Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

LABORAL KUTXAK IRABAZI BATERATUA % 12,7 HANDITZEA LORTU DU LEHEN SEIHILEKOAN, ETA 51,8 MILIOIRA IRITSI DA

 

  • Entitateak 35,4 milioiko hornidura osagarria egin du, pandemiaren eragin kaltegarriei aurrea hartzeko; ondorioz, 100 milioi eurokoa da helburu horretarako metatutako hornidura

 

  • Kaudimenaren alorrean, bere merkatuko liderra izaten jarraitzen du LABORAL Kutxak: % 19,99ko CET1 ratioa du

 

  • Berankortasun-tasa % 3,03ra jatsi da, sektorearen batez besteko mailatik behera, % 4,48koa izan baita maiatzean

 

  • Negozio-bolumena 45.000 milioi eurotik gorakoa da jada, seihilekoan % 4,7 hazi ondoren

 

 

2021eko abuztuaren 4a.–Perspektiba makroekonomikoak hobeak izan direnez, gorantz zuzendu dira aurreikuspenik berrienak. Halere, ingurune ekonomikoak erasanda jarraitzen du. Tasen kurbek maila ultrabaxuetan jarraitzen dute, eta finantza-erakundeek egiturazko aldagai horrekin bizitzen ikasi behar izan dute. Eurogunean bost urtean tasa negatiboetan ibili ondoren, balantzeak pandemiaren eraginetatik babesteko aparteko hornidurak egin behar izan direnez, are zailagoa izan da merkatuak eskatzen dituen errentagarritasun-mailak lortzea.

Zorroztasun handiko egoera horretan, LABORAL Kutxak 51,8 milioi euroko irabaziarekin amaitu du 2021eko lehen seihilekoa; 2020ko epe berekoa baino % 12,7 handiagoa izan da, beraz. Baliabide propioen gaineko errentagarritasunak % 5,05eko ROE bat islatzen du, eta adierazle nagusiek bilakaera positiboa izan dute: negozio-bolumena 45.054 milioira iritsi da (% 4,7 hazi ostean), berankortasuna % 3,03ra jaitsi da eta, bere kaudimen-mailari esker, bere merkatuko liderra izaten jarraitzen du entitateak, % 19,99ko CET1 ratioarekin.

 

 

Emaitza-kontua

Interesen marjina 122,5 milioi eurokoa da; hots, % 1,2 jaitsi da, euriborrak hipoteken zorroan izan duen bilakaeraren ondorioz. Bestalde, suspertze ekonomiko hasiberriak banku-zerbitzuen eskaera handitzea eragin du, eta, ondorioz, komisioek bilakaera positiboa izatea: % 12,5 hazi dira. Ordainbideen ekarpena % 10 inguru handitu da, eta bezero aurreztaileei emandako inbertsio-zerbitzuak % 19.

Hala ere, oinarrizko marjina % 2,8 hazi da, 180,7 milioi eurora iritsi arte; marjina gordina, berriz, 205,6 milioi eurokoa izan da, iazko lehen seihilekoan baino % 3,7 handiagoa.

Diru-sarrerak sortzeko egungo zailtasuna dela eta, ezinbestekoa da kostuen egitura zorrotz zaintzea. Atal horretan, kudeaketa eraginkorra gauzatzen jarraitu du LABORAL Kutxak. Hala, urteko lehen sei hilabeteei dagozkien administrazio-gastuak eta amortizazioak % 0,8 jaitsi dira urtetik urtera, eta 117,4 milioi eurotan kokatu dira.

LABORAL Kutxaren kreditu-zorroak ez du narriadura-zantzurik. Balantzeko aktiboen kalitateak are behar txikiagoak ditu, eta, ekaina amaitzean, emaitza-kontuaren alde 8,6 milioi euro azaleratu dira horniduren, saneamenduen eta narriaduren kapituluari esker.

