Menu

Laboral  Kutxa  Prentsa  aretoa

Uncategorized @eu

LABORAL KUTXAK 67,7 MILIOI EUROKO MOZKIN GARBIA LORTU DU 2016ko LEHEN SEIHILEKOAN

                • Berankortasun-tasa %6,51koa izan da, 2012ko apirilaz geroztik erregistratu den mailarik apalena
                • Erakundearen kaudimena oso nabaria da, %16,25 CET1 fully loaded ratioak adierazten duen legez
                • Seihilekoan nabarmen hazi da emandako kredituen kopurua: hipoteka-maileguen formalizazio berriak % 31,5 hazi dira eta kontsumorako maileguen formalizazioak % 17,1

 

                • 100.000 bezerok baino gehiagok erabiltzen dute joan den ekainean abiarazitako mugikorrerako aplikazio berria

 

 

2016ko abuztuaren 2a.- Oro har, 2016ko lehen erdiak 2015eko joerari eutsi dio; hala, finantza-marjinak are gehiago estutu dira, batetik interes-tasak % 0 inguruan jarraitzen duelako eta, bestetik, kreditu-erakarpenak suspertzeko presioaren ondorioz. Gauzak horrela, bankan ohikoak diren emaitzak sortzeko muga nabarmenak egon dira.

Zorroztasun handiko testuinguru horretan, LABORAL Kutxak % 1,1 handitu du zerga-ondoko emaitza bateratua, aurreko ekitaldiko epealdi berean lortutakoarekin alderatuz. Izan ere, 2016ko lehen sei hilabeteetan 67,7 milioi euroko egotzitako mozkin garbia eskuratu du eta, gainera, negozio bolumenak % 1,6 egin du gora, 525 milioi hazita. Kaudimen maila, %16,25 CET1 fully loaded, eta likidezia maila, %85,1eko LTD, oso nabarmenak izaten jarraitzen dute, eta bereziki azpimarratzekoa da % 6,51ko berankortasun-tasa, 2012ko apiriletik hona izandako maila apalena.

 

Likidezia

 

Bere bezeroen aurrezki-saldoek % 4 gora egin ondoren, LABORAL Kutxak likidezia-egoera sendotzen jarraitzen du, lehendik lasaia bazuen ere. Kredituen eta bezeroen gordailuen arteko erlazioa (Loans to Deposits) % 85,1ekoa dela aintzat hartuta, txikizkakoen eta enpresen merkatuetan inbertsiogile izateko bokazioan urrats gehiago egiteko indartsu dago.

 

 

Berankortasuna

 

Arriskuen gestioa da Entitatearen indargune handienetako bat, kalifikazio-agentziek behin eta berriro agerian jarri dutenez. Berrikitan, AEBko Standard&Poor’s sozietateak LABORAL Kutxaren arrisku-profil egokia baloratu, eta beraren aktiboen kalitatea “batez bestekotik gora” dagoela adierazi du. Hala, berankortasun-indizeak beherako bidean jarraitzen du eta % 6,51n kokatu da, 2012ko apiriletik hona izan den daturik baxuena. LABORAL Kutxaren magnitudeak sektorean baino askoz beherago daude, sektore osoaren batez bestekoari erreparatuz, % 9,89ko ratioa erregistratu baita. Gainera, kreditu kooperatibaren arrisku-politika zuhurraren adierazle, kaudimengabezietarako estaldura % 69,29koa izan da, finantza-sektorean aurtengo maiatzean zegoen batez besteko estalduratik (% 57,96) oso gora.

Kaudimena

 

Common Equitiy Tier 1 (CET1) fully loaded terminoetan neurtuta (hau da, arriskuen arabera haztatutako aktiboekiko lehen mailako baliabide propioen maila irudikatzen duen ratioari erreparatuta), LABORAL Kutxaren kaudimena nabarmentzeko modukoa da: %16,25 ekaina ixtean.

 

 

Kreditu inbertsioa

 

Bezeroei emandako kreditu osoa 13.622 milioi eurokoa izan da, 2015eko ekitaldiaren amaierako maila mantenduz (-%0,1).

 

Lehen seihileko honetan, Entitateak gorakada esanguratsuak izan ditu formalizazioetan. Hala, urtarriletik ekainera bitartean, hipoteka-kredituen formalizazio berriak 2015eko aldi berean baino % 31,5 gehiago izan dira. Kontsumo-maileguen formalizazio berriek ere gora egin dute: iazko lehen seihilekoan baino % 17,1 gehiago, zehazki.

 

Merkataritzaren alorrean, urtarriletik ekainera bitartean enpresei emandako kreditu berrien saldoa % 2 hazi da, 2015eko lehen seihilekoaren aldean.

 

Aurrezkia

 

Baliabide bitartekotuen bolumen osoa (partikularren, enpresen eta erakunde publikoen saldoak barne) 19.292 milioi eurokoa izan da, 2015eko seihileko berdinean baino % 4 gehiago.

