Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

LABORAL Kutxak eta CEBEKek aliantza bat egin dute Bizkaiko enpresen lehiakortasuna sustatzeko

  • Finantzaketa-lerro berezia gaitu da lehentasunezko baldintzetan

  • ETE-ek Finantza Gestioko Programa bat izango dute eskura, balantzeak gestionatzeari, ordaingabeak berreskuratzeari eta aurrekontuak egiteari buruz, besteak beste

  • LABORAL Kutxak LABORAL Next aholkularitza-zerbitzua jarri du abian, Europako laguntzak eskatu eta tramitatzeko prozesuan laguntzeko ETE-ei

 

Bilbo, 2022ko azaroaren 18a.– Bizkaiko ETE-ek ziurgabetasunez betetako ingurune batean egin behar diote aurre pandemiak eragindako krisiaren irteerari. Egoera hori zuzentzeko eta industria-ehunaren suspertze jasangarria lortzeko xedez, Bizkaiko Enpresarien Konfederazioak (CEBEKek) eta LABORAL Kutxak hitzarmen bat sinatu dute, CEBEKeko enpresa kideei merkataritza-arloko hainbat prestakuntza- eta sentsibilizazio-jarduera eskaintzeko eta, horrela, haien lehiakortasuna hobetzeko.

Helburu horrekin, Finantza Gestioko Programa bete-bete bat hedatzeko baterako plana sinatu dute Susana Andrések, LABORAL Kutxako zuzendari komertzialak, eta Francisco J. Azpiazuk, CEBEKeko idazkari nagusiak. Programa horrek jardunaldiak eta lantegiak hartzen ditu barne, eta euskal kreditu-kooperatibako teknikari adituek eta enpresa-gaietan espezializatutako kontsultoretza-enpresetako profesionalek emango dituzte. Era berean, hitzarmenaren arabera, finantzaketa-lerro berezia ireki da enpresentzat, lehentasunezko baldintzetan.

Honela mintzatu da Francisco Javier Azpiazu, hitzarmena sinatu eta gero: «Aliantza hau funtsezkoa da CEBEKentzat eta bere enpresentzat. Hitzarmenari esker, gure enpresak trebatu eta birziklatu egin ahal izango dira, merkataritzaren, kontabilitatearen eta finantzen alorretan. Gai horiek behar-beharrezkoak dira beti, baina batez ere orain, ziurgabetasuna nagusi baita gaur egun».

Susana Andrések, berriz, hitzarmenaren garrantzia nabarmendu du, lurraldearen ekonomia bultzatzeko eta ziurgabetasunez betetako egoera erabat aldatzeko gai diren eragileen arteko lankidetzaren adierazle gisa: «Pandemia oraindik amaitzeko dagoela, Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerra hasi da, eta, horren guztiaren ondorioz, ekonomia orokorra atzeraldian sartzear dago; azken hamarkadetan ezagutu ez dugun inflazio-maila dago, eta horrek ondorio negatibo nabarmenak ditu gure enpresa askorentzat».

Gauzak horrela, irtenbideak emateko konpromisoa hartu du LABORAL Kutxak, enpresek garapena sendotzeko eta merkatura bideratzeko erraztasunak izan ditzaten. Horretarako, funtsezkoa iruditzen zaio Europako Next Generation EU funtsak eskura izatea; izan ere, 140.000 milioi euro iritsiko dira Espainiara, produkzio-ehuna birsortuko duten erreformak eta inbertsioak egiteko eta, horrela, hazkunde ekonomikoa mugatzen duten arazoak arintzeko.

Helburu horrekin, aholkularitza espezializatuko unitatea sortu du LABORAL Kutxak —LABORAL Next—, laguntza-ildo nagusietara jotzeko erraztasunak emateko enpresei. Zerbitzu berri horrek ETEak aholkatzen ditu, haien proiektuak berreskuratze-funtsetarako ezarritako helburuetan nola txertatzen diren jakin dezaten, eta, dagokionean, laguntza teknikoa ematen die, aurreikusitako deialdietako eskakizunen arabera prestatu eta aurkez ditzaten proiektuak.

 

 

2022rako aurreikusitako ikastaro eta mintegien programa:

 

Jarduera Data Iraupena
Ikastaro praktikoa: Excelen hastapena kontabilitate- eta finantza-informazioaren gestoreentzat maiatzak 30, ekainak 1 eta 2 6 ordu (3 saio)
Lantegi praktikoak: Excel aurreratua kontabilitate- eta finantza-informazioaren gestoreentzat ekainak 29 eta 30, eta uztailak 1 6 ordu (3 saio)

 

 

Jarduera Iraupena
Web-mintegia: Leasinga eta rentinga ETE-en kontabilitate-plan orokor berrian 90 min
Jardunaldia: EXCELEKIN EGINDAKO TXOSTENEN OINARRIA: TAULA DINAMIKOAK 4 ordu
Web-mintegia: Factoringa eta confirminga Kontabilitate Plan Orokorrean, FINA 9aren ondoren 90 min
3 lantegi praktiko: ETE-AREN ANALISI EKONOMIKO-FINANTZARIOA 10 ordu (3 saio)
Ikastaroa: AGENDA ELEKTRONIKOA: LANKIDETZA-TRESNA NIRE LANEAN, ONENOTE-2016 6 ordu (2 saio)
Ikastaroa: FINANTZA-KONTABILITATEA 2021EKO KONTABILITATE-ESPARRU BERRIAREN ARABERA 18 ordu (6 saio)