Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

Maori hizkuntza eta euskara biziberritzeko prozesuen azterketa konparatiboa, Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Gazte Sariaren irabazlea

 

Beñat Garaio Mendizabal 32 urteko gasteiztarrak ikerketa soziolinguistikoa egingo du, UNESCOren Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Hamarkadaren (2022-2032) hastapenean

 

 

2023ko maiatzak 2. “Kia ora, takatāpui: māoriera eta euskararen biziberritze prozesuak elkarlotzen” da Eusko Ikaskuntza- LABORAL Kutxa Gazte Saria 2023 irabazi duen proiektuaren izenburua. 2019az geroztik, bi erakundeek urtero banatzen dute 35 urtetik beherako gazteei Humanitate, Kultura, Arte edo Gizarte Zientzien arloetan proposatutako sormen- edo ikerketa-proiektu onenak abiatzeko.

Metodologia berritzailea erabiliz eta soziolinguistika anglosaxoiaren laguntzarekin, ikerketa honek Zeelanda Berrian euskara eta maori hizkuntza biziberritzeko prozesuak elkarlotzea du helburu, eta horrekin maori-kulturaren ikuspuntu filosofiko-akademikoa euskal eremura hurbiltzea, epaimahaiak bere ebazpenean adierazi duen bezala. Gainera, saria ematea bat dator UNESCOren Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Hamarkadaren hasierarekin (2022-2032), munduko hizkuntza aniztasunarentzako mugarria.

Beñat Garaio Mendizabal (Gasteiz, 1990) hezkuntza arloan trebatu zen, eta Soziolinguistikan espezializatu zen Londresko SOAS Unibertsitateko (Ekialdeko eta Afrikako Ikasketen Eskola) Language Support and Revitalization masterrarekin eta HIZNET Hizkuntza Plangintzako graduondokoan. 2022an UPV/EHUko ELEBILAB ikerketa-taldean doktoratu zen, eta lan horrengatik Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak emandako Arte eta Humanitateen arloko Euskarazko Tesi Onenaren VIII. Koldo Mitxelena Saria jaso zuen.

Hainbat ekimenetan parte hartu du, bai ikerkuntzan (Eusko Ikaskuntzaren “e5” egitasmoaren dinamizatzailea eta Soziolinguistika Klusterra, besteak beste), bai antolaketan (HIGA!, EuskarAbentura eta Hitz Adina Mintzo).

2014tik hirurogei artikulu baino gehiago argitaratu ditu. Gaur egun, ikertzaile eta proiektuak garatzen dihardu hainbat erakunderentzat, Biziherri IGB elkarte zibilaren bitartez.

Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Gazte Saria 2023 irabazi duen proiektua, 6.000 eurorekin lagunduta, 2024 amaierara arte ekintza ezberdinekin gauzatzea aurreikusten da.