Prentsa oharrak
LABORAL Kutxak zerga ondorengo 67 milioi euroko mozkin bateratua lortu du, 2015eko lehen seihilekoan
- Kontsumorako kredituen eta etxeentzako hipoteka kredituen formalizazioek % 28 eta % 58 egin dute gora hurrenez hurren, aurreko urteko epealdi berberarekin alderatuta.
- Enpresentzako finantzaketa berria % 19 hazi da, 2014ko lehen seihilekoarekin alderatzen badugu.
2015eko uztailaren 28a. 2015eko lehen seihileko honetan tasak oso-oso txikiak izan dira, eta horrek izugarri zaildu du sarrera errepikariak izatea. Egoera horretan, LABORAL Kutxaren emaitza-kontuaren bilakaerak % 12ko igoera izan du, aurreko ekitaldiko epealdiarekin alderatuz gero. Gauzak horrela, mozkin garbi bateratuak 67 milioi eurokoak izan dira.
Seihileko honetako datuek erakusten dutenez, kreditu-eskaera bezero-segmentu guztietan suspertu da, bai partikularretan bai enpresetan. Horrela, aurreko ekitaldiko azken herenean hasitako joera positiboa berretsi da. Bestetik, emaitza horiek lortu izanari esker, zuzkidura-beharra txikiagoa da, Berankortasunaren portaera hobea delako.
Likidezia
Entitateak likidezia-posizio bikaina du, inbertsio-politika orekatuen eta bezeroen aurrezki-saldoak handitzearen ondorioz. Horri esker, aukera du bere inbertsio-bokazioa txikizkako merkatuan eta enpresen merkatuan proiektatzen jarraitzeko. Hala, bezeroen gordailuen gaineko kredituen ratioa (Loan To Deposits) % 91,7koa da, txikizkako merkatuan diharduten sektoreko entitateen batez bestekoa % 115ekoa den bitartean, azken informazio erabilgarriaren arabera.
Berankortasuna eta hornidurak
Kalifikazio-agentziek behin eta berriro agerian jarri dutenez, arriskuen gestioa eta, bereziki, kreditu-arriskuaren gestioa da Entitatearen indargune handienetako bat. Ondorioz, berankortasun-tasak beherako bideari eutsi dio eta % 8,22koa da, sektorearen batez bestekoa baino apalagoa, hori 2015eko maiatzean % 11,48koa baitzen.
Kaudimena
LABORAL Kutxak kaudimen maila altua izaten jarraitzen du. Horrela, Common Equitiy Tier 1 (CET1) ratioa % 13,78koa da, 2015eko martxoko datuen arabera. Ratio horrek lehen mailako baliabide propioak arriskuaren arabera haztaturiko aktiboekin alderatzen ditu.
Aurrezkia eta kreditu inbertsioa
Bezeroei emandako kreditu osoa, hornikuntzak aintzat hartu gabe, 14.017 milioi eurokoa da. Saldoek beherako bidean jarraitzen dute, baina abiadura motelagoan, urtetik urtera % 4,8ko beherakada izan baitute.
Aurreko epealdi berberarekin alderatuta, seihileko honetan familientzako hipoteka-kredituek % 58 eta kontsumo-kredituek % 28,5 egin dute gora. Joera berbera antzeman da enpresentzako finantzaketan, formalizazio berrien bolumena % 19 hazi baita 2014ko ekitaldiarekiko.
Bestalde, baliabide bitartekotuen bolumen osoa (partikularren, enpresen eta erakundeen saldoak barne hartuta) 18.551 milioi eurokoa da, % 4,67 urte arteko hazkundearekin.
Emaitza Kontua
Interes tasak minimo historikoetan ibili dira, eta horrek epealdiko emaitzetan eragin du, banku-negozio tipikoaren marjinetan eragin handia duen aldetik. Bestalde, eta kreditu berriaren bilakaera oso positiboa izaten ari den arren, kreditu-zorroko saldoen erorketak ez dira formalizazio berriekin konpentsatu.
Edonola ere, banku-negozioarentzat eszenatoki konplexua den arren, LABORAL Kutxak 163,02 milioi euroko interes-marjina izan du lehen seihilekoan. Komisioen, dibidenduen eta beste finantza-eragiketa batzuen sarrerek konpentsatu dute neurri batean interes-tasak txikitu izana. Horiek % 6,9ko hazkundea izan dute, aurreko ekitaldiko epealdi berarekin alderatuta, eta 82,45 milioi eurokoak dira. Halere, marjina gordina 245,47 milioi eurokoa izan da, aurreko urtekoa baino % 8,8 txikiagoa. Kostuei eutsi izanak administrazio eta amortizazio gastuetan eragin du, eta, ondorioz, % 0,6 txikitu ahal izan dira gastuok.
Kreditu-zorroaren kalitatearen bilakaera onak hornikuntzetarako eta saneamendurako zuzkidura-beharrak txikitzea ekarri du. Hala, 40,14 milioi eurokoak dira eta % 40,7ko murrizketa izan dute aurreko ekitaldiarekiko. Horniduretarako eta saneamenduetarako zuzkidurak egin ondoren, zerga aurreko emaitza 73,23 milioi eurokoa da, aurreko ekitaldikoa baino % 6,8 handiagoa. Azkenik, zerga ondorengo emaitza bateratua 66,96 milioi eurokoa izan da, aurreko ekitaldikoa baino % 12 handiagoa.
Aseguruen negozioa
Lehen seihilekoan, aseguruen negozioak 15,4 milioi euroko emaitza globalak eman dizkio LABORAL Kutxa taldeari, aurreko urteko epealdi berean baino % 2,6 gehiago. Emaitza horiek lortzeko arrazoi nagusiak hauek dira: automobilen alorra suspertu izana, etxe eta bizitza alorretan produkzioa handitu izana, hobekuntzak egiten jarraitu izana bai zorroaren atxikipenean bai ezbehar-tasan, eta efizientzia eta produktibitatea hobetzeko martxan jarritako ekintzek ondoriozko emaitzak, ekintza horiek kostuak txikitzea ekarri baitute.