Prentsa oharrak
LABORAL KUTXAK 76,4 MILIOI EUROKO MOZKIN BATERATUA LORTU DU 2019KO LEHEN SEIHILEKOAN
Kaudimen-maila altuak (% 18,38 CET1 ratioa) eta likidezia-posizio lasaiak (% 71,1eko LTD ratioa) ezaugarritzen dute Entitatea
Berankortasun-tasa % 4,14koa da, sektorearen batez besteko tasa baino nabarmen txikiagoa, % 5,65 maiatzean
Negozio-bolumen metatua 1.373 milioi euro hazi da abendutik hona, % 3,92
2019ko abuztuaren 1a.– LABORAL Kutxak azken ekitaldietako ibilbide positiboari eutsi dio 2019ko lehen zatian, eta emaitzak pixka bat hobetzea ere lortu du ingurune zail honetan; izan ere, interes-tasa negatiboek eta kreditua suspertzeko lehiak finantza-marjinak zabaltzea zailtzen dute, eta bere horretan jarraitzen du, beraz, banku-negozio tipikoan emaitzak sortzeko mugaketak.
Alabaina, testuinguru zorrotz horretan ere, 2019ko lehen sei hiletan metatutako mozkin garbia 76,4 milioikoa izan da, % 0,9ko hazkundea tarteko. Era berean, negozio agregatuaren guztizko bolumenak 1.343 milioi euroko hazkunde garbia izan du seihilekoan; hau da, % 3,92 hazi da joan den abendutik hona.
Kaudimen- eta likidezia-mailek oso altuak izaten jarraitzen dute, % 18,38ko CET1 ratioak eta % 71,10 LTD ratioak erakusten duten bezala. Berankortasun-tasak beherako bidean jarraitu du eta % 4,14an dago, sektorearen batez besteko mailatik (% 5,65 maiatzaren amaieran) oso behera.
Emaitza-kontua
Interes-marjina 122 milioikoa izan da, 2018ko aldi berean baino % 2,12 txikiagoa. Errentamenduen kontabilitateari buruzko NIIF16 araudi berriaren inpaktua eta Euriborraren bilakaerak hipoteka-zorroan izan duen eragina dira, hein batean, jaitsiera horren eragileak.
Entitateak gestioan erabili ohi duen zuhurtasun-irizpideei eutsiz hartu dituen neurrien artean aipa daiteke zorroko errenta finkoen erosketak muga-egunera sailkatu izana. Horren ondorioz, nabarmen murriztu da seihilekoko finantza-eragiketen emaitza. Komisioengatik lortutako 51,5 milioi euroak eta dibidenduen eta beste finantza-eragiketa batzuen kontzeptupean lortutako 26,5 milioi euroak bilduta, marjina gordina 200,1 milioi eurokoa izan da, 2018ko ekainean lortutako zenbatekoa baino % 5 gutxiago.
Kostuak efizientziaz kudeatzen jarraitzen du LABORAL Kutxak. Adibidez, administrazio-gastuak 110,6 milioi eurokoak izan dira, 2018ko epealdi berean baino % 2,1 gutxiago.
2019ko lehen seihilekoan mozkin bateratu garbia % 0,9 hazi da iazko lehen seihileko emaitzaren aldean, amortizazioen kalkuluari dagozkion 10,8 milioi euro eta hornidurei, saneamenduei, narriadurei eta zergen kalkuluei dagozkien 2,3 milioi euro kendu ondoren. Horiek horrela, Entitateak 76,4 milioi euroko mozkina lortu du seihilekoan, kooperatibaren gizarte-ekintzetarako fondoei dagokien esleipena egin aurretik.
Berankortasuna murriztu egin da
Arriskuen gestioa eta aktiboen kalitatea Entitatearen bi indargune nabarmen dira, kalifikazio-agentziek behin baino gehiagotan azpimarratu duten bezala. Hala, berankortasun-tasak beherako bidean jarraitzen du eta % 4,14ra jaitsi da, sektorearen batez besteko tasaren (% 5,65ekoa, maiatzeko azken datua) oso azpitik.
Kaudimen handia
LABORAL Kutxak oso kaudimen-maila altua erakutsi izan du beti. Zehazki, % 18,39ko kaudimen-maila du, lehen mailako baliabide propioak arriskuaren arabera haztatutako aktiboekin alderatzen dituen Common Equity Tier (CET1) adierazlearen bidez neurtuta. Datu hori kalkulatzeko, ez dira kontuan hartu lehen seihileko honetan sortutako emaitzak.
Likidezia lasaia
LTD (Loans to Deposits) ratioa % 71,10ekoa da, eta LCR (Liquidity Coverage Ratio) ratioa, entitateak epe laburreko konpromisoei aurre egiteko gaitasuna neurtzen duena, berriz, % 444,8koa. Banku-negoziorako estandarrean arauz eskatzen den % 100eko ratioaren aldean oso emaitza positiboa, beraz.
Aurrezkiaren bilakaera
2019ko lehen seihilekoan, baliabide bitartekotu guztiak bilduta 22.928 milioi euroko zenbatekoa eskuratu du LABORAL Kutxak, 1.115 milioi euro gehiago eta % 5,11ko hazkundea lortuta iazko epealdi beraren aldean.
