Prentsa oharrak
EAEko familiek ezkortasun txikiagoarekin hasi dute 2023a
2023ko lehen hiruhilekoan, EAEko familien konfiantzak balio negatiboetan jarraitzen du (-9), haien zuhurtasuna eta ezkortasuna agerian utziz. Hala ere, euskal kontsumitzailearen konfiantza-indizeak hobera egin du, eta dagoeneko ez da 2022ko hirugarren hiruhilekoan (-22) eta laugarren hiruhilekoan (-23) bezain negatiboa.
Zer iritzi dute EAEko familiek datozen hamabi hilabeteetako bilakaera sozioekonomiko orokorrari buruz?
- Estatuko (-23), EB-27ko (-21), Frantziako (-21), Alemaniako (-18) edo Danimarkako (-13) familiak ere ezkorrak dira, baina emaitza hori leunduz doaz. Ezkortasun hori eragiten duten faktore partekatuen artean, inflazioaren ibilbidea eta susperraldi ekonomikoaren moteltzea nabarmentzen dira.
Nola eraikitzen da EAEko familien konfiantza eta haren bilakaera?
- EAEko familiek ezkortasuna gutxitu dute konfiantzaren lau osagaietan. Igurikimen okerrenak ekonomia orokorraren bilakaerari dagozkio (-19), eta ez dira hain ezkorrak etxeko ekonomiaren bilakaerari (-10) edo langabeziari (-6) eta, argi eta garbi, aurrezkiari (-2) dagokienez.
- Ezkortasun txikiago hori erregistratutako susperraldi ekonomikoak (+% 4,4, BPG) eta enpleguaren sendotzeak justifikatuko lukete, Gizarte Segurantzako afiliazioa balio maximoetan baitago (urtarrila-otsaila, 986.232 pertsona) eta erregistratutako langabeziak beheranzko joerari eusten baitio (112.601 pertsona).
- Hala ere, 2023an hazkunde ekonomikoa moteltzearen aurreikuspenak (% 2tik beherakoa, EB-27ren inguruan), gatazka belikoaren ondorioak (ekonomikoak, geopolitikoak, etab.) eta inflazioaren egoera mantentzearen ondorioak -interes-tasen igoera justifikatu duena (hamabi hilabeterako Euriborra, jada % 3,7- igurikimen horietan adierazitako errezeloa eta ezkortasuna azaltzen duten faktoreak dira.
Nola eragiten du konfiantzak familien gastuan eta inbertsioan?
- EAEko familia gehienen arabera, prezioak mantsoago haziko dira, eta horren ondorioz, prezioen bilakaera-indizea nabarmen berreskuratu da, nahiz eta negatibo izaten jarraitzen duen (-7). Bestalde, erosketa handiak egiteko egungo unearen balorazio negatiboa gailentzen da (-32), eta ia ez da berreskuratzen.
- Hala ere, EAEko familien artean erosketa handiak (-7) eta autoa erosteko igurikimenak hobetu egin dira, eta etxebizitza erosteko itxaropenak egonkor jarraitzen du.
- Igurikimen horien kontrapuntu gisa, EAEko familien kontsumoaren hazkundea nabarmentzen da 2022an (+% 3,0, Eustat), baita etxebizitzen salerosketaren susperraldia ere (+% 13,3), baina ez ibilgailu berriaren erosketarena (-% 11,2), nahiz eta nolabaiteko hobekuntzarekin hasi duen 2023. urtea (urtarrila-otsaila,
+% 12,1).
Laburbilduz: EAEko familiek 2022an baino ezkortasun txikiagoarekin hasi dute 2023. urtea. Esan daiteke inflazio-espirala barneratu dutela eta finantzaketaren kostu altuagora egokitzen ari direla, aurrezkiaren ordainsaria hobetzeko zain. Hala eta guztiz ere, bere ezkortasuna ekonomia orokorraren bilakaerarekin lotuta jarraitzen du, lan-merkatuaren eta aurrezteko aurreikuspenekiko (ia) konfiantzaren aurrean, faktore horiek mesfidantza murriztea ekarri baitute. 2023ko lehen zatiko bilakaera sozioekonomikoa erabakigarria izango da 2022an sortutako ziurgabetasunak gainditzeko, batez ere azken hamarkadetan ezohiko balioetan izandako inflazioaren ondorioz.