Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

LABORAL KUTXAk 76 MILIOI EUROKO MOZKINA LORTU DU 2018KO LEHEN SEIHILEKOAN, % 4,3 GEHIAGO

  • Kredituen bultzadak eragin ditu emaitzak: hipoteka-maileguak % 14 hazi dira eta enpresentzako finantzaketa % 11

  • Berankortasun-tasa % 5ekoa da, sektorearen batez besteko % 6,7ko tasa baino nabarmen txikiagoa

  • LABORAL Kutxaren kaudimen-maila oso nabarmena da, % 17,85eko CET1

 

2018ko abuztuaren 1a.- Banku-negozioak azken garaietako ildoari eutsi dio urtearen lehen zatian; izan ere, interes-tasek hutsaren azpitik segitzen dute eta marjinen gainean presio handia egiten jarraitzen dute.

Exijentzia handiko egoera orokor horretan, LABORAL Kutxak emaitza hobetzen jarraitu du, salmenta-sarearen bultzada komertzial handiari, gastuari eusteko gaitasunari eta arriskuaren gestio egokiari esker. Elementu horiek guztiak bilduta, euskal kreditu-kooperatibak % 4,3 hobetu du emaitza, eta ekainaren amaieran 76 milioi euroko mozkin bateratu garbia bildu du, baliabide propioen gaineko % 7,59ko ROE errentagarritasuna erdietsita.

 

Emaitza-kontua

Interes-tasen egoera berezi eta iraunkorrak baldintzatu du, berriro ere, LABORAL Kutxaren emaitza-kontua. Azken ekitaldietan gordailuen kostuak behera egin arren, horrek ez du orekatu maileguen interesetan izandako beheraka eta, horrenbestez, bankuaren ohiko diru-sarrerak sortzeko gaitasuna murriztu egin da. Euriborrari lotutako hipoteka-zorroa nagusi duen interes-marjina 127 milioi eurokoa izan da, 2017ko garai berean baino % 1,9 txikiagoa.

Komisioen atalak izan duen portaera onari esker (% 6,8 egin dute gora), oinarrizko marjina 175,4 milioikoa izan da, 2017ko ekainean baino % 0,5 handiagoa.

Marjina gordinari dagokionez, 210,7 milioi eurokoa izan da eta, ondorioz, % 7 egin du behera urtetik urtera. Dena dela, termino homogeneoetan alderatuz gero, errenta aldakorreko plusbalioak kontabilizatzeko egungo IFRS9 kontabilitate-araudiari jarraikiz, marjina gordinak bilakaera positiboa izan du; zehazki, % 6,3ko hazkundea izan du.

Gastuei eusten ere jakin du kooperatibak. Adibidez, administrazio-gastuek % 1,2 egin dute behera 2017ko epealdi beraren aldean.

Horniduretan, saneamenduetan, narriaduretan eta zergen kalkuluetan 13,5 milioi euro kontabilizatu ondoren, 2018ko lehen seihilekoan mozkin bateratua % 4,3 hazi eta 75,7 milioi eurotara iritsi da, kooperatibaren gizarte-ekintzetarako fondoei dagokien esleipena egin aurretik.

 

Berankortasun txikia eta kaudimen handia

Arriskuaren gestio egokia izan da betidanik LABORAL Kutxaren ezaugarrietako bat. Entitateak aitortutako kreditu eta berme guztien saldo biziaren aldean, zalantzazkotzat jotzen diren eragiketen zenbatekoa sektorearen batez bestekotik oso behera dago. Azken honek arrisku-kostu urrian eta zalantzazko ratioetan badu bere isla. Berankortasun-tasak beherako bidean jarraitu du eta % 5ean dago, gordailu-erakundeen batez besteko mailatik (% 6,7 maiatzaren amaieran) oso behera.

Kaudimenaren aldetik, punta-puntako lekuan jarraitzen du LABORAL Kutxak. CET1 (Common Equity Tier 1) kalitate goreneko kapitalaren ratioak, finantza-erakundeen sendotasuna zehazten duenak, % 17,85an kokatu da-eta.

 

Likidezia handia

Balantzeko gordailuen eta kredituen arteko erlazioa dela eta, LABORAL Kutxa likidezia-egoera bikainean dago: LTD (Loans to Deposits) ratioa, zehazki, % 79,8koa da, eta, era berean, epe laburrerako LCR likidezia-ratioa (Liquidity Coverage Ratioa), erakundeak aktiboen zati bat erraz eta bizkor eskudiru bihurtzeko gaitasuna neurtzen duena, % 400,7koa da, erreferentziako ratioa % 100ekoa izanik.

 

Aurrezkiaren bilakaera positiboa

LABORAL Kutxak gestionaturiko baliabide guztien baturak 1.368 milioiko hazkundea izan du urtetik urtera eta 21.676 milioi eurotara iritsi da; hortaz, % 6,7koa izan da hazkundea.

