Menu

Laboral  Kutxa  Prentsa  aretoa

Prentsa oharrak

LABORAL KUTXAK JASANGARRITASUNAREN ALDEKO KONPROMISOA HARTU DU ETA NAZIO BATUEN ERAKUNDEAREN BANKU-JARDUERA ARDURATSUAREN PRINTZIPIOAK EZARRI DITU

  •  LABORAL Kutxak bat egin du mundu osoko 130 erakunde biltzen dituen koalizioarekin, eta, haiek bezala, konpromisoa hartu du etorkizun jasangarriaren alde funtsezko eragilea izatearekin
 
  • Txomin García: “Gure gestioaren oinarri diren balio kooperatiboek zintzoa eta arduratsua den banka egiteko beste modu batera garamatzate. Horregatik, ezin genuen ekimen honetan hutsik egin”

New York, 2019ko irailaren 22a.– Banku-jarduera Arduratsuaren Printzipioen sortzaile eta sinatzaileetako bat izan da gaur LABORAL Kutxa, eta konpromisoa hartu du bere negozioa Garapen Jasangarrirako Helburuekin eta klima-aldaketari buruzko Pariseko Akordioarekin estrategikoki lerrokatzeko.

Banku-jarduera Arduratsuaren Printzipioak sinatuta, mundu osoko 130 finantza-erakundek osatzen duten koalizioko kide da LABORAL Kutxa. Erakunde horien guztien artean, 47 bilioi dolarretik gorako aktiboak dituzte –USD 47 trillion–, eta, etorkizun jasangarria lortze aldera, funtsezko eragileak izateko konpromisoa onartu dute. 

Nazio Batuen Batzar Nagusiaren inaugurazio-ekitaldian (New Yorken) aurkeztu dituzte, ofizialki, Banku-jarduera Arduratsuaren Printzipioak. Munduko bankuen sektorearen eta NBEren arteko lankidetza-ekimenik garrantzitsuenaren hasiera izan da. Printzipioak gida bat dira munduko bankuen sektorearentzat, garapen jasangarrian oinarritutako ekonomian erantzunak eskaini, kudeatu eta aurrera egiteko. “Printzipioen eskutik datoz beharrezko ekintzak abian jarri ahal izateko ardura eta nahia”, adierazi du NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresek, aurkezpen-ekitaldian. Bertan izan dira 130 sinatzaile sortzaileak eta horietako 45 buru nagusi baino gehiago.

LABORAL Kutxako lehendakari Txomin García New Yorkeko protokolozko sinadura-ekitaldian egon da, eta pozik agertu da kooperatiba-erakundearen ordezkari izateagatik finantza-sektorearentzat historikoa den une honetan: “Gure ingurunearen gizarte-, ekonomia- eta enpresa-beharrei erantzuteko sortu zen kreditu-kooperatiba da LABORAL Kutxa. Gure gestioaren oinarri diren balio kooperatiboek zintzoa eta arduratsua den banka egiteko beste modu batera garamatzate. Horregatik, ezin genuen ekimen honetan hutsik egin; izan ere, egungo eredu ekonomikoa eraldatu eta jasangarriagoa eta bidezkoagoa den beste bat lortzea du xede”.

Banku-jarduera Arduratsuaren Printzipioetan adierazten denez, LABORAL Kutxa ziur dago “gizakien duintasunean, berdintasunean eta natura-baliabideen erabilera jasangarrian oinarritutako gizartean bakarrik egin dezaketela aurrera norbanakoek eta erakundeek”.

Printzipioak sinatzearekin bat, LABORAL Kutxak konpromisoa hartu du “gure produktu, zerbitzu eta harremanen bidez gure ekonomietan eta bizimoduetan funtsezko aldaketak bultzatu eta bizkortzeko, egungo belaunaldiaren eta etorkizunekoen oparotasuna lortze aldera”.

Banku-jarduera Arduratsuaren Printzipioek ezarpen- eta erantzukizun-esparru zorrotzaren babesa dute. Sinaduraren bidez, LABORAL Kutxak konpromisoa hartu du pertsonengan eta planetan duen inpaktuan gardentasunez jokatzeko, inpaktua positiboa nahiz negatiboa izan. LABORAL Kutxak eraginkorrena izan daitekeen eremuari (bere negozio nagusiari) erreparatuko dio, eta helburu garrantzitsuak zehaztu, argitaratu eta ezarriko ditu inpaktu positiboak sustatzeko eta negatiboak egoki kudeatzeko, helburu orokorrekin eta tokian tokikoekin bat.

Banku-jarduera Arduratsuaren Printzipioak esparru eraginkorra izango dira LABORAL Kutxarentzat, garapen jasangarriko ekonomiak ekarriko dituen negozio-aukera berriak sistematikoki identifikatu eta aprobetxatzeko. Aldi berean, sortzen ari den garapen jasangarriko ekonomiarekin lotutako arriskuak identifikatu eta eraginkortasunez kudeatzeko aukera emango diote finantza-erakundeari.

 

Banku-jarduera Arduratsuaren Printzipioei buruzkoak

Zenbait bankuk eta Nazio Batuen Ingurumenerako Programaren Finantza-ekimenak —United Nations Environment Programme Finance Initiative, UNEP FI— osatutako munduko elkarteak garatu zituen Banku-jarduera Arduratsuaren Printzipioak. Nazio Batuen Ingurumenerako Programaren Finantza-ekimena Nazio Batuen eta sektore pribatuaren arteko lankidetzaren emaitza da.

Banku-jarduera Arduratsuaren Printzipioak eta esparru-dokumentuak hemen ikus ditzakezu.

Gaur egun Banku-jarduera Arduratsuaren Printzipioen sinatzaile eta sortzaile diren banku guztien zerrenda osoa eta beraien buruzagien adierazpenak hemen ikus ditzakezu.