Dena den, zuhurtziarik handieneko ohiko irizpideekin bat, COVID-19rako aparteko hornidura 35,4 milioi euro handitzea erabaki du LABORAL Kutxak, familientzat eta enpresentzat ezarritako arintze-neurriak amaitzen direnean gerta litekeena aurreikusiz; beraz, 100 milioi eurokoa da metatutako hornidura.

2021eko lehen seihilekoko irabazi gordina 61,5 milioira iritsi da, eta, 9,7 milioiko zerga-karga egotzi ondoren, 2021eko lehen seihilekoko emaitza garbi bateratua % 12,7 hazi da, aurreko ekitaldiko aldi berarekin alderatuta. Horrenbestez, seihilekoko irabazia 51,8 milioi eurokoa izan da, kooperatibaren gizarte-ekintzako funtsetara zuzkidura egin aurretik.

 

Berankortasuna murriztu egin da

LABORAL Kutxaren berankortasuna % 3,03raino jaitsi da urtarriletik ekainera bitartean, eta hori kopuru oso ona da sektorearen batezbestekoarekin alderatuta, maiatza ixtean % 4,48koa baitzen. Berankortasuna neurtzeko, zalantzazko maileguek emandako maileguen guztizko bolumenaren gainean duten ratioa hartzen da aintzat. Jardun egokia balioztatzeko hain garrantzitsua den atal honetan, zalantzazko kredituak organikoki % 9,41 murriztea lortu du erakundeak, 2020ko ekainetik.

 

Lidergoa kaudimenean eta likidezia ona

Kaudimenaren alorrean liderra izaten jarraitzen du LABORAL Kutxak. Entitatearen guztizko kaudimen-ratioa bat dator kapitalaren CET1 ratioarekin —kategoria goreneko baliabideak soilik hartzen ditu horrek kontuan—. Bi neurriok % 19,99koak dira, lehen seihileko honetan sortutako emaitzak zenbatu gabe.

Likideziari dagokionez, % 63,45ekoa da LTD (Loans to Deposits) ratioak neurtutako gordailuen gaineko kredituen ehunekoa. Era berean, LCR (Liquidity Coverage Ratio) adierazlea, entitateak epe laburreko konpromisoei erantzuteko duen gaitasuna neurtzen duena, % 373koa da, banku-negoziorako gutxieneko atalase moduan ezarrita dagoen % 100eko arau-eskakizuna baino nabarmen handiagoa.

 

Aurrezkiaren bilakaera eta inbertsio-zerbitzuak

Oro har, LABORAL Kutxako bezeroen baliabideak 27.568 milioi eurokoak dira, eta 1.422 milioi euro igo dira 2021eko urtearen lehen erdian; horrek esan nahi du % 5,4ko hazkundea izan dela.

Inbertsio-zerbitzuei lotutako figurei indar handiagoa sumatu zaie, % 8,3ko gehikuntza metatu baitute orotara. Invercoren datuen arabera, inbertsio-funtsen saldoak % 13,2 hazi dira iazko ekitaldiaren itxierarekin alderatuta, hau da, aldi berean banku-sektorean izandako % 9,2ko gehikuntza baino gehiago. Bestalde, aurreikuspen- eta pentsio-planen saldoek ere bilakaera positiboa izan dute aldi honetan: orotara % 3 hazi dira.

 

Kreditu-inbertsioa

2021eko lehen seihilekoan berretsi egin da aurreko ekitaldian kreditu-inbertsioaren bilakaerari dagokionez hautemandako joera-aldaketa. Partikularren eta enpresen formalizazio berriek gainditu egin dute amortizazioen bolumena, eta, orotara, kredituen saldo biziak % 4ko hazkunde garbia izan du ekainaren 30era arte: 14.952 milioi eurora iritsi da.

Entitateak gorakada handia izan du hipoteka-bermedun kredituen formalizazioetan, % 31,4koa aurreko ekitaldiko aldi berean formalizatutako saldoen aldean. Bestalde, kontsumorako kredituen emakida berrien bolumena ere % 9,6 hazi da seihilekoan.