Balantze barruko hazkunde nagusiak ageriko kontuetan bildu dira, % 11,3 egin baitute gora. Eta balantzetik kanpoko figurei dagokienez, inbertsio-fondoen bilakaera nabarmentzen da, % 20,7ko hazkunde garbia izan baitute. Era berean, azpimarratu egin behar da zorroen aholkularitza-zerbitzuaren inbertsio-fondo esklusiboetan bildu dela batez ere hazkundea.

 

Familien eta enpresen inbertsioa

Urtearen lehen erdian emandako kredituen gorakadak eragin du, batez ere, jardueraren hazkundea. Seihilekoan formalizatutako hipoteken bolumena % 14,1 hazi da. Urteko lehen seihilekoan formalizatutako kontsumo-kredituen saldoa % 4,5 hazi da aurreko ekitaldiaren aldean.

Merkataritza-alorrean, enpresei emandako kredituen, maileguen eta leasingaren bolumenak % 11 egin du gora 2017ko ekainaren aldean.

Dena dela, palanka-efektu alderantzikatuko prozesuak eta zorraren stockaren beherakadak iraun egiten dute, batez ere familien esparruan. Amortizazioen erritmoa oraindik handiagoa da produkzio berriena baino. Hori dela eta, bezeroei emandako kreditu guztien bolumena 13.372 milioi eurotara jaitsi da, % 0,7 urtetik urtera.

 

Aseguruen negozioa

Aseguruen negozioak 19,8 milioi euroko emaitza globalak ekarri ditu lehen seihilekoan eta % 14,1eko hazkundea izan du, beraz, 2017tik hona. Primen hazkundeak eta gastuaren kontrolak eragin dute, batez ere, emaitza on hori.

 

Banka omnikanala

LABORAL Kutxak 380.000 bezero aktibo ditu online bankan. Gailuei erreparatuta, terminal mugikorrak izan du hazkunderik handiena, eta dagoeneko PCen gainetik kokatu da. Gailu guztietara egokitzen den responsive online bankako sistema abian jartzeak zerikusi handia izan du horretan. Hala, enpresa-bezeroak kanpo utzita, mugikorra erabiltzen duten bezero partikularrak ordenagailua erabiltzen dutenak baino % 20 gehiago dira.

Kanal mugikorraren bilakaera hori bera ikus daiteke berehala eta paperik egin behar izan gabe ematen diren DISPON maileguen kontratazioetan. Izan ere, gaur egun gehiago dira mugikorraren bidez kontratatutako halako maileguak, beste edozein kanalen bidez kontratatutakoak baino.

Ordainketak egiteko bi bide (P2P Bizumekin eta NFC mugikor ordainketa) eskaintzen dituen LKPay LABORAL Kutxaren aplikazioari dagokionez, dagoeneko 70.000 erabiltzaile baino gehiago ditu.

Erakundearen eta bezeroen arteko komunikazio-fluxuan paperezko posta saihesten duen Postamail zerbitzuari dagokionez, 500.000 erabiltzaile ditu dagoeneko. Eta alerta-zerbitzuari dagokionez, 350.000 erabiltzaile ditu. Horietatik % 47k app jakinarazpenen bidez jasotzen dituzte.

Ikuspegi kualitatibotik, ekainera arte izan den merkaturatzerik garrantzitsuena Argitu izan da (finantza pertsonalak autogestionatzeko eta sarrerak eta irteerak, aurrezkiaren bilakaera eta abar kontrolatzeko plataforma berria da). Era berean, etxeko asegurua tarifikatzeko online sistema berritzailea ere merkaturatu dugu. Bi datu soilik emanez (posta-kodea eta etxebizitzaren metro koadroak) berehala kalkulatzen du aseguruaren prezioa.

 

 

EMAITZA KONTU BATERATUA (mila €-kotan)

 

  2018ko
1Sa
2017ko
1Sa
% ald.
INTERESEN MARJINA 124.729 127.082 -% 1,9
KOMISIOAK 50.723 47.495 % 6,8
OINARRIZKO MARJINA 175.452 174.577 % 0,5
DIBIDENDUAK, FINANTZA ERAGIKETEN EMAITZA ETA ABAR (1) 35.296 51.961 -% 32,1
MARJINA GORDINA (1) 210.738 226.538 -% 7,0
ADMINISTRAZIO-GASTUAK 112.933 114.336 -% 1,2
AMORTIZAZIOAK 8.565 9.397 -% 8,9
HORNIDURETARAKO, SANEAMENDUETARAKO, BESTE NARRIADURA BATZUETARAKO ETA ZERGETARAKO ZUZKIDURA 13.514 30.168 -% 55,2
EKITALDIKO EMAITZA BATERATUA (2) 75.726 72.637 % 4,3

 

(1) Termino homogeneoetan, errenta aldakorreko plusbalioak kontabilizatzeko egungo IFRS9 kontabilitate-araudiari jarraikiz, marjina gordinak % 6,3ko hazkundea izan du.
(2)  Gizarte-ekintzetarako fondoei dagokien esleipena egin aurretik.

 

 

BESTE MAGNITUDE BATZUK

CET 1(COMMON EQUITY TIER 1) KAUDIMENA % 17,85
LIKIDEZIA (loans to deposits) % 79,8
BERANKORTASUNA % 5