Inbertsio-fondoetako saldoek % 5,3 egin dute gora iazko ekainetik hona. Sektorearen batez bestekoa baino ehuneko altuagoa da, oraindik ere iazko ekainean lortutako datuetatik behera jarraitzen baitu (–% 1,33).
Aurreikuspen- eta pentsio-planen saldoek ere gorako joera erakutsi dute aldi honetan, orotara % 2,4 hazi baitira. Atal honetan garrantzi handia izan dute Biziaro aurreikuspen-planek, saldoa % 48 inguru handitu baitute azken 12 hilabeteetan.
Kreditu-inbertsioa
Bestalde, kreditu-inbertsio osoa 13.454 milioi eurokoa izan da; hau da, % 1,96ko hazkundea izan du urtarriletik ekainera bitartean.
Azken ekitaldietako gorako joeraren ildotik, Entitateak hipoteka-bermedun kreditu-formalizazio berriak erregistratu ditu, 2018ko seihileko berean baino % 5,9 gehiago. Kontsumorako maileguen formalizazioek ere % 2,7 egin dute gora seihilekoan eta, ondorioz, guztizko saldoa % 6,6 hazi da.
Enpresen atalean, urtarriletik ekainera bitartean emandako kreditu berrien ondorioz % 2 hazi da merkataritza-alorreko kreditu-inbertsioaren saldo osoa.
Aseguruen negozioa
2019ko lehen seihilekoan aseguruen negozioak 20,5 milioi euroko emaitzak eman dizkio LABORAL Kutxari, 2018ko epealdi berean baino % 3,2 gehiago.
Hiru faktore nagusik eragin dituzte emaitza positibo horiek: seihilekoan izandako ezbehar-tasa apalak, gastuen kontrol efizienteak eta primen hazkundeak.
Eraldaketa digitala
Joan den ekainean burutu da Zabaltek proiektuaren azken etapa; hau da, aplikazio nagusiak mainframe ingurunetik ingurune irekira aldatzeko proiektuaren azken etapa. Arkitektura berri horri esker, LABORAL Kutxak berme osoz egingo die aurre eraldaketa digitalak ekarriko dituen erronka teknologikoei eta negozio-alorrekoei: garapen-denborak eta kostuak murriztu egingo ditu, informazioaren gestioa optimizatu egingo du eta Open Businessek sortzen dituen ekosistema berrietara doituko du plataformen integrazioa.
LABORAL Kutxak 414.000 bezero aktibo ditu online bankan, eta nabarmentzekoa da terminal mugikorraren erabilera gero eta handiagoa. Gorako joera horixe bera ikusten da berehala emateko DISPON maileguen kontratazioetan. Finantzaketa-mota horretan, kanal mugikorrak guztizkoaren % 40 hartzen du dagoeneko. Eta erosketak finantzatzeko zerbitzuari dagokionez, geroratutako ordainketen % 63 terminal mugikorraren bidez kudeatzen da.
Ordainbide mugikorrari dagokionez, hilero 100.000 eragiketa burutzen dira. LKPay aplikazio esklusiboak bi bide eskaintzen ditu ordainketak egiteko, NFC eta Bizumen P2P, azken honek dagoeneko 128.000 erabiltzaile baino gehiago ditu, urtetik urtera % 83 hazita. Ordainbideen proposamena osatzeko, Apple Pay ordainbide mugikorra ere eskaintzen du entitateak joan den abendutik aurrera. Ordutik hona, ordainketa mugikorrez egindako eragiketak laukoiztu egin dira.
Eta berrikuntzaren eta garapen berrien esparruan, ezbehar digitalaren zerbitzua jarri du abian berrikitan LABORAL Kutxak: aseguruen onlineko atalera sartuta, negozioan edo etxean gertatutako ezbehar baten berri eman ahal izango da. Eta beste informazio ugari ere, horrekin batera: lanen egutegia, peritu eta konpontzaileekin harremanetan jartzeko bidea, parteaz arduratu den gestorearekiko mintzakidetza eta beste.
EMAITZA-KONTU BATERATUA (mila €-kotan)
2019ko 1.S | 2018ko 1.S | % ald. | |
INTERESEN MARJINA | 122.070 | 124.719 | –2,12 |
KOMISIOAK | 51.515 | 50.723 | 1,56 |
OINARRIZKO MARJINA | 173.585 | 175.442 | –1,06 |
DIBIDENDUAK, FINANTZA-ERAGIKETEN EMAITZA ETA ABAR | 26.504 | 35.296 | –24,91 |
MARJINA GORDINA | 200.089 | 210.738 | –5,05 |
ADMINISTRAZIO-GASTUAK | 110.551 | 112.933 | –2,11 |
AMORTIZAZIOAK | 10.857 | 8.565 | 26,76 |
HORNIDURETARAKO, SANEAMENDUETARAKO, BESTE NARRIADURA BATZUETARAKO ETA ZERGETARAKO ZUZKIDURA | 2.291 | 13.514 | –83,05 |
EKITALDIKO EMAITZA BATERATUA (*) | 76.390 | 75.726 | 0,88 |
(*) Kooperatibaren gizarte-ekintzarako fondoetarako zuzkidura baino lehen.
BESTE MAGNITUDE BATZUK
CET 1 (COMMON EQUITY TIER 1) KAUDIMENA | % 18,38 |
LIKIDEZIA (Loans to Deposits) | % 71,10 |
BERANKORTASUNA | % 4,14 |
.