 

Enpresei laguntzea

Merkataritzaren atalean, enpresentzako kredituen saldoek hazten jarraitu dute, urtetik urtera % 12ko igoerara iritsi arte.

Negozio-zifretatik haratago, enpresa bezeroekin lankidetza estuan aritzeko bokazioari eusten dio LABORAL Kutxak. Joan den ekainean, aholkularitza espezializatuko LABORALnext unitatea sortu zuen, enpresei Europako Next Generation EU (NGEU) funtsen laguntza-lerro nagusiak eskuratzen laguntzeko, enpresa-ehunaren eta, oro har, ekonomiaren etorkizunerako erabakigarriak diren aldetik.

Enpresen Bankaren zerbitzu berriaren bidez, ETEek aholkuak jasotzen dituzte, beren proiektuak berreskuratze-funtsetarako ezarritako helburuetan nola txertatzen diren jakin dezaten, eta laguntza teknikoa ematen die, aurreikusitako deialdietako eskakizunen arabera prestatu eta aurkez ditzaten proiektuak.

 

Aseguruen negozioa

2021eko lehen seihilekoan, aseguruen atalak 25,3 milioi euroko emaitzak lortu ditu, 2020ko ekainean baino % 16 gehiago.

Urteko lehen seihilekoko primak 96,1 milioi eurokoak dira, aurreko urtean baino % 2,4 handiagoak. Bilakaera positibo horrentzat mesedegarriak izan dira etxe-aseguruen primei eman zaien bultzada —% 3,7 gehiagoko ekarpena egin dute— eta bizitza arrisku indibidualeko primak —% 23,9 ekarri dute—.

Merkaturatze berrien atalean, Multiaseguru Kontuaren komertzializazioari ekin dio erakundeak lehen seihileko honetan. Horren bidez, aseguru guztiak bildu eta 12 kuotatan ordain ditzakete LABORAL Kutxako bezeroek, aparteko gasturik gabe.

 

 

Eraldaketa digitala

LABORAL Kutxak urratsak ematen jarraitzen du digitalizazio-prozesuan. Mugigarritasunean eta harremanetan bizi izan ditugun mugek nabarmen areagotu dituzte ohitura digitalak. Ildo horretatik, eskaera eta premia berrietara ahalik eta ondoen egokitzeko beharrezko baliabideak eta tresnak gaitu ditu entitateak, eta ingurune berrian esperientzia bikaina eskaintzeko ahaleginak egin ditu, bulegoekin eta gestoreekin harreman pertsonalak izateko urruneko tresna digitalak emanez eta kanal digitalen bidez funtzionaltasun eta zerbitzu baliagarri ugari berri eskainiz. Horretarako, bezeroei hurbileko arreta eta laguntza eman die, errazago egokitu daitezen finantza- eta aseguru-zerbitzu horiek erabiltzeko modu berriotara.

Harreman-modu horren bilakaerak oso datu argigarriak eman ditu; izan ere, 2020an digitalizazioak igoera handia izan ondoren, 2021 honetan eutsi egin dio joerari, eta, lehen seihilekoaren amaieran, dagoeneko LABORAL Kutxako 540.000 bezero dira digitalak. Gainera, horien artean, jada 147.000 bezero jartzen dira online bankako Horma tresnaren bidez beren gestorearekin harremanetan. Harreman- eta gestio-ingurune digital horrek hainbat aukera eskaintzen ditu: hitzorduak eskatzea, dokumentazioa bidaltzea, gestorearekin zuzenean bideokonferentziak egitea eta abar. Seihileko honetan, % 84ko hazkundea izan duenez, garbi dago entitateak arrakasta izan duela ingurune digital berrira egokitzen, bezeroarekiko hurbiltasunaren eta pertsonen arteko harremanaren ikuspegitik.

