Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

LABORAL KUTXAK BERE DOKUMENTAZIO ZENTROKO 17.000 ALE EMAN DIZKIO MONDRAGON UNIBERTSITATEARI, JENDEAREN ESKU JARTZEKO

  • LABORAL Kutxak bere Dokumentazio Fondoko 17.000 ale jarri ditu jendearen esku Mondragon Unibertsitatearen bidez.
  • Gainera, MONDRAGONeko kooperatiben eraketari eta hasierako urteetako jarduerari buruzko informazioa jasotzen duten 488 kaxa ere eman dizkio.
  • Dohaintza gaur burutu da, 2014ko uztailaren 21ean, LABORAL Kutxako Finantza Areako zuzendari José Antonio Unanuek eta Mondragon Unibertsitateko Enpresagintzako dekano Lander Belokik sinatutako hitzarmenaren bidez.

Oñati, 2014ko uztailaren 21a. LABORAL Kutxak bere Dokumentazio Zentroko 17.000 agiri eman dizkio Mondragon Unibertsitateari, hango liburutegian egon daitezen.Dohaintza gaur burutu da, LABORAL Kutxako Finantza Areako zuzendari José Antonio Unanuek eta Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateko dekano Lander Belokik sinatutako hitzarmenaren bidez.Agiri gehienak Caja Laboraleko Ikerketa Departamentuak eta lehengo Enpresa Dibisioak, gaur egungo LKSk, erabilitako material bibliografikoari dagozkio.

LABORAL Kutxa eta Mondragon Unibertsitatea

LABORAL Kutxako Finantza Areako zuzendaria José Antonio Unanuek eta Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateko dekano Lander Belokik sinatutako hitzarmena

Mondragon Unibertsitatea erakunde oso gaztea da, nahiz eta fakultate batzuen sorrera 1950eko hamarkadakoa izan. Beraz, bere liburutegiko oinarri bibliografikoetarako oso baliotsua izango da LABORAL Kutxak emandako funtsen antzinatasuna, batez ere 1990eko hamarkadaren aurreko urteetako aldizkari eta argitalpenen kasuan.

Dohaintza osatzen duten agirien artean honako hauek aipa ditzakegu: ikerketa ekonomikoak, estatistikoak eta sektorialak; merkatu-ikerketak; nazioarteko merkataritzari buruzko argitalpenak eta estatistikak, eta merkaturatze-planetarako erabilitako beste informazio-iturri batzuk; produktu-zundaketak edo bideragarritasun-ikerketak, Enpresa Dibisioak egindakoak; eta Ikerketa Departamentuak bere ekonomia-txostenak egiteko erabilitako oinarrizko informazioa.

Azpimarratzekoa da euskal ekonomiari eta bere industria-sektoreei buruzko informazio-iturrien ugaritasuna.

Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatearekin egindako hitzarmenenari esker, agiri horiek guztiak Oñatin egongo dira eskuragarri ikasle eta ikertzaile guztientzat. Izan ere, Enpresagintzako agiri-oinarrietan sartuko dira eta ez da horiek eskuratzeko inolako murrizketarik izango. Halere, katalogazio-prozesua pixkanaka egingo da, aldizkako argitalpenetatik hasita.

LABORAL Kutxak gaur egun MONDRAGON osatzen duten hainbat kooperatibaren bideragarritasun-planei, eraketari eta abian jartzeari buruzko agiriak jasotzen dituzten 488 kaxa ere (transfer) laga dizkio Mondragon Unibertsitateari. Alabaina, bigarren informazio-bloke hori ez da eskuragarri egongo mundu guztiarentzat, MUk baimendutako ikertzaileek baino ezin izango baitute informazio hori erabili.

Bestalde, espezializatu gabeko literaturako 386 kilo liburu eman dizkio Emaúsi, berrerabiltzeko.

LABORAL Kutxa y MOndragon Unibertsitatea