Prentsa oharrak
LABORAL KUTXAREN ESTRATEGIA OMNIKANALAREN ELEMENTU BEREIZGARRIA BULEGOAK IZANGO DIRA
-
Euskal kreditu-kooperatibaren Batzar Nagusiak 2016. urteko kontuak onartu eta ekitaldi horretako gestioa babestu du
-
LABORAL Kutxak 111,3 milioi euro irabazi zituen 2016an, CET1 fully loaded kapital-ratioa % 15,46koa eta haren berankortasun-tasa % 5,82koa izan zen
-
Entitatearen eredu komertzialaren oinarria goreneko banka kanalanitza da, teknologia eta kanalak harreman pertsonalarekin uztartuz
2017ko apirilaren 1a.– Gasteizko Europa Biltzar Jauregiko entzunareto nagusian bildutako bazkideek aho batez onetsi dituzte LABORAL Kutxaren Urteko Kontuak eta Gestio Txostena, hurrenez hurren euskal kreditu-kooperatibako lehendakari Txomin Garcíak eta zuzendari nagusi Julio Gallasteguik aurkeztu dituztenak.
Txomin García pozik agertu da iazko ekitaldiko lorpenengatik, kontuan izanda interes-tasa txiki-txikiek eta etengabeko arau-aldaketekek eragindako baldintza zorrotzak nagusi izan dituela urteak. Bazkideen aurrean egindako hitzaldian esan duenez, egoera zaila izan arren, helburuak hein handi batean bete dira. Hala, errentagarritasuna erronka nagusietako bat duen sektore batean, LABORAL Kutxak 111,3 milioi euro irabazi ditu zerga ostean, eta bere baliabide propioen gaineko errentagarritasuna —ROE— % 7,20koa izan da. Horrenbestez, entitatea leku pribilegiatuan kokatzen da sektorean.
LABORAL Kutxak balantze saneatua aurkeztu du Batzar Nagusian, honako indar hauek nabarmenduta: kaudimen-maila handia, % 17,46ko CET1 fully loaded kapital-ratioarekin, likidezia-egoera lasaia, % 83ko LTD (loan to deposit) indizearekin; eta % 5,82ko berankortasun-tasa txikia.
Negozioaren bilakaera
Horrez gain, kreditu-kooperatibak bitartekoturiko baliabideak, 19.619 milioi eurokoak, eta kreditu-inbertsioaren saldoa, 13.433 milioi eurokoa, aipatu ditu entitateko lehendakariak. Negozioari dagokionez, urtean egindako formalizazioek aurreko urtekoen aldean izan duten gorakada azpimarratu du; izan ere, hipoteka-bermedun maileguek % 24 egin dute gora, kontsumorako maileguek % 11,2 eta merkataritza-helburukoek % 10.
2017rako helburuak
Julio Gallasteguik bere hitzaldian adierazi duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako ekonomiak hazten jarraitzen dute eta inguruko merkatuekin alderatuta maila hobeagoan daude, hazkunde-tasa eta enplegu-sorrera zertxobait apaltzen ari direla nabarmentzen delarik. Dena den, hobekuntza ekonomikoaren testuinguru horretan, banku-sektorearen oinarrizko erronka behar besteko marjinak lortzea da oraindik; izan ere, interes-tasetan ez da aldaketarik aurreikusten.
Gauzak horrela, haren arabera, LABORAL Kutxa “lehia-posizio ezin hobean dago eta konpromisoa du familia nahiz enpresen finantza- eta aseguru-beharrei erantzunik onena emateko”. Horrez gain, “ahalegin komertzialak egingo ditu aktiboen negozioa erakartzeko, eta kanal anitzeko negozio-eredurako trantsizioa bizkortuko du; izan ere, eredu hori ezin hobea da teknologia eta kanalak harreman pertsonalizatuekin uztartzen“.
Aseguru-negozioari dagokionez, gestioaren elementu estrategikoa eta diru-sarreren iturri garrantzitsua da dagoeneko. Hori dela eta, bereizteko, LABORAL Kutxak bankaseguruen kontzeptua garatzen jarraituko du kate osoan: aseguruak egitean, merkaturatzean eta ezbeharren arretan.
Etorkizunerako lau erronka
Amaitzeko, Txomin Garcíak Batzarreko azken hitzaldia eskaini du, entitateak etorkizunari begira duen ikuspegia azaltzeko. Haren gogoetaren muina hauxe izan da: LABORAL Kutxak nola egingo dien aurre finantza-sektoreak aurrean dituen lau erronka nagusiei, alegia ospeari, errentagarritasunari, erregulazioari eta bezeroen ohitura aldakorretara egokitzeari.
“Sektorearen ospe ona hil ala bizikoa da bezeroen konfiantzari eusteko, gaur egun atxikimendua funtsezkoa baita” adierazi du. Zentzu horretan, STIGA kontsultoretza-etxe independenteak argitaratu berri duen ikerketa aipatu du kooperatibako lehendakariak, poz handiz; izan ere, “gure bezeroek gogobetetasunaren eta zerbitzu-kalitatearen sailkapenetako buruan kokatzen gaituzte”.
Errentagarritasunak ere bere lekua izan du etorkizunerako erronken artean, izan ere, “banku-sektorearen eginkizuna errentagarritasuna hobetzea da, edo, gutxienez, kapitalaren kostuaren gainetik jartzea”. Eta, Estatuko banku-sektoreak baliabide propioen gaineko % 4ko errentagarritasuna ozta-ozta lortu duen testuinguruan, Txomin Garcíak gure entitatearekiko konfiantza azaldu du, “LABORAL Kutxa sektoreko erakunderik errentagarrienen artean mantentzen ari delako azken urteotan, % 7,20ko ROEarekin”.
Bankak aurre egin behar dion eta LABORAL Kutxa buru-belarri murgilduta dagoen hirugarren erronka ere azaldu du Txomin Garcíak, erregulazio-ingurune aldakor eta zorrotza, hain zuzen: Basilea III ixtea, IRFS9, MREL eta abar., besteak beste, plantilla osoak egin beharreko prestakuntza-ahalegina eskatuko du, MIFID II araua dela medio.
Hitzaldia amaitzeko, erronka garrantzitsuenetako bat izan du hizpide Txomin Garcíak: bezeroen ohitura-aldaketa. Erronka horren ondorioz, kanal ez-presentzialen bidezko gestioaren aldeko apustua egin behar da (Internet, mugikorra eta kutxazainak), baita aldaketa-prozesu estrategiko etengabearen aldekoa ere, teknologiaren eboluzio azkarra dela medio.
LABORAL Kutxako lehendakariak eredu hibrido bat aldarrikatu du, gizakiak eta teknologiak osatua, eta honako hau iragarri du: “LABORAL Kutxak kalitate handia eskainiko du bezeroekiko harreman birtualetan, eta bestalde, ohiko banaketa-sareak eraldatuko ditu, bere estrategia omnikanalean elementu bereizgarria izan dadin”.