Kanal digitaleko funtzionalitateen eta baliozko zerbitzuen aurrerapausoetan, Argituk ematen dituen zerbitzu berriak nabarmendu behar dira. Tresna horrek diru-sarreren eta gastuen mugimendu guztiei buruzko baliozko informazioa eskaintzen die bezeroei, eta, orain, beste erakunde batzuetatik agregatutako kontuen informazioa ere ematen du. LABORAL Kutxaren online bankako plataformak eskaintzen duen agregazio zerbitzuari esker, beste erakunde batzuetan dituzten kontuak ere LABORAL Kutxatik kudeatu ahal izango dituzte bezeroek. Gainera, seihileko honetatik aurrera, kontu horien kargura transferentziak agintzeko aukera ere ematen du, bai eta kontu horietako mugimenduak LABORAL Kutxaren alerta-zerbitzuaren bidez kontrolatzeko ere.

Produktu eta zerbitzu digitalen atalean, auto-aseguruak tarifikatzeko zerbitzua ere gaitu da, etxe-aseguruen tarifikatzailearen ondoan, eta asegurua bera kontratatzeko ere erabil daiteke. Era berean, urrats handiak egin dira inbertsio-zerbitzuen atalean ere. Alde batetik, inbertsio-gomendio pertsonalak autonomoki lor ditzakete bezeroek, eta, bestetik, gestoreak bidalitakoak jaso eta betearazi ere bai.

 

Jasangarritasuna

Jasangarritasunaren alorrean oso jarduera handia gauzatu da urteko lehen seihilekoan. Martxoan, informazioa zabaltzeari buruzko EBren 2088/2019 Erregelamendua ezartzen amaitu zen, eta dagoeneko lan-ildo berriak ireki ditugu hainbat alderditan, hala nola jasangarritasun-arriskuen integrazioan, moldaketa teknologikoan, gobernantzaren egokitzapenean eta finantzaketa eta inbertsio-zerbitzu jasangarrien esparru baten garapenean. Horrez gain, lanean jarraitu dugu berdintasunaren arloan, Gaztenpresaren bidez enpleguari laguntzen, ingurumena kudeatzen eta kultura eta hizkuntza babesten —nabarmentzen jarraitzen dugu horietan—.

 

 

EMAITZA-KONTU BATERATUA (mila €-kotan)

                                                                                                                                                                 

  2020ko 1. S. 2021eko 1. S. Ald. %-a
INTERESEN MARJINA 124.030 122.488 –% 1,24
KOMISIOAK 51.784 58.237 % 12,46
OINARRIZKO MARJINA 175.814 180.726 % 2,79
DIBIDENDUAK, FINANTZA-ERAGIKETEN EMAITZA ETA ABAR 22.414 24.910 % 11,14
MARJINA GORDINA 198.228 205.636 % 3,74
ADMINISTRAZIO-GASTUAK ETA AMORTIZAZIOAK 118.227 117.354 –% 0,77
HORNIDURETARAKO, SANEAMENDUETARAKO ETA BESTE NARRIADURA BATZUETARAKO ZUZKIDURAK (+) / ASKAPENAK (–) –23 –8.629
COVID-19AK ERAGINDAKO EZOHIKO ZUZKIDURA 25.000 35.400 % 41,60
ZERGA AURREKO EMAITZA 54.989 61.511 % 11,86
IRABAZIEN GAINEKO ZERGAK 8.984 9.684 % 7,79
EKITALDIKO EMAITZA BATERATUA (*) 46.005 51.827 % 12,66

(*) Kooperatibaren gizarte-ekintzarako funtsetarako zuzkidura baino lehen.

 

 

 

BESTE MAGNITUDE BATZUK

 

CET 1 (COMMON EQUITY TIER 1) KAUDIMENA % 19,99
LIKIDEZIA (Loans to Deposits) % 63,45
BERANKORTASUNA % 3,03