Menu

Laboral  Kutxa  Prentsa  aretoa

Prentsa oharrak

LABORAL KUTXAK ETA MEXIKOKO BANORTE BANKUAK LANKIDETZA HITZARMENA SINATU DUTE

  • Akordioa onuragarria izango da LABORAL Kutxako bezeroak diren enpresa guztientzat, Banorte izango baita kreditu-kooperatibaren Mexikoko finantza-adarra
 
  • Banorte Mexikoko hirugarren erakundea da gordailuei dagokienez. 122.000 milioi dolarreko aktiboak, 1.250 bulego eta 27.000 langile ditu
 
  • Hitzarmen hau LABORAL Kutxak beste erakunde batzuekin sinatutako akordioei gehitzen zaie: Crédit Cooperatif-BPCE Taldea (Frantzia), Raiffeisen International (Austria, eta Europako Erdialdea eta Ekialdea) eta National Cooperative Bank (Estatu Batuak)

 

Arrasate, 2016ko martxoaren 4a.– LABORAL Kutxa eta Grupo Financiero Banortek (GFNorte) aldebiko lankidetza-hitzarmena sinatu dute, Euskadiko enpresei lurralde aztekara iristen eta han ezartzen laguntzeko, beren nazioartekotze-prozesuetan.

Duela 100 urtetik gora Monterrey hirian sortua, BANORTE Mexikoko hirugarren banku-erakundea da gordailuak kontuan hartuta, eta laugarrena kredituei erreparatuta. 2015. urtearen amaieran, banku horrek 122.000 milioi dolarreko aktiboak kudeatzen zituen. Erakundeak 27.000 langile eta 1.250 bulego ditu Mexikoko herrigune nagusietan, eta finantza-estaldura ematen die banku-sektoreko 13 milioi bezerori baino gehiagori.

Sinaduraren protokolozko ekitaldia Mexiko Hirian izan da. Haraino joan den euskal kreditu-kooperatibaren ordezkaritza bat, Oscar Mugerza, LABORAL Kutxako Enpresa Negozioaren Garapeneko zuzendaria, buru izan dela. Banorteren aldetik, Ricardo Velázquez jaunak sinatu du akordioa, Nazioarteko Bankako zuzendari nagusiaren ondokoak.

(izda-dcha) Óscar Muguerza, director de Desarrollo de Negocio de Empresas de LABORAL Kutxa y Ricardo Velázquez, director general adjunto de Banca Internacional de BANORTE

(ezker-eskuma) Óscar Muguerza eta Ricardo Velázquez, akordioa sinatu ondoren

Itun horren bidez, LABORAL Kutxak aliatu transnazional egonkorra lortu du, euskal enpresek banku-prozedurak egin ditzaten, oinarrizkoak (hala nola kontu bat irekitzea) nahiz zailak (epe laburreko eta luzeko finantziazioa). Horretarako, gainera, Mexikon jarduten duten euskal enpresek LABORAL Kutxaren laguntza izango dute: bai filiala zuzenean finantzatuz, bai BANORTErekin egiten dituen eragiketak bermatuz.

Akordioa onuragarria izango da LABORAL Kutxako bezero diren enpresa guztientzat, Banorte izango baita kreditu-kooperatibaren Mexikoko finantza-adarra. Hemendik aurrera, amaitu egingo dira enpresen ohiko arazoak: kreditu-historialik ez izatea, atzerriko inbertsioen kudeaketako espezialistekin zuzenean hitz egin ezin izatea…

Egoitza Arrasaten duen kreditu kooperatibak beste erakunde batzuekin sinatutako akordioei gehitzen zaie hitzarmen hori. Hauek dira LABORAL Kutxarekin akordioa egin duten beste erakundeak: Crédit Cooperatif-BPCE Taldea (Frantzia), Raiffeisen International (Austria, eta Europako Erdialdea eta Ekialdea) eta National Cooperative Bank (Estatu Batuak).

LABORAL Kutxak nazioartekotze-prozesuko etapa guztietan eman nahi die zerbitzua enpresei, bai finantzen ikuspuntutik (tokiko bankuekin aldebiko akordioak sinatuz), bai aholkularitzaren ikuspuntutik, mundu osoan (Estatu Batuetan, Mexiko, Brasil, Errusia, Txina, India eta Vietnam) dituen nazioarteko ordezkaritzen laguntzarekin. Estrategia horri jarraituz, LABORAL Kutxak akordioak egiten ditu nazioarteko bankuekin, hala nola Banorterekin.

Mexikok 119 milioi biztanleko barne-merkatua du, eta industriarako herrialde estrategikoetako bat da; Estatuko 2.000 enpresak baino gehiagok filialak dituzte Mexikon, eta haietatik, 112 Euskal Autonomia Erkidegokoak dira. Mexikoko industriaren sektore nagusiak automozioa, aeronautika eta energia dira.

Halaber, ikuspuntu estrategikotik, Mexiko Estatu Batuko merkatura iristeko toki geografiko pribilegiatua da, NAFTA akordioari esker. Ildo horretan, Banorte 2006an hasi zen Estatu Batuetan ezartzen. Urte hartan, Texaseko Inter National Bank (INB) erosi zuen, eta gerora, Estatu Batuetako beste bi konpainia erosi zituen: Motran Kalifornian eta Uniteller New Jerseyn.

Euskal enpresek Mexikorekiko egindako inportazio eta esportazioei buruzko datu batzuk

Mexiko Euskadiko enpresen esportazioen zerrendako hamabigarren lekuan dago. 2014an, 397 milioi euroko ondasun eta zerbitzuak esportatu ziren Mexikora; hots, euskal esportazioen % 2.

Inportazioei dagokienez, Mexiko zazpigarren lekuan dago, Alemania, Frantzia, Errusia, Erresuma Batua, Txina eta Italiaren ondoren. Guztira, 785 milioi euroko inportazioak egin ziren, guztizkoaren % 5.