 
Emaitza kontua

 

Seihilekoko emaitzak aztertzean, egungo egoera ezaugarritzen duen elementu garrantzitsu bat aipatu behar dugu ezinbestean: interes-tasek minimo historikoetan jarraitzen dutela; izan ere, egoera horrek nabarmen zailtzen du banku-gestioa. Halere, LABORAL Kutxak errentagarritasun-maila egokiari eutsi dio eta 144,3 milioi euroko interesen marjina eskuratu du. Horri komisioek, dibidenduek eta beste finantza-eragiketa batzuek ekarritako sarrerak gehitu behar zaizkio eta, guztiak bilduta, 218,9 milioi euroko marjina gordina lortu du.

 

Gastuari eusten eta efizientzia hobetzen egindako ahaleginari esker, administrazio-gastuak 119,9 milioi eurokoak izan dira, 2015eko aldi berean baino % 1,5 gutxiago. Zuzkidurak eta saneamenduak kontabilizatu eta 15,6 milioi euroko narriadurak xurgatu ondoren, zerga-aurreko emaitza bateratua 73,4 milioi eurokoa izan da. Zergak kendu ondoren, berriz, 67,69 milioi euroko mozkin bateratua lortu dugu, iazko lehen seihilekoan baino %1,1 gehiago.

  
Aseguruen negozioa

 

LABORAL Kutxak bereizgarri zehatz bat du finantza-merkatuan, Banka eta Aseguruak biltzen dituen proposamena eskaintzen baitu. Entitateko profesionalen sare propioak bezeroen beharrizanei egokitutako aholkuak eskaintzeaz gain, aseguruetan espezializatutako zerbitzua ere proposatzen du. Bezeroen gogobetetasunari buruzko datuek ereduaren arrakasta baieztatzen dute: ezbeharren bat jasan duten bezeroei 2015ean egindako inkestaren arabera, ezbeharraren gestioarekiko duten gogobetetasuna 10etik 8,31koa izan da.

 

Aurreko pasartean adierazitako alderdi kualitatibo guzti hauek emaitzetan ere eragina izan dute. Hala, 2016ko lehen sei hilabeteetan 87,3 milioi euroko primak lortu dira aseguru-negozioan, batez ere auto-aseguruetako primek (% 5,6ko igoera 2015eko aldi berarekin alderatuz), etxe-aseguruetako primek (% 3,9ko igoera) eta bizitza-arriskuko primek (% 6,8ko igoera) bultzatuta.

 

Horrenbestez, aseguruen negozioak 12,9 milioi euroko emaitza globalak izan ditu urtearen lehen erdian.

 

 

KANAL ANIZTASUNA

 

LABORAL Kutxak 330.000 erabiltzaile ditu urruneko kanaletan. Joan den ekainean mugikorretarako aplikazio berri bat abiarazi zen eta, hilabete bakar batean, 100.000 bezerotik gora bihurtu dira online banka mugikorraren erabiltzaile aktibo.

 

Aplikazio berria arina eta erabilerraza da, eta bezeroek izan ditzaketen egoeretarako aukera esklusiboak nahiz irtenbideak eskaintzen ditu. Esate baterako, azpimarratzekoak dira aseguruei lotutakoak (garabiari dei egitea, ezbehar baten berri ematea edota sarrailagile bati deitzea); txartelei lotutakoak (erosketak geroratzea, mugak handitzea, blokatze automatikoak); eta push mezularitza edota bezeroentzat aurretiaz zehaztutako mezuak, aplikazio mugikorrean sartzeko premiarik gabe.

 

Entitatean urruneko kanalek oso bilakaera handia izan dute azken aldian. Adibide bat ematearren, DISPON aurre-emandako kontsumo-maileguen % 70 urruneko kanalen bidez formalizatzen da, eta mailegu-modalitate horren kontratazioen % 11 zuzenean terminal mugikorren bidez gauzatzen da.

 
 EMAITZA KONTU BATERATUA (mila €-kotan)

 

  2016 – 1.seih. 2015 – 1.seih. Ald. %-kotan
INTERESEN MARJINA 144.335 163.020 -% 11,5
KOMISIOAK 47.882 49.423 -% 3,1
DIBIDENDUAK, FINANTZA ERAGIKETEN EMAITZA ETA ABAR 26.679 33.026 -% 19,2
MARJINA GORDINA 218.896 245.469 -% 10,8
ADMINISTRAZIO GASTUAK 119.966 121.849 -% 1,5
AMORTIZAZIOAK 9.962 10.186 -% 2,2
HORNIDURETARAKO, SANEAMENDUETARAKO ETA BESTE NARRIADURA BATZUETARAKO ZUZKIDURA 15.555 40.138 -% 61,2
ZERGA AURREKO EMAITZA 73.413 73.296 % 0,2
MOZKINEN GAINEKO ZERGA 5.725 6.331 -% 9,6
EKITALDIKO EMAITZA BATERATUA 67.688 66.965 % 1,1

 

 
BESTE MAGNITUDE BATZUK

 

COMMON EQUITY TIER 1 (CET 1) – %15,34 phased-in %16,25 fully loaded
LIKIDEZIA (loans to deposits) %85,1
BERANKORTASUNA %6,51