Prentsa oharrak
LABURPEN EXEKUTIBOA: EAErako aurreikuspen-panela
Herrialde aurreratuetan aurten izandako atzeraldia agerian geratuko da 2009ko ekitaldiaren bukaeran. Hala, BPGren hazkunde-tasa -% 3,5ekoa izango da, eta lan-merkatuaren okertzea nabaria (% 11,3ko langabezia-tasa), nahiz eta okertze hori amaitzen ari dela dirudien. Bestalde, prezioen aldetik ez da berebiziko arazorik izango, produktu energetikoen eskariak eta prezioek behera egin baitute nabarmen.
Bestalde, 2010ari begira, ekonomiaren portaera baldintzatuko duten elementuak honako hauek izango dira:
1.- Barne-eskaria motela izango da, bai familiena (haiek hartutako zor handiak eta lan-merkatuaren okertzea direla-eta), bai enpresena (haien eskarien beherakadak eta produkzio-ahalmenaren erabilera apalak inbertsioen jokaera okerra iragartzen baitute).
2.- Eraikuntza-sektorearen eskaintzak doitzen jarraituko du.
3.- Politika ekonomikoen norabidea aldatu egingo da: diru-politika geroz eta murriztaileagoa izango da eta politika fiskalarekin beste horrenbeste gertatuko da, zergak igoko direla iragarri eta gero.
4. Alderdi positiboan, inbentario-zikloaren aldaketak eta atzerriko sektoreak ekarpenak egingo dizkiote BPGri.
Nolanahi ere, 2010erako aurreikusitako BPGren hazkundea % 0ren ingurukoa izango da, langabezia-tasa 2009koaren antzekoa eta prezioen igoera % 1etik gertu ibiliko da.