eta musikaren alorra sakonki landu azken urteotan.

Epaimahaiaren aburuz, lanak sariaren xedearekin bat egiten du guztiz: “Humanitateak, Kultura eta Arteak lantzen ditu; gaurkotasun handiko gaia jorratzen du, aurten artista hil zenetik hamar urte beteko baitira; haren ondarea belaunaldi berriei zabaltzeko aukera eskaintzen du; eta, gainera, euskararen erabilera bera ere bermatuta dago”.

 

Epaimahaien osaketa

Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria:

Iñaki Dorronsoro, Eusko Ikaskuntzako Lehendakaria; Marije Etxaniz, LABORAL Kutxako Komunikazio Zuzendaria; Jon Altuna, Mondragon Unibertsitateko Errektore Akademikoa, Errektorearen izenean; Jon Zarate, Euskal Herriko Unibertsitateko Euskararen eta etengabeko prestakuntzaren arloko errektoreordea, Errektorearen izenean; José Antonio Rodríguez Ranz, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko eta Erakunde Harremanetako Errektoreordea, Errektorearen izenean; Iciar Astiasarán, Nafarroako Unibertsitateko Ikerketa Errektoreordea, Errektorearen izenean; Roldán Jimeno, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Idazkari Nagusia, Errektorearen izenean; eta Iñaki Esparza Leibar, UNED Bergarako Zuzendaria, bertako Errektorearen izenean.

Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria:

Arantza Cuesta, Eusko Ikaskuntzako Zuzendaria; Marije Etxaniz, LABORAL Kutxako Komunikazio Zuzendaria; Jon Altuna, Mondragon Unibertsitateko Errektore Akademikoa; Txelo Ruiz, Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasleen eta Enplegugarritasunaren arloko errektoreordea; Ixone Fernández de Labastida, Barandiaran Fundazioaren Lehendakaria; eta Urkiri Salaberria, Artean aditua.