Prentsa oharrak
LABORAL Kutxak eta SEAk elkarren arteko lotura sendotu dute, enpresei laguntzeko helburuarekin
Arabako elkarteak azpimarratu duenez, finantzaketa lortzea oso garrantzitsua da enpresa-proiektuak gauzatzeko
SEArekin bat eginez, kreditu-kooperatibak beste urrats bat egin du Arabako enpresa-sarearekin inplikatzeko bidean
2025eko apirilaren 8a.– LABORAL Kutxak beste urrats bat egin du Arabako enpresa-sarearekin inplikatzeko bidean, eta SEArekin elkartutako enpresetako bat da dagoeneko. Bi erakundeok azken urteetan Arabako lurraldeko enpresei babesa ematen lankidetza estuan aritu ondoren iritsi da lotura.
SEA Arabako enpresa-erakundea da, bere enpresa elkartuen jarduera bultzatzeko eta koordinatzeko xedea duena. Horretarako, haien arteko informazio-bideak sortzen eta sustatzen ditu, hainbat esparrutan (prestakuntzan, I+G+b arloan, negoziazio kolektiboan, komunikazioan, ekitaldietan eta abar) haien mesedetan jarduteko irizpideak zehazten ditu eta bere jarduera-esparruan enpresa-batasuna bultzatzen du. Gainera, sektoreko erakunde guztien interesak ordezkatzen ditu, erakundeen, antolakundeen eta beste kolektibo batzuen aurrean. SEAk 4.000 enpresa baino gehiago biltzen ditu; 1.300 baino gehiago zuzeneko elkartze bidez, sektoreka taldekatuta, eta, gainerakoak, atxikitako enpresa-elkarteen bitartez.
LABORAL Kutxa, berriz, 60 urtetik gorako historia duen kreditu-kooperatiba bat da, eta 1.150.000 familia eta enpresari baino gehiagori produktuak eta zerbitzuak ematea da bere finantza-jarduera. Haren bulego-sareak 285 salmenta-puntu ditu, Estatuaren ipar-erdialdeko biztanlegune nagusietan; haien artean, 27 bulego Arabako lurraldean daude.
LABORAL Kutxaren enpresa-eredua soldata-elkartasunean eta langileek kudeaketan parte hartzean oinarritzen da; izan ere, langileak entitatearen jabe ere badira. 2024ko itxierako datuen arabera, erakundeak balantze orekatua du: 31.453 milioi baliabide kudeatu ditu, eta 15.124 milioi ditu inbertituta kredituetan. Horietan, kaudimen-maila handiak nabarmentzen dira: % 24,85eko CET1 ratioa eta 285 milioi euroko irabazi garbi bateratuak, zergak ordaindu ondoren.
Sinatzeko protokolozko ekitaldian, SEAko presidente Juan Antonio Sánchez Corcherok LABORAL Kutxak bat egin izanak duen garrantzia azpimarratu du, eta gogora ekarri du finantzaketa behar-beharrezkoa dela enpresentzat, beren proiektuak abian jartzeko eta, beren jarduerarekin eta sortutako enpleguekin, Arabako hazkundea sustatzeko.
Bestalde, MONDRAGONeko kreditu-kooperatibako zuzendari komertzial Susana Andrések poza adierazi du SEAn sartu izanagatik: horren bidez, Arabako enpresa-sarearekin duen konpromisoa berretsi du LABORAL Kutxak, SEAren jarduera-esparruaren garapen ekonomiko eta industrialean lagundu dezaketen ekimenetatik hurbilago egoteko helburuarekin.
Era berean, SEArekin eta haren enpresa elkartuekin baterako ekimenak sustatzen jarraituko du Entitateak, eta, ildo horretan, aholkularitza pertsonalizatuko planak, zabalkunde-jarduerak eta prestakuntza-ekintzak ezarriko ditu, tokiko kohesioa sustatzeko eta Arabako enpresa-ekosistemaren ezagutza ekonomiko eta finantzarioa aberasteko.